`Begi bakartia´ eta beste hainbat poema eta irudi

Oskar Benasen irudi batzuk jaso genituen lehenbizi. Andreas Baader eta Gudrun Ensslin-engana jo genuen ondoren. Hemen duzue emaitza. Hiru palestinar olerkari garaikideren olerkiak euskarara ekarriak: Aiman Ghabarijeh, Walid Xeikh eta Nahwan Darwix-en poema bana. Eta bestetik, Alexandr Puxkinen bi poema. Guztiak, Benasen begiradapean jasoak.

Andreas Baader eta Gudrun Ensslin
[UMPS-angiolillo pamphletistInen]
http://zuzeu.com/author/Andreas-Gudrun
andreasetagudrun.wordpress.com





Aiman Ghabarijeh
BEGI BAKARTIA

Gutako batek bere lurra galdu zuen hemen
orain buztinezko hatz-marka batek inguratzen gaitu,
fronteko begi bakartia.
Orain erraustu da,
buztinaren alboko betile erauziak
negar egingo balitu bezala,
orain betazalak itxi ditu.

Alexandr Puxkin
NIK MAITE ZINTUDAN

Nik maite zintudan: maitasuna ez da oraindik
osoki iraungi ariman;
baina ez izan beldurrik ez zaitut ostera gogaituko,
ezta ostera atsekabetuko ere.
Nik maite zintudan hitzik gabe itxaropenik gabe;
jelosiaz eta lotsaz preso;
maite zintudan hain zintzo eta xamur
Jainkoak zu ostera maitatzea nahi lukeen bezala.

Walid Xeikh
EZ DUT DEUS

Ez dut deus oroitua izatea merezi duena

HIESik ez
Kultura edo Ingurumenaren ministro izateko
gobernuaren proposamenik ez

UNRWAren * hornimendu txartelik ez
alderdi komunistarenerik ere ez.

Kaltzioa falta zait
eta ez dut Green Cardik
ezta Ameriketarako visarik

ezta herrialde bat Apatxeen ** aurkako salaketa jartzeko.

* (F.i.o.) Libano, Siria eta Jordaniako palestinarren eremuez arduratzen den NBEren erakundea.
** (F.i.o.) Helikoptero militarra.

Alexandr Puxkin
SIBERIAKO MEHATZEEN SAKONEAN

Siberiako mehatzeen sakonean
iraunkortasun eta harrotasunez beteta,
ez da alferrikakoa izango zuen ahalegina
ezta zuen inteligentzia irrika ere.

Zorigaitzeko ahizpa fidela da
itxaropena, kartzela ilunetan
kuraia eta poza piztuko du,
itxarondako unera eramango zaituzte.

Zuenganaino helduko da
laguntasuna eta maitasuna,
preso zaudeten zeldetara helduko da
nire azentu askea.

Kate astunak lurrera jauziko dira,
presondegia hondoratuko da – eta askatasunak
goxo itxarongo zaituzte sarreran,
eta anaiek besoak zabalduko dizkizuete.

Nahwan Darwix
EKIN

“Ekin” – hala hasten da nire eguna
edonon kokatutako kamerek molestatzen naute
kameralaria segika dut komunean ere
eta beti entzuten dut: “ekin”.

Jainkoa zinema zuzendari handia da
-errealitatea sortu du-
beraren ostean, ez dago eleberri moldeko film luzeak
egin nahi dituzten zinema zuzendari txikien inolako beharrik.

This entry was posted in ai-Irudiak eta hitzak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>