“Deabruaren eskola”, literaturzaleentzako ekimen berria

Deabruaren Eskola” izeneko proiektua jarri dute martxan Irati Jimenez idazle eta kazetariak, Esteban Montorio diseinatzaileak eta Mikel Soto idazle eta editore ohiak, “Euskaraz idatzitako testurik eta testigantzarik ederrenak biltzeko, sormena sustatzeko eta literaturaren ezagutza zabaltzeko”. Jarraian duzue zabaldu duten informazioa.

deabruaren eskola

(Iturria: Deabruaren Eskola).

180 sarrerarekin abiatu da deabruareneskola.eus helbidean aurkitu daitekeen webgunea, gizarte sare nagusietan dago eta astean birritan igoko dituzte sustatzaileek eduki berriak. Momentuz interneten sortu den arren, Saretik kanpo jarduera izan nahi dute sustatzaileek eta horretarako sortu dute Leizeko Eskola izeneko atala.

Poemak, elkarrizketak, analisi kritikoak, gutunak, kronikak, narrazio zein eleberrietako pasarteak, fikziozko eta ez-fikziozko lanak, era guztietako testuen zatirik ederrenak biltzen ditu Deabruaren Eskola webguneak, jatorriz euskaraz egindakoak zein euskarara itzulitakoak. Aukeratutako testu bakoitza gutxienez argazki edo irudi batekin argitaratzen da, bere jatorrizko iturriarekin eta posible den guztietan, iturriaren estekarekin. Gehienak aurrez argitaratutakoak diren arren, badira baita webgunerako berez sortu diren lanak eta itzulpenak, baita argazki ineditoak ere.

«Egileengan nabarmena den literaturaren aldeko jarreragatik» aukeratu dituzte eskolakideek, «transmititzen duten ezagutzaren mailagatik, testuaren beraren kalitateagatik edo, labur esanda, daukaten edertasunagatik». Momentuz, 180 testu argitaratu dituzte, beste horrenbeste sarreretan. Testuak bere osotasunean baino zatiak direla diote webgunearen sortzaileek «jendearengan testu horiek osorik irakurtzeko gogoa piztu nahiko genuke eta, jakina, webgunean halako beste batzuk irakurtzeko gogoz ere bai».

Irabazi asmorik gabe eta diru-laguntzarik gabe abiatu den proiektuaren asmo nagusia «literaturaren plazerak zeintzuk diren gogoraraztea» dela diote eta «literatur arloan elkarlanak duen balioa azpimarratzea», modu horretan «irakurzaletasuna eta literatura arloko sormena sustatzeko» eta, era berean, «literaturaren eta literaturaren historiaren ezagutza zabaltzeko». Testu ederrak biltzeaz gain, sortzaileen arteko harreman kooperatiboak, laguntasunezkoak, miresmenean oinarritukoak eta maitasunezkoak agerian jarri nahi ditu Deabruaren Eskolak, «horiek baitira literatura bizirik mantentzen lagundu duten harremanak».

Orden kronologikoaz gain, Deabruaren Eskolako testuen artean nabigatzeko etiketak ere badira eta badago baita batasun tematikoaren arabera antolatutako atal bat ere, Aker Larrea izenekoa. Han argitaratuko dituzte eskolakideek, bi hilabetean behin, erreportaje monografikoak, euskal literaturaren garrantziren bat izan duten gaien ingurukoak. Momentuz hiru argitaratu dituzte, Gernika, Jazza eta Prostituzioa gaiak ardatz hartuta.

Euskal literaturan esperientzia handiko pertsonak batu ditu Deabruaren Eskolak

Hiru dira Deabruaren Eskolaren sustatzaile nagusiak, hirurak literaturarekin urteetako harreman estua duten pertsonak: kazetaria izateaz gain, Irati Jimenez hainbat literatur lanen egilea da eta, besteak beste, Augustin Zubikarai, Miguel de Unamuno, Igartza, Donostia Hiria eta 111 Akademia sariak irabazi ditu; Mikel Soto Txalapartako editorea izan zen 13 urtez eta Suak pizten direnean poema liburua argitara eman berri du eta Esteban Montorio Monti diseinatzailea da, Txalaparta argitaletxearen irudiaren arduraduna izateaz gain, azken hamarkadetan Euskal Herriko liburugintzak eman duen diseinatzailerik oparoenetakoa bat.

Berari zor dio daukan itxura Deabruaren Eskolak, Montorio izan baita zuri beltzaren aldeko apustu estetikoa egin duen webgunearen diseinatzailea. Literaturaren plazera eta plazer estetikoa bilatu dituzte Deabruaren Eskolako kideek, «askotan aldarrikatzen dugu irakurleak behar ditugula, eta egia da, behar dugu behar irakurleen errepublika zabal bat, euskararen etorkizuna bermatuko duena, baina ez dugu horrenbeste esaten literatura egiten dugunok irakurleek merezi duten maila eman behar dugula eta Deabruaren Eskolan maila hori ematen saiatu gara, edukiaren zein formaren aldetik».

Leizeko Eskola, literaturaren ezagutza internetetik kanpo zabaltzeko egitasmoa

Interneten sortu bada ere, Deabruaren Eskola proiektu zabalagoa izateko asmoz jaio da. Eskola izena ez dutela debalde jarri diote sustatzaileek eta COVID-19ak aukera ematen dien neurrian, sormenari lotutako jarduerak antolatzeko asmoa iragarri dute. «Testuak ahal bezain ondo egiteko, ulertzeko eta aztertzeko zabalduko dugu, tarteka, Leizeko Eskola». Eskola hori nolakoa izango den jakiteko eta noiz edo nola batuko den ezagutzeko modurik errazena, proiektuaren sustatzaileek diotenez, Deabruaren Eskolaren hilabeteroko buletinean harpidetzea da.

Izena Axularri, Miranderi, Arestiri eta Cervantesi egindako omenaldia

Deabruaren Eskolaren izena, azpi-izena eta webgunearen goiburu edo lemak, hiru euskal idazle handiren, «hiru arbaso jenial»en gorazarre egiten du. Deabruaren Eskola izena Axularri egindako omenaldia da, izan ere, Sarako herritar zaharrenek Jose Migel Barandiaran antropologoari kontatu ziotenez, Axularrek jakituria guztia zor zion Deabruari, berarekin egindako tratuari esker, Salamancako leize batean ikasi omen zituelako zekizkienak Urdazubiko idazle jenialak, ordainean itzala galdu zuen arren.

Webgunearen azpitituluan, berriz, esaldi hau ageri da: «Lehorrez euskalduna, itsasoz zalduna, deabruaren bertutez nauk zalduna, eta besterik badiok, gezurra diok», Gabriel Arestiren hitzak dira, berak egindako On Kixoteren itzulpenetik jasoak. On Kixote eta Azkoitiko «vizcaino» famatua elkarri mokoka hasten direnean, euskalduna modu jasoan hitz egiten saiatzen da eta apenas dakienez gaztelaniarik, hizkuntza guztiz arraroa erabiltzen du, Arestik modu jenialean hitanoa eta zutanoa erabilita euskarara berrasmatzen duena.

Azkenik, Jon Miranderen poema baten hitz ederrekin osatu dute eskolakideek webgunearen lema. «Kanpoan ilhuna: / nehon ez argirik / ikhara, ilhuna, / zuziena baizik». Eskolakideen esanetan Miranderen bertso horiek ezin hobeto adierazten dute «gauaren ilunean, literaturaren edertasunak piztu dezakeen argia eta horregatik aukeratu ditugu, horregatik eta Mirandek ekarri zigun modernitatearekin eta edertasunarekin dugun zor ordainezinagatik».

Euskal literaturak Sarean duen presentzia handitzera datorren proiektua

Deabruaren Eskola «euskal literaturaren alde» egindako ekimena dela diote bere sustatzaileek, «Oier Guillanek esaten duen moduan, gu ere ez gaudelako kontra egotearen kontra baina alde egotearen alde gaude, horregatik egiten dugu hau guztia eta horregatik nahi izan dugu Oierren poema hori izatea lehen erabiltzaileek azalean topatuko duten lehenbiziko testua».

Euskal literaturak interneten «gauza asko eta garrantzitsuak lortu dituela» uste dute eskolakideek eta Sareak hainbat tresna erabilgarri eskaintzen dituela, «Klasikoen Gordailuan gure literaturaren historia irakur daiteke; Armiarmari esker badugu literatur-kritikaren gordailu eder bat; Euskarari Ekarriak eta Basque Poetryk nazioarteko literaturekin lotzen gaituzte; Hitzen Uberan tresna ezin hobea da gure literaturaren gaurkotasuna jarraitzeko; hainbat aldizkari ditugu paperean zein interneten -111 Akademia, Hegats, Senez, 31 eskutik, Egan eta Jakin, bakar batzuk aipatzearren-; eta gure esku daude Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzaren funtsak, besteak beste, eta horrek esan nahi du baditugula zutabe sendo batzuk ekosistema digitalean gure literatura bizirik mantentzeko». Deabruaren Eskola ekosistema horretara datorren proiektu txiki bat baino ez dela nabarmendu dute, irakurzaletasuna sustatzeko asmoz egindakoa.

Hain zuzen ere, literaturarekiko zaletasunak animatuta egin dutela diote eta kulturaren munduak bizi duen une delikatua kontutan hartuta. «Berez txikia eta hauskorra den sistema batentzat COVID-19arena oso kolpe gogorra izan da baina Durangoko Azoka apur bat birtualari eman zaion erantzunarekin eta aurten egin diren kultur ekitaldietan agertu den jende kopuruarekin agerian geratu da jendeak baduela literatur gosea eta gose hori osatzeko literatura aski badugula erakustera gatoz». Izan ere, «beste batzuekin alderatuta, gurea literatura txiki bat da baina edertasunari dagokionez infinitoa, handia, itzela, amaigabea».

Deabruaren Eskolarekin harremanetan jartzeko

Deabruaren Eskolako kideekin harremanetan jartzeko modurik errazena Deabruaren Eskolaren helbide elektronikora idaztea da, deabruareneskola@gmail.com helbidera. Edo gizarte sareetako profiletan mezuren bat idaztea. Hauek dira Eskolaren helbideak Twitter-en, Facebook-en eta Instagram-en.
Webgunea: deabruareneskola.eus
Helbide elektronikoa: deabruareneskola@gmail.com
Twitter: @deabruaren
Facebook: deabruaren.eskola.1
Instagram: @deabruareneskola
Buletinak: Deabruaren Eskolaren atal guztietan ageri da izena emateko fitxategia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to “Deabruaren eskola”, literaturzaleentzako ekimen berria

  1. Jon arano says:

    Obabera, Artze zena, eta baditut mila aitzaki hitz egiteko gure horretaz prezeski

  2. Jon arano says:

    Obabera, Artze zena, eta baditut mila aitzaki, baina sekula ez dut galdu esperantza, hitz egiteko gure horretaz prezeski