Hitzen Uberanen urteurrenean: Garbiñe Ubeda

Hitzen Uberan webguneak hamar urte bete dituen honetan, Garbiñe Ubeda EIEko lehendakaria elkarrizketatu dugu, orain arteko ibilbideaz balantzea egiteko. (Argazkia: Berria).

garbiñe ubeda Berria

Hamar urte bete ditu Hitzen Uberanek. EIEk zer nolako balantzea egiten du?

Mamiari begira eta eman zaizkion baliabideak kontuan izanik, emaitza bikaina dela esango nuke. Jakina, beti dago zer hobetua, zer indartua eta zer osatua, baina horretarako inbertitu beharra dago, eta aurten iaz baino dezente gutxiago jaso dugu instituzioetatik. Gauden bezala gaudela, erronka, mailari baliabide gutxiagorekin eustea da.

Zergatik da garrantzitsua EIErentzat Uberan bezalako proiektu bat? Zentzu horretan, zeozer aldatu da proiektua martxan jarri zen garaitik?

Uberan garrantsitsua da, geure zigilupetik eta bestelako filtrorik gabe, ikusgarritasuna ematen dielako euskal literaturari eta idazleei. Era berean, urte osoko produkzioa hobekien edo bederen sakonen batzen duen medioa da. Egunerokoari jarraitzen dio eta era berean sakontasuna eskaintzen du.

Ez genuke ospakizuna gogoeta barik utzi nahi. Literaturzaletasuna bultzatzea, euskal literaturaren bisibilitatea, prekarietatea… Sarritan izan dituzu azkenaldian mintzagai, EIEko lehendakari gisa. Asko dira sektoreak dituen erronkak, baina bizi dugun egoera honetan zein izan behar litzateke zuretzat lehentasuna, euskal literatura zaletasunetik argitalpenetara babesteko?

Hasteko eta behin, idazlearen ofizioa balioetsi behar da, eta idazle diodanean, mota guztietako idatzien sortzaileez ari naiz. Besteen gainetik ezartzen den idazle elite bat sustatzeaz harago, ofizioa aldarrikatu behar da, eta ekonomiaren katean txertatuta ikusi. Liburu batek, ongi egiten denean, lan-kate inportante bat mugitzen du, sortzaileak ez ezik, zuzentzaileak, editoreak, maketatzaileak, inprimatzaileak, banatzaileak, saltzaileak eta beste jartzen direlako lanean, eta kasu askotan beste hainbat ofizio ere gurutzatzen ditu: itzultzaileak, ilustratzaileak, diseinatzaileak…. Kate horretan prekarietate handia dago, eta bi muturrak dira gehien sufritzen dutenak. Batetik, sortzaileak, nahi baino gehiagotan sosik kobratu gabe edo ordu libreetan sortu behar dutelako. Ez da gauza bera gertatzen industria 4.0n, non sortzaileak (I+G deiturikoak) ongi zainduak, babestuak eta diruztatuak baitiren.

Hizkuntzaren ispilua, hizkuntzaren espresiorik nabarmenena, indartsuena eta naturalena kultura da. Ez dago euskara sustatzerik kultura sustatu gabe.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.