Asel Luzarragari elkarrizketa: “Liburu batean liburu asko sartzen dira, irakurle beste”

Asel Luzarraga elkarrizketatu dugu bere bederatzigarren nobelaren harira; Bahiketa (Txalaparta). Pasioz mintzatu zaigu literaturaz, politikaz, bizitzaz.

IMG_7639

Misterio bat. Bahiketa baten susmoa. Desagerpen bat, istorio bat kontatzen hasteko abiapuntua. Edo, akaso, hainbat gogoeta plazaratu ahal izateko orubea? Zein izan da, funtsean, eseri eta liburu hau idazten hasteko motorra?

Hiru ardatzen inguruan laburbil daiteke. Lehenengoa, Ramos Mejian, Buenos Airesen aldirietako hiri batean, lagun psikologo biren etxean marihuana erreta izan nuen bidaia oso txarra izan zen, ordura arteko txarrena, agian. Paranoia eta espazioaren eta batez ere denboraren arteko haustura gertatu ziren nire baitan, orduak edo mundu osoak zirudien berrogei minutu inguruko kontua. Lehen ondorioa marihuana bolada luze baterako aparkatzeko erabakia izan zen, eta bigarrena, hiru osagai horiek, paranoia, eta denboraren eta espazioaren hausturak, moldatuta bazen ere, liburu batean biltzeko gogoa. Bigarren ardatza esku artean neukan Orhan Pamuken Liburu beltza eleberriak eman zidan. Bilaketa baten istorioa da liburua, Bahiketa baino askoz luzeagoa, hori bai, baina horrek ere piztu zidan eldarnio kaotikoan murgildutako ustezko bilaketaren ideia. Eta hirugarrena, zuk aipatu duzunez, hainbat gogoeta plazaratu ahal izateko orubea. Halakoak dira nire nobela guztiak: azenarioarena egiten duen istorio bat, edo batzuk, buruan bueltaka dauzkadan kezken, mamuen, erantzun gabeko galderen, Zaramak zioen legez, atzetik abiatzeko.

Buenos Airesen kokatua dago istorioa, batez ere. Aurkezpenean bertan aipatu zenuen liburuan Buenos Aires kokaleku hutsa baino gehiago dela, omenalditik baduela liburuak, baina ez omenaldi idealizatutik. Zer nolako Buenos Aires topatuko dugu bertan?

Esan daiteke hirugarren protagonista dela Buenos Aires. Edo lehenengoa, dena inguratzen duena, Euskal Herriak, Kataluniak, Parisek… ere euren tokitxoa izan arren. Istorioaren zirriborroa sortu zenean Bioklik idazten ari banintzen ere, bizi ninduen giroak hainbat pasarte idaztera bultzatu ninduen, haiek non kokatu gero erabakiko nuela. Beraz, irakurleak topatuko duen Buenos Aires nire orduko giro naturala da. Ez ditut zehazki marraztu nire ohiko aterpeak, hala nola IMPA fabrika berreskuratua, bankua izandako CID zentro okupatua, La Cultura del Barrio, Jose Ingenieros liburutegi anarkista, FLA izandakoa, Salón Puyerredón hiriko punkaren Meka…, eta halako zertzelada bat edo beste egon arren, batez ere hiri horretatik mugitzen den edonor ingura ditzaketen giroak jaso nahi nituen; sentsazioak, gainezka doan subtean (metroa), hiriko autobus sistema kaotikoan, kaleetan ezustean sortzen diren parrilladetan… Hiriaren postal turistikoen bazterretatik erortzen diren txokoak, hiriari bizia benetan ematen dietenak. Eta irakurlea giro horietan bat-batean eta gidarik gabe sartu nahi nuen, harentzat hiria Edu eta Matxinentzat, edo neuretzat, bezain natural senti zezan. Buenos Aires ere kaosa delako, eta ulertzen saiatzea alferreko ariketa izan daitekeelako. Den bezalakoa da, kito. Bizia. Hiritarrik arriskutsuenak ez daude Constitución, Barracas, Villa 31 edo La Boca auzoetan, ondo babestutako countrietan baino, euren burbuiletan, Daguerre legez..

Zu zeu Hego Amerikan bizitzen egon zinen luzez, eta zeure azalean ezagutu zenituen horrelako herrialdeetan boterekeria bortitzak dituen mekanismoen indarra, ere bahitua izan baitzinen Txilen atxilotu zintuztenean. Zer sentitzen duzu paisaia haietara fikzioaren bitartez bueltatzean? Zein neurritan izan du zure “bahiketa”k eragina zure kontatzeko beharrean?

Argentinara iritsitakoan lehen kolpea, eta apaltasun sendabidea, euskaldunok kontinente horretan utzi dugun “ondarea” ezagutzea izan zen. Alde batetik, guri buruzko begirakune erromantikoa dauka hango jende askok, baina elite oligarka eta genozidetan ez dira euskal abizenak falta. Beraz, boterekeria bortitz horren bultzatzaile nagusienen artean, Euskal Herriak “esportatutako” abizenak dira nagusi. Dena dela, liburu honetarako nahiago izan dut nik neuk errepresio sistemarekin izandako enkontruak ahaztea. Baneukan hori jasota Gezurra odoletan nobelan. Buenos Airesen ere ibili ginen Antena Negra TV telebista komunitarioa poliziaren eta Prosegurren mafiaren aurka defendatu beharrean, eraikin okupatua gotorleku bihurtu eta gauak han pasatu beharrean, txandakako zaintza sistema batean, inguruko kaleak “patruilatzen” oldarraldirako arriskua zegoenean egon zitezkeen patruilen kokapena identifikatu nahian…, baina saiatu naiz pertsonaien bizipenak nireetatik hein handi batean bereizten. Nik, esaterako, ez nituen 2001eko matxinadak, auzo-batzarrak, okupazio oldeak… ezagutu, baina baditut barru-barrutik bizi izan zituzten lagunak, erakutsi dizkidate eurek egindako argazkiak, egon naiz oraindik bizirauten duten auzo-batzarrek okupatutako eraikin batzuetan…, eta nahiago izan dut hango eguneroko bortizkeria islatu nire esperientzia pertsonalak baino. Oso koldarra naiz ni, gainera, batzuetan, oso gutxitan, beldur horiek adrenalina jaisten denerako lurperatzea tokatu bazait ere. Latinoamerikan mendebaldarrok oinordetzan utzi diegun eguneroko indarkeriaren aldean nik bizi izandakoa Port-aventurara susto batzuk hartzera joatea bezalakoa izan da.

asel_luzarraga

“Edu seguru dago, ordea, bera bezala, jabetzen hasia dela Euskal Herrian iraultzaileak izaten jolasten ziren klase ertaineko pribilegiatuak zirela.”
Liburuko pertsonaien ahotsetan bada Euskal Herriaz distantziatik gogoeta egiteko joera bat. Bi protagonistek modu ezberdinetan bizi dute herriarekiko atxikimendua distantziatik, baina biak dira oso kontziente hangotar izatearen motxilaz, zamaz edo, akaso, arduraz. Ezberdin ikusten da herria, zentzu politiko batean, distantziatik?

Nik uste hemen bertan bizi nintzenean hasi nintzela gure errealitateaz distantzia apur bat hartzen. Zilborrari etengabe begiratzeari uzten, nolabait esateko. Ibili naiz Asiako hainbat herrialdetatik, beste libururen batean islatu dudanez, eta bikotekideari esaten nion: Europan burbuila batean bizi gara, ameskeria batean, eta saldu diguten ametsezko etorkizun distiratsu horrek ez du luze iraungo, badator behera eta kriston ostia hartuko dugu errealitatearen kontra.

Uste dut hasi garela ostia horren lehenengo laztanak sentitzen, eta ez bereziki birusagatik, hori aitzakia ezin hobea bada ere gainean geneukan krisi sistemiko erraldoiaren petxero bihurtzeko. Eta orduan, gure iruzur honetatik ihesean, nolabait, Latinoamerikara iristen zara, eta talka egiten duzu han gutaz duten idealizazioarekin. Giro punk eta anarkistetan, nire lagunik onenen artean, Euskal Herriari eta batez ere euskaldunon borrokari buruzko ideia oso erromantiko eta idealizatua daukate. Eta nik sentitzen dut ipar globaleko biztanleok ez dugula inoiz izan munduko beste herriei ezer irakasteko, eta bai asko haiengandik ikasteko. Halaxe ikusten dut euskal literaturan ere: errealitateari edo, hobeto esanda, errealitate mugatu eta txiki bati guztiz atxikita idazten da gurean. Eta argi dago nork ezagutzen duenetik, bere etxetik, idatzi behar duela, tokikoa dela unibertsal bakarra, baina gure biktimismo burges pribilegiatuaren lokatzetatik burua atera eta harago begiratzera gai bagina? Berritzaile eta ia iraultzaile dauzkagun derrigorrezko topiko higatuetatik zerbait berria asmatzeko, proposatzeko gai bagina? Gure arazoak zein diren ahaztu barik, arazo horiek kolapsoa ate joka dugun mundu baten parodia bat baino ez direla ikustera ausartu? Gure ustezko ongizate materialaren zimenduak mundu osoan arpilatu eta gero barreiatzen dugun zabor kirastu gero eta handiago baten gainean ondo sartuta ikusi, eta literatura berdintasuna maila guztietan imajinatzeko erabiliko bagenu, eta ez bakarrik sistemak ikara handirik gabe onar ditzakeen pribilegiatuen arteko desberdintasunak bistaratuta ase geratu? Beharbada galderatik desbideratu naiz, kar, kar.

Eduk, Matxinen bila dabilen horretan, hainbat gurutzatuko bisitatuko ditu, eta horren harian gogoeta sozial eta politiko ugari egin, zeinetan sarri bere burua jartzen duen jomugan, ispilu bilakatzen zaizkio desagertutako lagunarekiko gomutak?

Liburua inprentatik atera eta berrirakurri baino egun batzuk lehenago, amaitu nuen Erich Frommen Askatasunari iheska liburua bigarrenez irakurtzen, eta orduan, Frommen hausnarketak fresko nituela, konturatu nintzen Eduk bete-betean betetzen dituela hark deskribatzen duen izaera autoritario sadomasokista. Matxini buruz, benetako Matxini buruz, ez dakigu ezer benetan. Duela gutxi liburua irakurri duen batek esan zidan konbentzituta zegoela Matxin Eduk asmatutako alter ego bat dela, ez dela benetan existitzen. Nik ez dut interpretazio bakar bat ere okertzat jotzen, liburu batean liburu asko sartzen dira, irakurle beste. Baina esango nuke gutxienez ispilu bat badela Matxin Edurentzat. Ispilu deformatzaile bat. Hari begiratzean, Eduk oso txiki ikusten du bere burua Matxinen alde, bere kontraesanak, ahuleziak, ezintasunak jartzen dizkio aurrean, eta hor dago Edu masokista. Baina, aldi berean, bere egin, menderatu, kontrolatu, ia jopu nahi du Matxin. Artikulu batzuk bahitzen dizkio. Gustuko ez dituelako, edo modu horretan hein batean Matxinen zati batzuen jabe bakarra izateko? Kontzientzia txarra du, imajinatzen du hainbat gauza egin dituela Matxinen kontra, traizio egin diola, gezurra bat asmatuta arrastatu duela lagun eta maitalea Buenos Airesera. Horietatik zenbat dira desio sadikoak? Bere burua Matxinen gainetik kokatzeko estrategiak? Liburuan garatzen den dialektika benetan Edu eta Matxinen artekoa den, ala Eduren baitakoa, irakurleak interpretatu behar du. Nik ez daukat erantzun zuzenik, kar, kar.

Sentipen iraultzaile edo eraldatzaileei loturiko gogoetak dira asko, ezinbestekoa da norbera jartzea horrelako gogoeten -eta batez ere, kontraesanen- jomugan? Topikoa dirudien arren, nekez egin daiteke iraultzarik aldaketa norberarengan hasten ez bada?

Uste dut porrot egin duten iraultza guztien gakoa hasieratik ustez suntsitu nahi ziren logika autoritario berdinetan oinarritzea izan dela. Are tragikoagoa: herriak, abstrakziotik harago jende multzo handi gisa hartuta, bere senari jarraitu dionean, buruzagirik gabe autoantolatzeko joera eta gaitasuna izan ditu beti, baina gehienetan, une batera iritsi da, bere eskuetan zuen botereak beldurra eman balio legez, bere autoantolakuntzarako gaitasuna gutxiengo argitu baten eskuetan eskuordetu nahiago izan du. Beraz, zuk diozun legez, topikoa dirudien arren, lehenik eraiki nahi dugun gizarte horrek zer gizaki, zer moral mota/k beharko dituen hausnartu, eta geure burua haien antz apur bat izateko lanik egiten ez badugu, erabakiak gugandik kanpo beste batzuen eskuetan uzten baditugu, egun garena birsortu baino ez dugu egingo. Ikasi behar da, eta ariketa etengabea eskatzen du horrek, edozein jarduerak legez, gure eguneroko bizitzaren ardura hartzen. Pandemia edo dena delako honekin berriro ere galdu dugun aukera, gure bizitzaren xehetasunik sinpleenak ere ustezko aditu urrunen eta interes are urrunagoen esku utzita. Ez da erraza, azkarrago baitabiltza beste batzuk gugan, eta natural bihurtzen zaigun modu batean, bestelako aldaketa batzuk eragiten, laster kolapsoaren eskutik etorriko zaigun ekofaxismoa gogotsu onar dezagun. Momentuz, balkoiko polizia bihurtu gaituzte, eta ez da urrats txikia haientzat. Orwellen 1984 ez dago hain urrun.

“Gizon-gizonak ditu gogoko Eduk, arrak. Emakumeei dagokienez eme-emeak gustatzen zaizkion bezala. Queer moda ero hori… Galduta sentitzen da Edu aurrean daukana identifikatzeko zailtasunak dauzkanean”.
Eduk sentitzen dituen hainbat kontu kontzientzia politikoa eduki duen belaunaldi oso batek garai berriotan sentitu dezakeen krisiaren (edo noraezaren) isla izan daitezke?

Edu bisexuala da, ezkertiarra, bere sexualtasuna askatasunez bizi du, ustez. Liburua hasi eta berehala, ordea, neska batek argi esango die Matxini eta berari: falokrata hutsak zarete. Ohituta gaude guretzat muga dena mundu guztiarentzako erabateko muga bihurtzeko. Neure buruari begiratzen diot: europarra naiz, zuria, euskalduna, zis gizona, heterosexuala, klase ertainean jaioa, estandar estetikoen barruan sar naiteke -baxuegia, nahi baduzu, kar, kar-, goi-mailako ikasketak jasotzeko aukera izan dut, etxean aukera eman didate nire zaletasun literarioa txikitatik garatzeko, ez dut inoiz nire gorputza arrotz sentitu -txikitan bolada batez neska izan nahi nuen arren, eta geroago txakurra-, oro har oreka nahiko onargarria sentitzen dut naizenaren eta izan nahi dudanaren edo sentitzen dudanaren artean, eta nire denboraren nahiko jabe sentitzen naiz. Ezaugarri horietatik edozein hartu eta, zelan sartu beste muturrean dagoen baten larruan? Hala irakatsi digutelako: muturrak daudela. Ez dagoela matematikan ikasten genituen zero edo infinituranzko joera daukan eskalarik -ugertuta dauzkat kontzeptu matematiko horiek, seguruenik astakeria bat esan dut-. Nago ni; daude ni ez bezalakoak. Eta ahazten dugu ni beti naizela gu, gu beti garela ni. Desberdintasuna ikusten dugunean, desberdintasuna sortzen dugula. Guk jartzen ditugula marrak. Eta marra horiek ikasiak direla. Gu hori ikusten hasten garenean, nire aurrean, nor ere den, beste ni bat ikusten dugunean, nire niaren beste luzapen bat, ni osatzen gaituena, ni niago egiten gaituena, agian, hasiko gara asmatu ditugun mugak desegiten, desikusten. Zoritxarrez, borondaterik onenarekin, seguruenik, gaur egun norberaren banakotasun bakar, desberdin, esklusiboa azpimarratzeko aro postmodernoan bizi gara; nahierarako gizakiaren garaian; eta nago teoria askok jende askoren buruan nahaste are handiagoak sortzeko balio dutela. Jende gero eta galduagoa ikusten dut. Eta Edu eredu interesgarria da. Zapalkuntza batzuk pairatzeak ez zaitu salbuesten beste zapalkuntza batzuetan parte hartzetik. Aurreiritzi batzuetatik askatzeak ezkuta diezazuke guztiz errotuta dauzkazun beste rol eta aurreiritziren preso bizi zarela. Eta Edu, Matxin legez, nire pertsonaia guztiak bezala, ispilu bat da neure buruari ere begiratzeko. Ispilu deseroso bat.

“Maitasun librea aldarrikatzen dute biek ala biek, baina beste kontu bat da hori ekintzetara eramatea”.
Teorizatzeen eta ekintzen arteko talka azaleratzen da tarteka; kezkatzen zaituen zerbait da? Egungo ezkerraren ajeak agerian uzten dituen dilema akaso?

Idazten hasi nintzenetik, hein handi batean nire ahuleziak, kontraesanak, deseroso sentiarazten nautenak begien aurrean jartzen saiatzen naiz. Balizko irakurleari ere pentsarazi nahi diot, noski, baina neure buruaren karikatura egiten dut askotan. Ispiluaren aurrean jarri eta, pertsonaia baten edo bestearen bitartez, neure burua seinalatzen dut: zuk, bai, idatzi asko idazten duzu, irakurri asko irakurtzen duzu, teoriei hamaika buelta eta bat gehiago ematen diezu baina, zer ostia egiten duzu egunero? Noiz egin duzu inoiz izango ez dituzun bilobei harro kontatuko zeniekeen ezer? Jarri duzu inoiz benetako arriskuan zure bizimodu lasai eta orekatua? Anarkia-harremana eta maitasun librea aldarrikatzen dituzu aspaldi ez duzulako inor maite eta, beraz, ez diezulako zeure mamuei aurre egin behar? Zure katu biak maitatzea da polimaitasuna? Hartu ironiaz, ez dakit ironia tarteka garratz tarteka gozorik gabe idazten ez mintzatzen, baina ironia orok gordetzen du egia deseroso bat edo beste.

“Munstrotzat hartuko nauzu, agian, baina nork ez darama barruan abagunerik txikienean aska dakiokeen munstro bat? Edo bat baino gehiago.”
Kontraesana, esandakoen eta ekintzen arteko desoreka, zalantzari beldurra… horrelakoak izan daitezke historikoki idealen balioaz aldarriak egin dituzten mugimendu -ustez- eraldatzaileen munstroak, edo mugimenduei baino gehiago pertsonei dagozkien munstroak dira horiek?

Mugimenduak pertsonek egiten dituzte, eta pertsonak, maiz, mugimenduen irudia gorpuzten saiatzen dira, mugimenduarekin mimetizatzen. Beraz, esango nuke, banakook barruan daroatzagun mamuak eta munstroak proiektatzen ditugula gure mugimenduetan, eta giza mugimendu asko, bestalde, oso higuingarriak izan direnez, pertsona higuingarriak sortu dituzte -edo pertsona higuingarriek topatu dute euren etxea haietan-. Dena dela, oro har, esango nuke hobeto edo okerrago, baina gehienok saiatzen garela dugun onena garatzen. Hor ere Frommekin nator bat. Baina uste dut lar filosofatu dudala orain arte, kar, kar.

Asmo ustez onak zituzten mugimendu eraldatzaile eta iraultzaile asko bihurtu dira munstrorik anker eta ikaragarrienak historian, baina ez dut uste gizakiok bide berdinak behin eta berriz errepikatzera kondenatuta gaudenik. Zerbait ikasi beharko dugu historiatik inoiz. Eta horretarako, garrantzitsua da zuk aipatzen dituzunak bistatik ez galtzea. Ez etsitzeko, noski, hurrengoan hobeto egiteko baizik. Gizaki bakoitzaren baitan hamaika aukera potentzial daude garatzeko, eta gizarte eredu bakoitzak aukera gehiago ematen ditu batzuk garatzeko, eta erreprimitzen ditu beste batzuk. Gizaki bakoitzaren onena garatzeko lur emankorra emango duen giza ingurunearen alde lan egin behar dugu, eta hura etengabe ongarritu.

Dena dela, atzera begiratzen dut lantzean behin, eta nire bizkarrean ere ikusten ditut munstro gorrotagarri batzuk eskegita. Gorpuak direlakoan nago, baina nahiago dut ez lurperatu, haiek ere izan nintzela ez ahazteko.

“Anarkista askorentzat moralista izatea duk lepora diezaaketen bekaturik larrienetakoa. Zergatik gertatu zaigu? Anarkistok ere ezkertiarrak garela sinistu dugulako. Eta ezkerra, hasierako bizardo haiek ondo zekiten bezala, Estatuaren eta, beraz, kapitalismoaren eskuetako bat baino ez duk, gu otzantzeko erabiltzen duen eskua, hain zuzen ere.”
Anarkismoaz gogoetak eta… ikuspuntu deserosoak?

Zorionez, ez dago anarkismo bat. Askok ahuleziatzat jotzen dute hori. Marxistek errazagoa ei dute: Marxek esandako guztia Moisesen tauletan irarritako egia da, eta mundua zelan ere aldatu, beti egin daitezke esku-jokoak erakusteko horixe zela Marxek aurreikusitakoa. Anarkistok ez daukagu Bibliarik ez bideorririk, eta eskerrak. Beti pentsatu dugu bidea porrotak eta arrakastak zipriztindutako esperimentu amaigabe bat izango dela. Beraz, etengabeak dira eztabaidak, interpretazioak, joerak… Tamalez, anarkismoaren uretan ere askatzen dira ekaitzak, eta desadostasun teorikoren bat edo beste amaitu da elkarri koktel molotovak jaurtita, baina tira, inor ez da perfektua. Nire kasuan, eskuina ideologikoki azpiratu behar den zerbait dela argi izan arren, ez naiz inoiz eroso sentitu ezkertiar kalifikatzailearekin. Ezkerra deritzoten horri begiratu, eta batzuetan eskuinak beste beldur ematen dit, eta elkar elikatzeko oso ondo funtzionatzen duen partida amaiezin batean ikusten ditut. Platon irakurri, eta berdin-berdin zeuden ordurako ezkerra eta eskuina, gizarte aske eta horizontalik sortzeko ahalegin oro deitoratu eta suntsitu duten esku biak. Proudhon izan zen ustezko zatiketa hori apurtu zuen lehena, guk dakigula, behintzat -egongo ziren beste asko bera baino lehenago, seguru-, bere liburu ospetsuan dikotomia hori hautsi eta bere burua anarkista aldarrikatu zuenean. Sozialista zen arren, bere garaiko sozialisten artean itzalik handienetako bat, hasiera haietan Marxek eta Engelsek euren mirespena aitortu ziotena.

Asel Bahiketa

“Ideiak aspalditik zabiltzak burmuinez burmuin murtxikatuta, gure ekarpenek ezer gutxi gehitzen zietek, eta onuradun nagusiak geu gaituk, edo geure neuronak. Horregatik, harrokeria itsua duk jabetza intelektuala aldarrikatzea.”
Egungo saturazio garaiotan, zer dira zuretzat ideiak?

Ideiak maileguan hartzen ditugun adabakiak dira. Geure egiten ditugu, maiz nondik iritsi zaizkigun ere ez dakigun beste batzuekin elkartu, eta, lantzean behin, geureak direla sinestera ere iristen gara. Tximeleta askeak dira, eta tematuta gaude haientzat izen zientifiko bat asmatu, orratz batez zeharkatu, eta geure bilduman sartu behar ditugula, sinadura eta guzti. Eta ideien inflazio ikaragarri eta antzu bat sortzen dugu pixkanaka. Esan dudan honen denaren disekzioa egiten hasiko bagina, seguru nago hasiko zirela nire aurreko hainbat izen agertzen, eta agian ez litzatekeela geratuko “Hau Aselen ideia da” aldarrikatzea merezi duen ezer. Dena dela, beharrezkoak dira, eta ez daukagunez derrigorrez osatu behar dugun eredu jakin bat, aske gara piezak gure izaeraren, gu geu egiten gaituen zati ñimiñoaren, arabera ordenatzeko. Eta aldarrika dezagun geureak direla, horrek zoriontasun motaren bat ematen badigu. Jendea zoriontsu egiten dituen gauza gehienak asmatutako gezur atseginak edo erdi-egia konbentzigarriak dira.

Bederatzigarren nobela duzu honakoa, itzultzaile ere bazabiltza… ibilbide luzea egin duzu lerroz lerro; aurrera begira, zeintzuk sentitzen dituzu, idazle gisa, erronkarik handienak?

Hurbilena nire lehen olerki bilduma izango da. Seguruenik laster aterako du Booktegik, Denboran zatika titulupean, eta doan jaisteko egongo da haien webgunean. Bestetik, aurten nire trilogia distopikoa, nolabait esateko, itxiko duen liburua argitaratuko du Elkarrek, Malthusen ezinegona. Estilo eta gai aldetik zerikusi gutxi dauka aurrekoekin, baina haien segida naturala da. Gazte literaturan ere beste kiku bat egingo dut, sortu ditudan neba-arreba biki bereziekin, gazteak eta ez hain gazteak modu itxura batean arin eta jostagarrian gure gizarte honetako errealitate deseroso batzuen aurrean jartzeko. Baina erronkarik handiena hasita dudan trilogia eutopikoa da. Lehenengo biak amaituta dauzkat, 8. hiria eta Esan gabe doa, baina pixkanaka agertuko dira hurrengo urteetan, Txalapartaren eskutik. Esan daiteke trilogia distopikoaren ifrentzua dela. 2009an Txilen pentsatutako proiektu luze bat da, eta azkenean elkartzen diren mundu bi dira ziklo batekoa eta bestekoa. Bide bana hartu duten gizarteak, garapen paraleloak dauzkatenak. Bahiketa eleberriak bere amaieran badauka keinu txiki bat eginda datorren trilogia horri. Ziklo bien arteko bisagra da, nolabait. Edorta Jimenezek esan zidan Bahiketan, aurrekoen aldean, sumatu duela Latinoamerikako literaturaren eragin handiagoa, eta uste dut are nabarmenagoa izango dela ukitu hori hurrengo liburuetan. Bitartean, beldurrezko eleberri bat ere idazten ari naiz, nolabait definitzeko, trilogiaren baitakoa izan barik ziklo horretan koka daitekeena. Azkenean, elkar ukituz unibertso literario bat osatzen dute nobela guztiek. Ezin gehiago aurreratu, kar, kar.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.