EUSKAL IDAZLE IKONIKO BERRIAREN BILA

ctd_deslizador_1_4

Hots egin dit Joxean Agirrek bere GIZAJOEN KATALAGOAN liburuan aipatzen duen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailekoek aspaldi euskarazko literatura nolabait, nahiko kostata egia esanda, sustatzeko asmotan antolatutako Batzorde Bereziko komisarioetariko batek.

 

-Galdetegi bat bidali nahi genizuke etorkizuneko euskal idazle ikoniko berria nola edo hala asmatze aldera.

 

-Nola?

 

-Bai, ezta gaur egunerako, noski. Egian esanda, gaur egungo euskal idazle ikonikoa oraindik arian da, oso sasoi onean gainera. Izan ere, liburu biografiko bat egin berri diote hain gaztea izanda eta hain obra murritzarekin ere bai. Dena dela, Kultura Saileko Literatura Batzordekoak etorkizunera begira ari gara, beti, etengabean.

 

-Baina, zer da euskal idazle ikoniko bat?

 

-Ez al dakizu? Euskal Literatura ezin hobeto eta batez ere Erdal Herrian zehar ordezkatzen duen idazlea, hau da, edozein erdalduni euskal literatura kontzeptua supituan edo gogora etortzen zaionean asmatzen dituen euskal idazle baten aurreneko izen-abizenak, besteak beste ezagun duen bakarra izan ohi delako guk geuk erdal hedabideetan eta abar egindako sustapen lanari esker.

 

-Esan nahi al duzu euskal idazlerik ederretsiena, kritikak, baina batez ere idazlegoak zein irakurlegoak oso goraipatua, Ramon Saizarbitoria, Arantza Urretabizkaia, Andu Lertxundi edota Ana Miren Meabe bezalakoak?

 

-Ummm, ba ez, ezta hori, hain zuzen ez. Horiek dira, zuk lehen adierazi bezala, oso idazle onak, saiatuak, literatura maite duten lau katuek oso estimatuak. Guk euskal idazle kuttunenaz ari gara.

 

-Zer?

 

-Bai, denok, eta agian gutxien irakurtzen dutenek batez ere, gehien esmitatzen edo maiteen ere duten euskal idazlea, euskaldunok ondoen ordezkatzen gaituena gure euskal txokotik at, gure erdal auzokoen aurrean, baita nazioartean ere.

 

-Eta ezin baldin bada idazle saiatu eta batez ere irakurle zein gainerako idazleek oso estimatu bat, nolakoa izan behar du delako euskal idazle ikonikoak?

 

-Ezer baino lehen denok ezinbestez gogoko izango dugun idazle bat, inork ezergatik arbuiatu eta batik bat gorrotatu ezin duen idazle atsegin, jator eta batez ere oso-oso euskaldun bat.

 

-Oso euskalduna?

 

-Bai, baina ez zentzu zaharrean, hau da, gaur artekoak bezala euskaldun hiri txiki edo ertain batean sortua, derrigorrezko zortzi euskal abizenak eta euskara etxean batez ere jasoa duena, hots, euskarazko kultura tradizionalaren eredu. Ez, horiek dira aspaldiko kontuak, orain arte primeran ibili direnak; baina, lehen esan bezala ere, Literatura Batzordekoak etorkizunera begira gaude eta badakigu ondo baino hobeto etorkizuneko euskaldun gehien edo bakarrak ikastolakumeak izango direla nahitaez, euskaraz bizi diren euskaldun peto-petoen esparrua gero eta murritzagoa delako. Horrexegatik ere, etorkizuneko euskal idazle ikonikoak euskal hiriburuetakoa izan behar luke derrigorrez, bertan bilduko baitira euskaldun gehienak euskaraz bizi ez izan arren, hau da, ikastolakume peto-petoa eta ziur asko mestizoa, edo gutxienez euskal kultura tradizionarekin zerikusi txikia izango duena bere burua erabat urbanoa izango den aldetik. Hori izango da gainera gure hizkuntzaren erdipurdizko bilakaera ezin hobeto islatuko duena, oso hizkera akademikoa bezain eskasa jatortasunari dagokionez.

 

-Bai, etorkizuneko euskaldun jatorra.

 

-Hala ere, hori da gutxienekoa. Euskal idazle ikonikoak gu denok ordezkatu behar gaitu ezer baino lehen. Izan ere, euskal idazle ikonikoak inor inoiz eta inondik inora aztoratu ezin duen idazle bat izan behar du ezinbestez, hau da, ezin du bere iritzia erabili inor benetan kritikatzeko edota inoren izen ona zapuzteko edo. Euskal idazle ikonikoak ezin du iritzi txarrik, negatiborik, gaiztorik eman, euskal idazle ikonikoaren esanek euskaldun guztion gustukoak izan behar dutelako nahitaez, denok bere hitzekin bate egin behar izango dugu atseginez. Azken buruan, euskal idazle ikonikoaren iritziak ezer baino lehen kanpora begirakoak izan behar dira, hau da, kanpokoek euskaldunon nondik norakoen berri izan dezaten ikuspegi beti positibo batetik, hau da, etorkizuneko euskaldunok zein guay-jatorrak eta moderno-openmindak garen asma dezaten kosta ahala kosta.

 

-Baina hori ote da beti idazle ikonikoaren iritzi propio eta guztiz transferiezina.

 

-Ez, euskal idazle ikonikoak ezingo du bere iritzia eman, euskaldun guztiona baino, ez baitu bere burua ordezkatuko, gurea baino. Horrexegatik euskal idazle ikonikoak ez du sekula nika egingo guka baizik eta batez ere tai gabe. Euskal idazle ikonikoa gure ahotsa izango da.

 

-Eta bere lana?

 

 

-Berdin digu. Liburuak idatzi behar izango ditu, jakina, batez ere erdarara behin itzulita eurrez saltze aldera derrigorrezko publizitate kanpainari esker; baina, ez da premiazko izango liburu apartak izatea, gehien jota mardulak salneurri nolabait zuritzearren. Denon gustuko liburuak, euskal gaiak ikuspegi moderno eta zabal batetik jorratzen dituztenak, berriro diot inor asaldatzeke. Liburu atseginak, irakurterrazak, hau da, edonork ulertzeko modukoak eta batez ere euskaldunei buruzko mezu mesedegarriak hedatzen laguntzen dutenak.

 

-Ez dut uste halako idazle…

 

-Melenga?

 

-Zer?

 

-Zuk aspaldi idatzi zenuen Berrian idazle melengei buruzko artikulutxo bat. Hori da gu funtsean bilaka ari garena.

 

-Euskal idazle ikonikoak melenga izan behar luke halabeharrez?

 

-Halabeharrezkoa ez, baina…

 

-Orduan nik Gabriel Arestiren alde egingo dut gaur, atzo eta biharko euskal idazle ikoniko bezala.

 

-Nik uste ez dugula elkar ulertzen.

 

-Eta ni sekula egingo ez dugulakoan nago.

 

 

Txema Arinas

Berroztin, 2020/07/29

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.