Xabier Leteren obran murgilduz

Abenduan beteko dira hamar urte Xabier Lete hil zenetik; azkenaldian bere lana ikertu duten hainbat lan plazaratu dira (ikus Alex Gurrutxagaren Xabier Lete: aberriaren poeta kantaria, edo Ainhoa Urienen Poesia, zaurien ukendu), eta segur aski datozen asteetan ere bere obra mintzagai izango da. Azkenaldian bere jaioterrian, Oiartzunen, plazaratutako bi proiekturen berri duzue hemen: Hitzen Lihoa ekimenak 2018an antolatutako “Xabier Leteren omenez” emanaldia osorik jarri du sarean, eta Oiartzungo Udalak “Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile” liburua plazaratu du.

579441_Xabier_Lete_foto610x342

Oiartzungo eliza oholtza gisa hartuta, Hitzen Lihoa kultur ekimenak omenaldia antolatu zion Xabier Leteri 2018ko abenduan. Bertan parte hartu zuten Oiartzungo hainbat artista eta musikariek, eta Xabier Lete Poesia Saria irabazitako idazleek: Luis Garde, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre, Asier Serrano. Herriko beste partaideak: Oier Guillanek aurkeztuta, Beira, Jon Bergaretxe, Begoña Bergaretxe, Joxeleon Kazabon, Oihana Lekuona, Irati Odriozola, Mirari Perez Gaztelu, Alaitz Telletxea, Maider Zabalegi.

Jarraian ikus dezakezue, bi zatitan:

Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile

Ekainean aurkeztu zuten liburu hau, eta dagoeneko liburu-dendetan eros daiteke.

zerbitzuko-lanean-lete-kasetari-lete-prosagile“Oiartzungo Udalak urtero argitaratzen duen Mugarri bildumako azken zenbakia aurkeztu du. Mugarri bildumaren helburua Oiartzungo ondarea (kultura, ohiturak, historia…) herritarren esku jartzea da. Azken alearen ardatza Xabier Lete sortzaile oiartzuarra izan da.

Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile izenburua du Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik ondu duten liburuak. Liburuak Xabier Lete prosagilea ezagutzera eman nahi du.

Elixabete Perez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da lanaren egileetako bat, bere hitzetan “Xabier Lete batez ere poeta eta kantari moduan da ezaguna eta horrek itzalpean utzi du, nolabait, prosa (bikaina gainera) idatzi zuela”. 1965ean Zeruko Argia-n estreinatu zen Lete prosagile gisa.

“Lan honek erakusten du asko eta ongi idatzi zuela oiartzuarrak, baita prosaz ere; zerbitzuko lana eginez, hitz lauz adierazitako makina bat kontu urteek erabat herdoildu ez duten prosaz”. Guztira, Leteren euskarazko 67 lan eta gaztelaniazko 22 bildu dituzte: Zeruko Argia, Jakin, Euskaldunon Egunkaria, Hegats, Erlea, Muga, Garaia, Errenteriako Oarso eta, Oiartzungo eta Hernaniko urtekarietan argitaratuak.

Anjel Lertxundi idazlearen aburuz, “Lete poeta handi bat da oroz gainetik, baina haren prosa ere bikaina da, ez dut ezagutzen prosa bikaina egin ez duen poeta handirik. Leteren izaera naturala zen, egiatia, espontaneoa eta izaeraren freskotasun hori du haren prosak.

Xabier Leteren unibertsoa gertuagotik ezagutzeko gonbita da, beraz, Mugarri bildumako zenbaki berria.”

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.