«Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak» liburua hobeto ezagutzeko bi aukera

Irene Solà-ren eleberri arrakastatsua argitaratu du Alberdaniak: Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (itzultzailea: Joxan Elosegi); datozen egunetan, liburua hobeto ezagutzeko bi aukera izango dira Donostian. (Irudia: Alberdania)

irene sola

Irene Solà-k iaz argitaratu zuen Canto jo i la muntanya balla izeneko eleberria, arrakasta handiz –besteak beste, Europar Batasunaren literatur saria eskuratu zuen–. Alberdaniak, ostera, euskaraz argitaratu zuen, iragan maiatzean, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak izenburupean, Joxan Elosegiren itzulpenean. Datozen asteetan, liburua hobeto ezagutzeko bi aukera izango dira Donostia Kulturaren eskutik.

Urriak 29: Liburuaren aurkezpena, egilearekin

Irene Solàk berak aurkeztuko du liburua, Uxue Alberdiren galderei erantzunez. Ekitaldia euskaraz izango da, interpretazio-zerbitzuarekin. Ekitaldia dohainik da, baina aretoaren edukiera mugatua izanik –30 leku–, izena eman behar da aldez aurretik, liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidera idatziz. 19:30etan izango da, San Jeronimo kaleko sotoan.

Azaroak 3: Liburuari buruzko tertulia literarioa

Bestalde, liburua irakurri eta hartaz hitz egin nahi dutenek, horretarako aukera izango dute hurrengo astean, azaroaren 3an, asteartearekin. Liburuari buruzko tertulia literarioa egingo dute, Iñigo Aranbarrik gidatuta. Ekitaldi hori ere 19:30etan izango da, San Jeronimoko sotoan.

Liburuaren sinopsia

«Pirinioetan bizi –eta hiltzen, edo hilik bizi– dira eleberri honetan hitz egiten digutenak. Ekaitzeko hodeiak mintzo zaizkigu, eta oinaztarria, eta heriotzan murgilduko den nekazari poeta ere mintzo zaigu, guri eta lurrari. Eta mintzo zaigu, baita ere, orduz geroztik seme-alabak baka-rrik hezi beharko dituen alargun gaztea. Eta sorgin deklaratu ondoren urkatu zituzten lau emakumeak mintzo zaizkigu. Eta mendiak, eta perretxikoak, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta mamuak, eta laminak, eta maitagarriak, orkatzak, txakurrak…

Lurra bera mintzo zaigu, noizbait mendiez erditu zen lur hori bera.

Mendi ikaragarri horiek mendetan ezagutu dituzte bertakoen bizimodu latza eta haien amodioak; ezagutu dituzte jazarpenak, ihesak, gerrak, gorrotoak. Mugako bizitza. Eta eder ageri zaizkigu beti; are ederragoak Irene Solà bezalako kontalari peto batek kontatzearen plazeraren oparia egiten digunean. Sen berezia darion begiratzeko eta kontatzeko modu teluriko batean, emakumezkoenak baitira eleberriko ahots guztiz gehienak. Akaso emakume baten eskutik soilik posible litzatekeen ikuskera baten arabera ehunduak».

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to «Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak» liburua hobeto ezagutzeko bi aukera

  1. ainara ainara says:

    izenburu arraroa du, ez da erraz ulertzen izenburuak esaten duena…. ez dakit ulertzen dudan… nik beste modu batera jarriko nuke izenburua… ulerterrazagoa… jatorrizkora jo behar izan baitut ulertzeko… beharbada hobe horrela: NIK KANTATZEN DUT ETA MENDIAK DANTZATU… ni ez naiz nor Joxan Elosegiri zuzentzeko, baina honetan ez du asmatu, ene ustez… edo nahastea bazen bere helburua agian, orduan asmatu du, ez dakit…