Mikel Sotok “Suak pizten direnean” poesia liburua aurkeztu du

Muturreko egoeretan elkar ukitzen dute adoreak eta beldurrak, borrokak eta maitasunak, ke poteen artean lagunen begiradak bilatzean. Historia gertuan idatzi gabe geratu direnei poesia itxura eman die Mikel Sotok Suak pizten direnean (Elkar) poesia liburuan. Xabier Mendiguren editorearekin batera, Sotok Harkaitz Cano izan zuen bidelagun aurkezpenean. Bertako adierazpen batzuk jaso ditugu jarraian.

Mikel Soto

Harkaitz Cano: “Poemetako asko sutan daude, eta suaren erregaia poema bera da”.

“Ongi aukeratutako anekdota sorta batek eusten digu zutik. “Orain eta hemen / lehen pertsonan / kontatzera noan guztia / anekdotikoa da”, dio Mikel Sotok, printzipio deklarazioa den poema batean. Baina ez da hor bukatzen, berak dio “Orain eta hemen / lehen pertsonan / kontatzera noan guztia / anekdotikoa da, / ez niretzat, noski”. Anekdotaren kategoria atzeman eta harekin esperimentatzen du gora eta behera, ezker eta eskuin, lituzketen aukera guztiak agortzea bilatzen duten poema hauetan.”

“Poema hauetan jendea bizi da, eta jende berria gonbidatzen du bizitzera historiako eta istorioetako jendea bizi den poema hauetan. Poemen lerro artean politikaz, eta iraultzaz, eta maitasunaz, eta maitasuna ere baden politikaz, eta iraultza ere baden maitasun mota horretaz ari denean, haurtzaroaren printzak ageri dira han-hemenka, lekuz kanpo egotetik urrun, poemari zentzu bitalista rmatera datozen printzak. Kolorea, zentzua eta arrazoiak.”

“Gertuko garai baten kontaketa eta subjektu baten egunerokoa, hori ere bada beste gauza askoren artean poemario hau, tarteka edo aldi berean; baina egunerokoan norbere buruaz hitz egiteko adina esango nuke dela kideak oroitu eta haiekin egoteko eta elkartasunari ohore egiteko modu bat. Dei diezaiogun elkartasun diaristikoa. Batzuetan gutunak idazten ari garela uste dugu baina diario zatiak idazten ari gara, batzuetan diario zatiak idazten ari garela uste dugu baina egiaz gutunak ari gara idazten. Eta Mikeli ere hori gertatzen zaiola esango nuke, eta ederra da.”

“Poemetako asko sutan daude, eta suaren erregaia poema bera da; erretzen diren gauzei egindako gorazarre bat da poemario hau, eta erretzen diren gauzen artean gu geroni, eta gure oxidazio etengabea.”

“Bada zerbait berria, eta bada zerbait zintzoa eta gordina poema hauetan. Norbaitek esango du beharbada kontatzen duena kontatzeko harrigarria dela poesiaren generoa hautatu izana, baina nik esango nuke eraginkortasun erabatekoa lortzen duen generoa poesia dela, eta horren froga bizia dela poemario hau.”

“Bada poemario osoa zeharkatzen duen beste zerbait: adiskideekiko eta kideekiko mira, eta zoriontasunaren bilaketa xaloa. Zoriontasunaren bilaketa oro da xaloa eta, beraz, heroikoa ere bai.”

Suak-pizten-direnean_AZALA

Mikel Soto: “Liburua lehen esalditik azken esaldira arte gurutzatzen duen gaia laguntasuna da”.

“Nire belaunaldi politikoa dei genezakeena nahiko agrafoa izan da, eta hainbat esperientzia bizipen eta gertakizun ez daude apenas kontatuak. Jon Benitoren Bulkada, Xabier Silveiraren A las 8 en el bule… apenas dago ezer. Nik irakurle gisa nozitu dut falta hori, editore gisa ere sentitu izan dut, eta pentsatu nuen agian merezi zuela hutsune hori betetzeak. Pentsatu nuen egoera politiko berriak ahalbidetzen zuela zintzotasun berri batez hitz egitea. Irati Jimenezek “literaturaren zeremonia sobrenaturala” deitzen duen horretan, pentsatu nuen zintzo esertzen baldin banintzen, gauzak ondo egiten banituen eta zorte on pixka bat baldin baneukan, beharbada poema on batzuk idatziko nituela. Horregatik eseri, eta idazten hasi nintzen.”

“90eko hamarkada da nire gaztaroaren hamarkada. Oso hamarkada latza izan zen guztiontzat, baina niri dagokidanez, Iruñeko gazte batentzat, benetan hamarkada oso latza izan zen. XVIII. mendean London estaltzen zuen smog edo laino haren antzeko batek estaltzen zuen Iruñeko alde zaharra ke poteen eraginez, eta ez zen eztula izan zenezakeen gauzarik txarrena, eta ez ziren ke poteak poliziak jaurtitzen zituen gauzarik okerrenak: su errealarekin tiro egiten zuten, batzuetan airera eta beste batzuetan… ni tirokatua izan naiz beste ehunka eta ehunka Iruñeko gazte bezala.”

“Argi daukat poesia behar nuela hau kontatzeko. Egin dudan memoriaren eta arimaren araketak hori eskatzen zuen. Ez dut esaten hamaika nobela eder ezin idatzi izango zirenik, baina nik kontatu nahi nuena kontatzeko behar nuen gravitas hori nik uste dut poesian zegoela”.

“Euskal gatazkari “gure gauza”, “gure gauza tristea” edo halakoak deitzeko ohitura nire ustez pixka bat eskasa da. Nire liburu hau euskaldun gehienek konbentzioz “euskal gatazka” deitu dugun horri buruzkoa da; baten batek esango luke arrazoi osoz terrorismoari buruzkoa dela, eta beste batzuek esango lukete Euskal Herriaren askapen prozesuari buruzkoa dela; eskubide osoarekin egiten dute eta ulertzen dut zergatik egiten duten, ulertzen ez dudana da zergatik jarri den boladan eufemismo hori, jendeak erabiltzen duen ohiko esamoldea baino askoz itsusiagoa eta zehaztugabeagoa dena. Ez dut uste horrekin konformatu behar garenik, ez dakit idazle izan gaitezkeen ez bagara hobeto hitz egiteko gai, uste dut hori baino ausartagoak izan behar garela. Prozesu honetan ikasi dudan gauzetako bat, editoretzan ere beti kontutan hartzekoa, gauzak idazteko eta argitaratzeko behar den gauzarik behinena talentuaren aurretik ausardia dela, oinarrizko kalitate batez aparte.”

“Lehen hitzak geneuzkan eta orain tabuak dauzkagu. Ematen zuen hortik ateratzen ari ginela, eta orain beldurra ematen dit noraino helduko garen.”

“Gai ugari jorratzen ditu liburuak, eta haien artean bat aipatuko dut ezustean harrapatu ninduelako, hasieran ez nintzelako jabetu: liburu hau, besteak beste, adoreari buruzko liburu bat da, baina baita ere beldurrari buruzkoa. Batzuetan ez dakizu non amaitzen den bat, eta non amaitzen den bestea. Gurean egia da gatazkari buruz asko hitz egin dela, baina oso gutxi beldurrari buruz eta adoreari buruz. Nik ustez ausentzia hori garbi dago gizonezkook daukagun sozializazioan bilatu behar dela, gizarte honek daukan matxismoan erroak dituela.”

“Liburua lehen esalditik azken esaldira arte gurutzatzen duen gaia laguntasuna da: nire lagunekiko, garai batekiko burkideekiko, maitasunak eta ternezia sentimendu batek bultzatu nau. Izan da motorra, eta izan da, beti, ortzimuga”.

Laguntasuna, liburuaren zuzeneko aurkezpenetan ere

Liburua aurkezteko hiru emanaldi antolatu dituzte, hainbat musikari, aktore eta idazlek lagunduko dute Mikel Soto poemak taularatzen: Petti, Jon Alonso, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Edorta Jimenez, Irati Jimenez, Galder Perez eta Ane Zabala. Hauek izango dira datak:

-Irailak 29, Donostiako Ernest Lluch aretoan.

-Urriaren 7an, Bilboko Itsas Museoan.

-Urriaren 14an, Iruñeko Katakraken.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.