Denda baten kronika literarioa

Dendaostekoak izeneko liburua argitaratu du Uxue Alberdik, Susa argitaletxearen eskutik; denda bati buruzko «kronika literarioa» osatu du. Pasa den astean aurkeztu zuen.

IMG_2670

Dendaostekoak izeneko liburua argitaratu du Uxue Alberdik, Susa argitaletxearen eskutik. Iaz, Kontrako eztarritik izeneko saiakera kaleratu zuen, emakume bertsolarien testigantzak biltzen zituena, eta 2017an, berriz, Jenisjoplin izeneko nobela. Pasa den astean aurkeztu zuen bere lan berria, Leire Lopez Ziluaga editorearekin.

Denda baten «kronika literarioa» osatu du Alberdik. Denda konkretu bat da: Pitxintxu, Elgoibarreko San Frantzisko kalean kokatua. Bi ahizpa dira bertako nagusi eta langileak: Izaskun eta Mari Jose Estibaritz. 1978. urtean zabaldu zuten, «askatasuna praktikatzeko», Alberdiren esanetan, eta era askotako gauzak saltzen dituzte bertan: liburuak, diskoak, idazteko materiala, opariak, pitxiak… Gainera, dendaostean, joste- eta brodatze-lanak ere egiten dituzte.


 

Garai baten kronika

Ziluagaren arabera, denda jakin bat izan arren, «beste denda asko»ren itzala nabaritzen da liburuko orrialdeetan, eta aipatu du, orobat, gisa horretako dendak «desagertzen» ari direla gure herrietatik. Gainera, «herrian gertatzen dena, dendan sartzen» baita, liburuak aipagai du garai bat, eta «ez bakarrik tiroak». Manifestazioak, heroinaren zabalpena, ikastolen publifikazioa, abortua… hamaika gai agertzen dira liburuan.

Ziluagak aipatu duenez, gertakari horiek denak ez dira kronologikoki azaltzen, ezpada gehikuntzaren bidez, txatala txatalaren atzetik. Hala, editorearen ustez, Alberdik, «denda jakin bat kontatzeko», dendaren erreplika bat egin du. Liburuaren tonuari dagokionean, Ziluagak nabarmendu du ez dela nostalgiarik ageri, eta umorea eta autoironia nagusitzen direla kontalarien hitzetan.

 


 

«Elkarrizketa luze bat»

Izan ere, 42 urtez denda gobernatu duten bi ahizpen ahotsak jasoko ditu irakurleak. Bi ahizparen arteko «elkarrizketa luze bat» eman dezake liburuak, hala adierazi du Alberdik; edonola ere, lan handia egon da horren atzean, idazlearen lana. 2019ko urritik 2020ko martxora bitarte, Alberdi asteazkenero bildu da bi dendariekin, bizpahiru orduz: ondoren, dena bildu eta josi du, liburuko forma eman arte.

Denera, «500 edo 600 galdera» egin dizkie Alberdik bi emakumeei: «nobela bat idazten ari naizenean pertsonaiei egiten dizkiedan galderak» bezalakoak izan dira; kasu honetan, ordea, pertsona errealei egin dizkie. Helburua: dendako «mugimendua» harrapatzea, bertako «taupada».

Hemen irakur dezakezue Alberdik aurkezpenean irakurritako testua.

 


 

Aurkezpenak

Esan moduan, liburua pasa den astean aurkeztu zuten jendaurrean; herrian bertan, beste bi aurkezpen egingo dituzte. Asteazkenean izango dira biak, hilaren 23an, 19etan bata eta 20etan bigarrena, Elgoibarreko Aita Agirre kulturgunean. Joan nahi duenak, izena eman behar du aldez aurretik, elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidean edo 943 74 16 26 zenbakira deituta. 25 lagunentzako tokia egongo da.


This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.