Sotoan gordetzen dira ardo onak… eta familiako sekretuak

Sotoan gordeak izeneko eleberria kaleratu du Miren Gorrotxategik, Txalaparta argitaletxearen eskutik eta (H)ilbeltza bekaren babesarekin. Familia barruko sekretuak eta gatazkak aztertu ditu, detektiberik gabeko nobela beltz honetan.

 

miren gorrotxategi

Orain bi urte, (H)ilbeltza bekaren III. deialdia irabazi zuen Miren Gorrotxategi azpeitiarrak, eta lanaren emaitza aurkeztu zuen pasa den astean Donostian: Sotoan gordeak. Gorrotxategik, aurrez, beste eleberri bat zuen kalean: 33 ezkil (Elkar, 2016). Bi lanen artean bada antzekotasunik: beka baten bidez argitaratu zuen aurrekoa ere –Agustin Zubikarai beka–, eta bi liburuetan ageri dira familiako sekretuak eta misterioa. Aurreko izenburuak arrakasta oparoa ekarri zion Gorrotxategiri, eta, berriki, eleberri hartan oinarrituriko filma estreinatu da: Hil kanpaiak.


 

Familiako sekretuen bila, hamarkadaz hamarkada

Nora eta Alex bikotea dira. Halako batean, Noraren aita hil, eta haren jaioterrira itzuliko dira bi emakumeak. Alexek, orduan, neska-lagunaren iraganean arakatzeari ekingo dio, harik eta familiako sekretu guztiek «eztanda» egingo duten arte.

Horra, laburrean, Sotoan gordeak eleberriaren funtsa. Txalapartako editore Garazi Arrulak nabarmendu duenez, pertsonaien bidaia hori oso ondo egituratua dago, Gorrotxategi «abila» baita «tramak eta atalak josten». Atal bat amaitu eta hurrengorekiko intrigarekin uzten du irakurlea. Eleberria hiru ahotsetan kontatuta dago, eta 2019an abiatzen bada ere, iraganera jauzi egingo dute narratzaileek, hain zuzen 1989. eta 2009. urteetara.

Gorrotxategik azaldu duenez, liburuko pertsonaia gehienak emakumeak dira, eta irakurleak pertsonaia makurrak topatuko ditu bidean, «mendeku-egarriz» daudenak. Autorearen arabera, «hautu kontzientea» izan da eleberri honetan andre gehiago agertzea, izan ere, aurreko liburuan pertsonaia gizonezko gehiago zeuden, eta idatzi ahala konturatu zen emakumeen ahotsarekin gehiago identifikatzen zela eta gehiago behar zituela. Oraingoan, beraz, hasieratik egin du apustua.

Proiektua irabazle suertatu zenetik, argi geratu zen eleberri beltz honetan ez zela detektiberik ez poliziarik agertuko, genero horretan ohikoa bada ere. Gorrotxategik azaldu du halako pertsonaia baten larruan sartzen ez litzatekeela «eroso» sentituko; horrenbestez, jakin-minak bultzatutako ikerketa bat kontatu du, ez ikerketa polizial bat. Harremanen katramiletan zentratu da –familia barruko sekretuak haizatu behar dira, ala zilegi da maite duzuna babestea egia gordinetatik?–, eta orobat pertsonaietako baten antsietatean.


 

Albiste honen uberan

(H)ilbeltzarik ez ilbeltzean

Miren Gorrotxategiri elkarrizketa, 33 ezkil eleberriaren harira

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.