Euskara Batuaren Eskuliburua ondo erabiltzeko saioak antolatu dituzte Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskaltzaindiak

Euskal Idazleen elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetzan jarraitzen dute, eta, horren erakusgarri, Euskara Batuaren Eskuliburua ondo erabiltzeko saioak antolatu dituzte Donostian eta Bilbon. Andres Alberdik emango ditu saioak. Jarraian duzue informazio guztia.

EBE

Euskal Idazleen Elkarteak badu, besteren artean, helburu argi bat: euskaraz idazten duten idazleei laguntzea. Horren harira, Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) ondo erabiltzen ikasteko bi ikastaro antolatu ditu Euskaltzaindiarekin batera.

Elkarteak adierazi duenez, «idazle berriak beti behar du laguntza: ofizioa hartzeko eta hizkuntzarekin gozatzeko. Euskarak baditu horretarako tresnak eta horietako bat Euskaltzaindiak argitaratutako Euskara Batuaren Eskuliburua».

Euskaltzaindiak 2018an argitaratu zuen lan hau, euskara batuari buruz emandako arau, gomendio, onespen eta irizpenak biltzen dituena. Zazpi alor lantzen dira: lexikoa, kalkoak, morfologia, sintaxia, onomastika, ahosketa eta ortotipografia. Baliabidea sarean dago eta bilaketak egin daitezke.

Andres Alberdi euskaltzaina izan zen EBEren eskuliburua osatu zuen batzordearen burua, eta berak emango ditu saioak: bilaketak ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko gako batzuk eskainiko dira.

Bi saio izango dira: lehena, azaroaren 18an, Donostian (Euskaltzaindiaren ordezkaritzan); bigarrena, berriz, azaroaren 25ean, Bilbon (Euskaltzaindiaren egoitzan). 17:00etatik 18:30etara izango dira bi-biak.

Ikastaroak dohainik izango dira, baina izena eman behar da. Azaroaren 12an amaituko da horretarako epea. Izena eman nahi duenak hiru aukera ditu: formulario hau betetzea, helbide honetara idaztea: donostiaordez@euskaltzaindia.eus, edo 943428050 telefono-zenbakira deitzea. EIEko bazkideek lehentasuna izango dute.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.