Jose Angel Irigarayk “Isiltasunaz hunatago” poesia liburua plazaratu du

Jose Angel Irigaray-k Isiltasunaz hunatago: Hitzendatzearen mentura izeneko poesia liburua plazaratu du. Hamabost urtean publikatu duen lehen liburua da, isiltasuna hautsiz isiltasuna mintzo, atzera begira baina poesiaren bilaketa etengabean iltzaturik, lerro artean doazen bulkadak aztergai. Antonella Gandini artista eta lagunak egin ditu liburuko irudiak.

Isiltasunazx300

Aurkezpenean esandakoak:

-Nik uste poesia, gehienetan behintzat, nerabezaroan edo gaztaroan hasten dela, zerk eraginda egileak oraindik ez daki; bere arragoan daudenak, bere mundutik ateratzen zaizkionak, sentipenak, bizipenak hitz bilakatzen, idazten. Zerk horrek, zerk behartzen zaituen sortzera, idaztera, kantuak egitera, horrek betidanik kezkatu nau, eta kezkatzen nau. Liburu honetan dagoen edukian ardatz da hitz bilakatze hori. Horregatik tituluko jokoa, hitzendatzea esan dut izendatu beharrean, hitz bilakatu, hitz poetiko, hitzen arteko pasarteak eta metaforak eginez.

-Laster batean konturatzen zara marginalian zaudela, eta gainera idazten duzun horrek marginaliago ezartzen zaituela. Hasieratik baduzu sentsazio hori, nahiz eta oso arrazionalizatua ez izan, marginalia hori ez ote datorren ausentzia batetik, zure baitan sumatzen duzun gabeziatik, zure baitan dagoen amildegitik, eta, batez ere, ez zarenetik.

-Ohartu gabe hasten zara idazten, hitz bilakatzen… Ohartu orduko, tartean noski irakurriz-ikusiz-ikasiz-bizituz-desiatuz-amestuz, zure baitako pathos arraro hori betetzen da. Zabaltzen duzu esparrua; hasten zara beste gai batzuetan, eskas hasieran, baina fenomeno bat jadanik agertzen zaizu: egiteko garaian iruditzen zaizu nahikoa dela, eta gainera horri esker heldu ahal izango diozula bideari, ibiltzeari, erdituko zarela eta mugarri bat sortuko duzula zure bidean. Horri esker izanen duzula aterpe eta zeri heldu, eta horri esker ere egiten duzu, nahiz eta egindakoarekin asekaitz geratzen zaren. Mugarri bat da baina ez hainbeste, baina hala ere jadanik sartuta zaude zirimola horretan: bizitu idatziz, ala idatzi bizituz.

-Marina Tsvetáyeva poeta errusiarrak zioen: “Jakintsuago bizitzaz, gutiago idazten”. Seinale beharbada osatuago zaudela, pathos hori, amildegi hori, nolabait ere beteta dagoela. Nik uste dut oso gai interesgarria dela, ez soilik poesian, literatura, kantugintzan artean eta giza jardun guztietan; azken finean horrek zerikusia du gizateriak mendeetan egin dituen gauza guztiekin: beti dago atzetik deskubritze nahi bat beharrak eraginda, egoak lagunduta, baina zientziaren kasuan gehiago da ikerketaren ondorioz, ezagutzaren ondorioz iristen zara deskubrimendu batera, eta horrek bistan da emango diola ikerlariari sekulako poza, ekarpen bat egin duelakoan. Artistaren kasuan bada ñabardura bat, nire irudikoz pathosarekin lotura daukalako: ausentziak, ez zaren horrek, izan nahi duzun horrek bultzatzen zaituela, grina horrek eraginda egiten duzula, eta behin eta berriz asekaitz jartzen zarela sormenezko bidean. Niri behintzat hori gertatu zait; egindakoak poesia diren beste kontu bat da, inportanteena motorra da.

-Hitz bilakatzeko garaian, edo kantu, edo beste edozein arte plastikoetan, beti nahi duzu hobetu pentsatuz “hurrengoan bai, lasai geratuko naiz, lortuko dut”, ez fama, ez oihartzuna, baizik eta zure buruarekiko sosegua, konformidadea. Amildegi hori beteta dagoela. Horretarako hitz hori, edo dena delakoa, gero eta egokiagoa, gero eta hobeki txertatuagoa izan behar du esan nahi duzunarekin. Hasieratik egiten dituzun gauza eskas guztien ondoren konturatzen zara ez dela zer esaten duzun, baizik eta nola esaten duzun. Eta, beraz, hitzak lotu behar dituzula esanahiarekin, eta hitzak baduela bere poesia, bere musika, bere erritmoa. Eta hor badela lanketa tekniko bat.

-Idazten ari zarela marginalian dagoen hizkuntza batean, marginaliako herri batean, loratzen zaizu hizkuntzarekiko leialtasun bat, eta oso inportantea da sortzeko garaian leialtasun hori, eta leialtasun horren ondorioz hizkuntza horrek dituen hitzak, esamoldeak, esanahiak, gero eta gehiago ikastea, horietan barneratzea, horiek lantzea, eta horiei gero eranstea modu poetiko bat, esanahi bat.

-Hitza eta poesiak duen musikari eransten zaionean kantua, eta gure herrian gertatu da azken berrogeita hamar urteetan, poesia zabaltzen da bestela zabalduko ez litzatekeen moduan. Uztarketaren eraginez lortzen da beste maila batera pasatzea. Horri uste dut garrantzia eman behar zaiola.

-Modernitatearen testuinguruan, esaten da errelato sendoak, trinkoak, garai bateko munduarekiko disgustu ilustratua adierazteko izan ohi zirela. Denboraren poderioz gainditzen ari da hori, orain gaude beste fase batean non zaila egiten zaigun gauza sendo, trinko, goitik behera lotuak egitea, horren ondorioz gertatzen zaigu askori oso fragmentario, sakabanatua, puzzle moduan idazten dugula. Barthesek deitzen dio “sintaxi diskontinuoa” egitea. Baina haririk ez dagoela dirudien arren, haririk izan badu. Nire liburuan ere hori gertatu zait. Poema hauek hasi nintzela zirriborratzen orain dela ia hamabost urte, -hamabost urte daramat hemen publikatu gabe poesia libururik-, helbururik gabe hasi nintzen, nahiko anarkiko eta gutxika hasi nintzen egituratzen. Liburu honen plazaratzearena gerotik gerora utzi dut, aitortu behar dut, zalantza nuelako gaur eguneko munduan hainbeste liburu eta gauza publikatzen direla, ni neu banabil editore laguntzen, badago horrelako lots bat, beste poesia liburu bat? Horregatik egon naiz pixka bat gerotik gerora, eta horri esker hein batean bederen iritsi naiz honetara: urteak pasatzen uzteak denbora eman dit taxutzeko, kimatzeko, konturatzeko, eta poesia bera ere beste modu batera ulertzeko. Poesia dago poesiaren barruan, poesia izan nahi duena dago poesia omen den horren barruan; konturatu naiz hitzendatzearen mentura horretan ere ikasi dudala eta beste puntu batera iritsi naizela, isiltasunaren muga horretara. Azkenean mugarri zena konturatzen zara ez zela hain mugarri. Kasik dela hondartzara joan, harean idatzi eta gero itsasgorak datorrenean ezabatzen dizula idatzi duzuna, eta hor geratzen zarela isiltasunaren mugan, zeina neretako -oraingoz behintzat- ez baita toki txarra gelditzeko.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.