Unisonoa: hitza ez da esanahia

Unisonoa izeneko lana kaleratu du Ixiar Rozasek, Pamiela etxearen eskutik. Bi formadun lana da: lerro bakarreko poesia liburua, eta material sonoroa. Hitzaren, soinuaren eta ahotsaren inguruko esperimentazioaren ondorioa da lana; pieza sonoroak, gainera, elkarlanean osatu dira. Kontatu digunez, beste leku bat bilatu du sortzeko eta idazteko, esanahiaren morrontzatik eta zaratatik urrunduz.

IMG_2659

Orain dela bi aste eskas atera zenuen Unisonoa; pozik zaude?

Sentsazio politarekin nago, lanari amaiera moduko bat eman diodalako, nahiz eta badakidan ez dela amaiera bat, eta jarraitu egingo duela. Momentuz liburu-forma dauka, eta pieza sonoroena, eta hori bada zerbait. Ez neukan hain argi hori gertatuko zenik. Nire helburua ez zen liburu bat egitea, materiala sortzea baizik, orduan, bai, pozik nago, zeren lan asko izan da, nahiz eta liburu luzea ez izan. Lan handia izan da materiala sortzea; atzera eta aurrera ibili naiz, plazer handiz, asko disfrutatu dut. Oso desberdina izan da lan honen sorrera eta kreazio-prozesua, adibidez, Beltzuriarekin konparatuta. Gero, pieza sonoroekin, esperimentazio handia izan da niretzat pieza horiek egitea, eta pozik nago hor daudelako.

Beltzuria aipatu duzu, eta iruditzen zait hari bat eta lotura bat ikus daitekeela bi lanen artean; aurrekoan bazegoen ahotsari eta hitzaren materialtasunari buruzko hausnarketa, baina oraingo honetan beste modu batera landu duzu gaia. Beltzuriaren ondoren egindako proiektu bat da, ala biak joan dira aldi berean?

Proiektu bezala, Beltzuriaren ostean hasi zen: hartzen duzu koaderno txuri bat, eta hasten duzu pentsatuz agian zerbait izan daitekeela. Eta koaderno horretan jada hasi nintzen lerro bakarreko forma horretan idazten.

Hori hasieratik egon da.

Bai, hasiera-hasieratik, ez da diseinuaren gauza bat, hori da intentzionalitatearekin erabili eta ikertu dudan forma bat.

Horrela idatzi duzu.

Bai horrela idatzi dut. Beltzuria amaitu eta bi urtera sortu zen, baina egia da lerrobakarrarekin idazten hasi naizenean, Beltzuria itzultzeko prozesuan ari nintzela. Idazteko modu hori –lerroa eta esaldia, eta bat-batean bi hitz bakarrik eta beste esaldi bat erritmoaren bilaketan–, hori badago batzuetan Beltzurian, eta badago idatzi ditudan beste testu batzuetan. Gauzak esateko modu hori ez da hasten lerro bakarrarekin idazten hasten naizenean, poetikotasunaren eta erritmoaren bilaketa ez da hor hasten, hor hasten da modu kontzienteago batean: zer gertatzen da hitzaren ehundura baten bilaketa lerro bakarrean sartzen denean, nola eragiten du lerro bakar horrek hitzaren bilaketa horretan, erritmoaren bilaketa horretan, zer gertatzen da bat-batean hitzaren soinuarekin bakarrik lan egiten badut eta esanahiari ez badiot erreparatzen, edota lerroa eta esaldiaren arteko tentsioak eta mugimenduak arakatzen baditut… Hori guztia, nolabait esateko modu erradikalagoan, egiten dut hemen. Modu kontzienteagoan, modu sakonagoan, sustraira joanez.

Aurkezpenean esan zenuen, ahotsa ikertzen bada, beharrezkoa dela ahotsarekin gauzak egitea.

Beti izan naiz kontziente horretaz; ez nuen maila teorikoan bakarrik geratu nahi, praktika eta teoria uztartu nahi nituen, nahiz eta teoria niretzat oso gauza praktikoa den, egin dezakezu oso teoria praktikoa edo gorpuztua, eta horretarako ez duzu eszenatoki batera igo behar. Baina niretzat inportantea zen urrats hori ematea: uste dut, esperientzia hori pasatzen baduzu, gauzak beste modu batean behatu, ulertu eta egiten dituzula. Ahotsarekin egitearen esperientzia hori, ez da Unisonoarekin hasi, Unisonoarekin eraman dut beste toki batera, baina ibilbide luzea izan da, organikoa, gutxika egiten joan naizena; ez ditut urrats erraldoiak eman: hau probatu, gero hori, hau honekin, Maiterekin [Arroitajauregi] zerbait, gero beste batekin…

Orain zurekin hizketan etortzen ari zaizkit egin ditudan piezen irudiak, eta klaro, lankidetzak edo espazioak aldatzen badituzu, gauza bera ere aldatu egiten da; denbora tarte horretan joan naiz piezak egiten, eta orduan material hau idazten hasi nintzenean, baneukan buruan gero horrekin zerbait egitea, ez nekien nola egingo nuen, ez nekien grabatuko nituen… Hori ere forma hartzen joan da pixkanaka. Eremuak izeneko diru-laguntza eskatu nuen, eta horrek ere aukera eman zidan modu zehatzagoan pentsatzeko; bestela, modu abstraktuan, gauza asko pentsatu ditzakezu, eta gero igual ez dira egingarriak, edo oso garestiak dira, eta ni oso pertsona soila naiz, oso austeroa, gauza horiek berehala kentzen ditut burutik; sofistikazioa ez zait gehiegi interesatzen. Nahi nuen organikoa izatea zentzu horretan, prozesu batetik ateratzea, urrats erraldoiak eman gabe.

Eta badago nire bizitzako alderdi bat gutxitan aipatzen dudana intimoa delako. Urte dezente daramatzat yoga modu intentsoan praktikatzen eta ikasten, ia egunero, eta meditazioa ere modu sakonean egiten, eta hor ere ahotsa asko erabiltzen da, ez dago intentzionalitate bat, ez dago sorkuntza bat, baina konektatzen duzu zure ahotsarekin, edo antzeko zerbait, hor ere esperientziak oso pertsonalak dira. Esperientzia horrek nire idazketan ere eragina du, nire bizitzan bezalaxe, behatzeko modu bat da.

Bide horretan, argitaratutako testuez gainera, egin dituzu beste gauza batzuk, esate baterako, Plastika emanaldiak, Mursegorekin batera. Azkoitiko Matadeixen ikusi nuen horietako bat, eta gehiago irudikatzen nuen testua partitura bat bezala. Emanaldi horretako oihartzunak aditu ditut Unisonoan. Nolako harremana ikusten duzun lan horren eta Uninosoako lerrobakarraren artean?

Plastikan, Maitek eta biok topatu genuen leku bat –berak ere ez zuen horrela lan egin ordura arte–: hitzen partituretan. Nik nahi nuen hori landu, baina bakarrik ezin nuen, Maite behar nuen. Oso polita eta interesgarria izan zen horiekin esploratzea.

Plastikan, eszenak zeuden, eta bakoitzak zuen partitura bat. Zer gertatu da material horren eta liburu honen artean? Gertatu zait, idatzi ahala, etortzen zitzaizkidala hitzak, kantu bat etortzen zaizunean bezala, bat-batean ateratzen zaizu eta kantatzen duzu. Eta beste material askorekin batera, bat-batean etortzen zitzaizkidan Plastikako gauzak. Etorri, eta esan dut: sartu egingo dut. Poema bat idazten duzunean igual ez diozu hori egiten uzten zure buruari.

Etorri ahala, sartu.

Eta ez da idazketa automatikoa, beste zerbait da. Idazketa automatikoan ez zara geratzen, filtrorik gabe egiten duzu; kasu honetan filtroak gero jarri ditut, editatzean. Oihartzunak bezala ziren, erresonantziak, etortzen zitzaizkidan, eta esaten nuen: hau bai sartuko dut, hau ez. Entzumenarekin idazteak horrekin zerikusia dauka. Poema batean beste forma bat dago, beste egiteko modu bat…

Itxitasun bat?

Biribila izan behar du. Izan behar du bukaera bat, eta hemen batzuetan ez du bukaerarik, kantuetan bezala, moztu egiten da. Baina nik badakit zati bakoitzaren hasiera eta bukaera zein den, eta trantsizioak nola landu ditudan.

Pieza bakoitza banaka landu duzu?

Ia denak segidan. Baten bat banaka, Lautadan adibidez, gero Ainara LeGardonekin batera egin dudan piezarekin erabili dudan testua.

Materialtasunaz ari garela, materialki nola egin duzu, koadernoekin?

Bi koaderno karraturekin. Esan nuen: bi beteko ditut. Gero gertatu da gauza batzuk kendu edo gehitu ditudala, baina oso gutxi.

Bi koadernoak bete eta gero editatu.

Bai, editatzen ari nintzen, eta etortzen zitzaidan bat-batean beste estribillo bat, eta sartzen nuen. Utzi diot nire buruari hori egiten. Jar dezakezu barne-arau bat –esan dezakezu: bi koadernoak eta listo, edo idatziko ditut 66 lerro, edo 66 hitz…– eta horrek batzuetan laguntzen du, baina nik ez dut hala egin. Bi koaderno horietan sortu nuen materiala, oinarria, eta gero joan naiz jartzen, kentzen… kentzen batez ere.

Language korronteko poetak oso garrantzitsuak izan dira zuretzat. Kontatuko zeniguke zer interesatu zaizun haiengandik?

Oso ondo uztartzen dute poesia idaztea eta idazten dutenari buruz gogoeta egitea, oso barneratuta daukate gogoeta hori. Lyn Hejinian eta Charles Bernstein, esate baterako, dira nik gehien irakurri ditudanak eta ziur aski ezagunenak, hemen behintzat, eta haiek irakurri ahala oso islatuta sentitu naiz, lengoaiarekiko esaten zuten guztiarekin, niretzat izan zen epifania modukoa haiek aurkitzea… ze ondo, eskerrik asko existitzeagatik. Eta ulertzea batez ere beste poesia mota bat zegoela zeina ez baita esperientziaren poesia. Hor, 60ko hamarkadan, idazten hasi zirenean, language mugimenduaren inguruan, eta gauzak argitaratzen hasi zirenean beren aldizkarian, eztabaida handia izan zuten esperientziaren poesiarekin adibidez, edo poesia narratiboarekin, beste herrialdeetan egiten zen poesiarekin, beraiek oso argi zeukaten poesia lengoaia dela. Charles Bernsteinek dauka esaldi bat oso polita esaten duena poesiak hitzei ukigarritasna eman behar diela, palpability. Nik denbora luze bat neraman lengoaiaren bolumenean pentsatzen, hitzak lehengai bezala erabiltzen eta bilatzen zer zen horiek oratzea, baina ez haiek handitzeko, baizik hitzak oratzea beren hezurretara iristeko, aldi berean haien soinuarekin eta erritmoarekin. Eta mantentzen dute lengoaiaren ahalmen poetiko hori erritmoaren bitartez; oso lengoaia poetikoa dute, ez da batere lehorra. Eta horrela eginez, konturatzen zara lengoaia bera behaketa leku bihurtzen dela.

Hitza ez da esanahia. Hori ere esan izan duzu.

Bai, ahotsaren inguruan egiten dudan ikerketatik dator baieztapen hori. Hitza ez da esanahia bakarrik… Nik hori hemen oso gutxitan entzun dut. Asko poztu nintzen Joxerra Gartziak abere ba liburuaren aurkezpenean esan zuenean «hitza esanahiaren kartzelatik askatu behar dugu»; eskertu nuen. Ahotsa ikertzerakoan ere horrekin topo egin dut nire irakurketetan, Adriana Cavarero irakurtzen adibidez. Beltzurian ere, gogoeta hori presente zegoen, esanahiak toki handia badu ere. Estrata izeneko zatian bilatu nuen beste leku bat; liburuko zati zailena izan zen gainera. Unisonoan esanahia eratzen doa, jakina, ezin da esanahitik erabat ihes egin, materialen arteko mugimenduan doa zentzu hori eratzen.

Bide bat izan da.

Tartean egon dena ezagutzen ez dutenak agian harrituko dira.

Tartean egon dira performanceak, irakurketak…

Eta urteak. Urteak egon dira, eta lana. Agian ez zaude denbora guztian idazten, material gutxi sortu dut, baina destilatu bat bezalakoa da.

Noiz idatzi duzu?

Hasi nintzen 2016an, mendian oinez nindoala, Martxaundi batean. Hasi nintzen esaldiak horrela idazten, hasieran hiru esaldirekin, goikoa, erdikoa eta behekoa, baina laster hartu nuen bakarra. Mendian oinez ibiltzen hasi zen lerroaren gauza hori, beraz, oinez joaterekin ere zerikusia dauka, baina igual hori ez da hain inportantea, ez da momentu bat supituan iristen dena, igual esan behar dut mendian ibiltzen naizela 3 urte nituenetik.

Azalaren proiektu bat izan zen Martxaundi. Nolako eragina izan du zure ibilbidean Azala espazioak?

Azalan lanean egon naiz Idoiarekin [Zabaleta] hasieratik, aurretik hasi ginen lanean gu biok, pieza eszeniko batean. Esperimentazio leku garrantzitsua da Azala Euskal Herrian. Azalara iritsi aurretik lantzen ari nintzen idazketa motak partekatu ahal izan ditut bertan. Asko esperimentatu dugu hitzarekin, laborategien bitartez, idazketa beti egon da presente, bai gu bion lanetan eta bai beste batzuekin egindako esperimentuetan ere. Idazketa espazio sozial bezala lantzeko aukera izan dugu. Geuk antolatutako laborategietan aste oso bat elkartzen ginen idazketarekin harremana genuen batzuk, hemengoak eta nazioartekoak, eta bakoitzak ematen zuen saio bat eta partekatzen zuen bere materiala. Holako gauzak egin ditugu, batez ere idazketa luzatzeko, beste leku batzuetara eramateko eta beste lengoaia artistiko batzuekin edo ikerketa-moduekin harremanetan jartzeko. Unisonoakopieza batzuk hor grabatu genituen, Plastikarekin ere hor hasi ginen Mursego eta biok… Asko eman dut eta asko eman dit, nire ibilbidean leku oso inportantea da.

Nola hasi zinen pieza sonoroekin lanean?

Testua nola esan bilatzeko moduak dira piezak. Sortzen joan dira pixkanaka, ez neukan buruan ez dakit zenbat pieza egitea. Hasi nintzen liburua esateko moduak bilatzen, hor xuxurla agertu zen, agertu zitzaizkidan melodia batzuk… Hasiera batean pentsatzen nuen azkenengo bi piezak bakarrik egitea… Buelta asko, asko, asko eman dizkion lan horri. Materiala bi txandatan grabatu genuen: iazko azaroan Leónen Rafarekin [Martínez del Pozo], eta gero Azalan Maite, Ibon [RG] eta Ainararekin [LeGardon]. Entzunmugan piezak ere –xuxurlatzaileen abesbatza– hor egin genituen. Liburuarekin bezala, behin material guztia izanda, erabakiak hartzea izan da: zer jarri, zer kendu, zer utzi, non utzi, non jarri, lehena, bigarrena, hirugarrena. Gehienbat lana hori izan da. Hor entzumenaren dramaturgia moduko bat dago.

Gero lankidetzak egiterakoan ezberdina izan da bakoitzarekin. Nahi duzu hori kontatzea?

Bai, horixe galdetu behar nizun.

Maite eta Ibonekin erabaki genuen hiruok batera egitea pieza; material guztia hartu, eta erabaki genuen ausaz hautatzea zer irakurriko genuen eta nola konposatuko genuen: 1. orriko 1. esaldia, 2. orriko 2. esaldia…

Oso dibertigarriak dira pieza horiek.

Niri asko gustatzen zaizkit.

Oso deigarriak dira.

Desberdinenak dira, gehien harritzen dutenak agian.

Xuxurla nola etorri zen?

Testua esaten ari nintzela, hasi nintzen xuxurlatzen, eta asko xuxurlatu nuen, pila bat, eta zenbat eta gehiago xuxurlatu, zentzu gehiago ikusten nion.

Klik bat izan zen.

Bai, klik bat: baina nola ez zait hau lehenago bururatu! Iruñean xuxurlarekin irakurri nuen testuaren aurreragoko bertsio bat, liburu osoa, zinema batean, eta zuzeneko erabaki batzuk hartu genituen, adibidez ni ez nengoen presente eszenan. Ikuspuntu jaialdian izan zen, iaz. Hor konturatu ginen gauza askotaz: zer egin genezakeen eta zer ez. Asko lagundu zigun erabakiak hartzen.

Zer ezin zen egin, adibidez?

Ba ez daukat oso argi, ze nik oraindik horko gauza batzuk probatuko nituzke. Baina askoz sinpleagoa izan behar zuela, askoz sinpleagoa izan zitekeela, hori ikusi genuen oso argi. Gero, hortik ere testua berregin nuen atal batzuetan. Etengabe pasatu naiz piezetatik testura eta testutik piezetara, idatzia eta esanaren arteko uztartze bat egon da.

Ainara LeGardonek oso hitz politak esan zituen aurkezpenean biek egindako lankidetzaz: zure ausardia eta inprobisatzeko prestasuna txalotu zituen. Ez zeneukan egoera kontrolatzeko premiarik?

Batere ez. Gainera, ezagutzarik ere ez neukan, ez naiz musikaria eta ez naiz inprobisatzailea; inprobisatzeko asko jakin behar duzu, bai musikan, bai dantzan… Edonola ere, idazketako toki hori, erritmoarekin lan egitea, hitzen partitura horrekin, hori zerbait da, leku bat da, inprobisazioarekin ere harreman handia izan dezakeena, ez da ezagutza-leku bat eta ez da ezezagutza-leku bat. Leku horretatik egin dut lan, lotsaren geruza asko kenduz, eta esanez: hau da orain egiten ari naizena eta orain egin nahi dudana. Jarri ginen elkarrekin, materialarekin, eta horrekin lan egin genuen.

Argi zeneukan lankidetzan jardun nahi zenuela?

Bai, bai. Bakarrik ez nukeen egingo, niretzat ez zuen inongo interesik. Nik ikasi nahi nuen besteekin eta besteengandik. Hori beti daukat oso presente egiten ditudan lanetan.

Esan izan duzu gure esateko nahia, gure subjektibotasuna dela kapitalismoak gehien fetitxizatu eta harrapatu nahi duen kontuetako bat. Iruditu zait, testua horrela antolatuta, piezak xuxurlan bidez esanez, eragozpenak jarri nahi izan dizkiozula kapitalismoak gure hitzak xurgatu nahiari.

Badago nolabaiteko neke bat: hitzak-hitzak-hitzak, esanahiaren morrontza… Badago zurrunbilo horren neke bat, nirea, pertsonala. Une honetan ez dut hori erreproduzitu nahi, hori argi dago. Badago neke bat: zarata, zarata, zarata. Pauso bat egin dut atzera, eta beste toki batetik sortu dut. Badago beste modu batean idazteko eta esateko bilaketa. Kontua ez da kapitalismoa orokorrean; kapitalismoa gu gara, gure euskal literatura ere hor sartuta dago, gure kulturaren sistema osoa. Baina arrakalak egin daitezke, betiko moldeak eta patroiak aldatu, eta niri interesatzen zait leku hori. Leku mikropolitikoa edo, kontraesan horietaz kontziente izanda eta aldi berean beste leku batetik sortzen eta egiten. Ekintza leku horretatik. Hau sormen-lan bat da, eta jasotzen duenak erabakiko du nondik jaso, nondik entzun… Erabakiko du interesatzen zaion ala ez, kokatuko du nahi baldin badu…

Beste ezerekin ari al zara orain?

Badauzkat gauzak buruan, eta gainera, ez daude oso atzean, baina oraindik denbora pasatuko da horri forma eman aurretik. Badauzkat hor argi-printza batzuk, etortzen direnak, eta uste dut hortik joan daitekeela zerbait. Bitartean ari naiz artikuluak idazten, hitz asko dauzkaten gauzak, eta aldi berean irakurtzen, jakina. Azken hamarkadan idatzi ditudan artikuluak edo saiakera laburrak biltzen nabil, liburu bat egin nahian, baina presarik gabeko proiektua da. Ahotsari buruzko testuak, lengoaia, gorputza, xuxurlari buruzkoak… Isiltasunari buruzko testu bat ere argitaratu nuen aldizkari ingeles batean, eta irudimenaren inguruko ideiak lantzen ditudan beste testu bat idatzi dut Complutenseko aldizkari baterako… Agian horiekin zerbait egingo dut; nahi dut, baina ikusiko dugu.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.