Olivia Sundjic: ikusgai izateak dakarren antsietatea

Olivia Sudjic idazlearen Exposure liburuko pasarte batzuk ekarri dizkizuegu oraingoan Amuak atalera.

olivia sudjic

Lehenengo eleberriak oihartzun zabala izan ostean, Simpathy (2017), bigarren lana idazteko beka bat jaso zuen egileak Bruselan. Hara abiatu eta, bere idazle bakardadean, orri zuriaren amildegiari aurre egin behar izan zion. Bertigo horren erraietan zegoenari erreparatzen hasi, eta antsietatearen gaixotasunetik haratago, antsietatea sortzen zioten arrazoien irakurketa politiko bat egiten hasi zen, Exposure (2018) izeneko saiakera laburraren forma hartu zuena: antsietatearen zergatiak, presioa, bigarren liburuaren amildegia, emakume diren idazleek jasaten dituzten aurreiritzi eta presio gehigarriak, hirugarren eta lehenengo pertsonaren aldea narrazioan, autofikzioa bezalako etiketen tranpa, emakume idazleak literaturan gutxiesteko eta modu tranpatian epaitzeko joerak.

exposure

“Beste nobelagile batzuen metodoei buruz irakurri ahal izan dudanagatik, norberak argitaratutako testu batez arnegatzea, erretiratzea, leku pribatu batera bueltatzea non irakurri eta idatzi dezakezun, esposizio publikoak dakarren antsietatea lasaitzeko modu bat izan daiteke.”

“Aftermath, bere dibortzioari buruzko liburuan, Rachel Cusk-ek iradokitzen du agian feminista bat “autobiografa bat dela, niaren artista bat. Interfaze gisa lan egiten du arlo pribatua eta publikoaren artean, emakumeek beti egin izan duten bezala, salbu eta feministak alderantziz egiten duela. Ez du bide ematen: protestatu egiten du. Alderantzikaturiko emakume bat da”. Alderantzikatzean azalak ez du babesik ematen.”

“Xehetasunik autobiografikoenak sartuta ere, oso pertsonala izanda ere, memoria eta hizkuntzaren filtroetatik pasa eta gero, istorio bat burutik orrialdera pasatzen den momentuan bertan fikzio bilakatzen da.

Fikzioa ez da sekula inpertsonala. Orduan, zergatik bilakatzen da “pertsonala” hain modu tematian “emakumeek idatzia”ren sinonimo eta, erabiltzen den kasuetan, iseka moduan egiten da?

Duela gutxi editore bat ezagutu nuen zeinak, bere emakume idazle arrakastatsu baten lana goretsi nuenean, gure enkontru ezin azalekoagokoan segundo gutxietara, zera esan zidan “Eroa dago. Pertsona hori, bere narrazioetako “ni” hori. Bera da”. Hortik aurrera egoerak okerrera besterik ez zuen egin. Baina ez dira soilik gizonezkoak asumitzen dutenak bere istorioko narratzailearekin edo protagonistarekin bizi estatistika minimo bat partekatzen duten emakume idazleak eta istorio horretako narratzaile edo pertsonaia horiek pertsona bat eta bera izan behar direla. Nobelista batek kontatu zidan, bere lehen eleberria argitaratu eta gero, publikoko emakume bat bere senarrari gerturatu zitzaiola eta konplizitatez irribarre egin ziola, liburuko fikziozko senarra izango balitz bezala.

Ahalegin handia egiten dugu artea eta artista banatzeko artista hori Woody Allen baldin bada. Baina emakume batek zeozer baieztatzen duenean -izan egiten duena fikzioa dela, ala ez dela- berehalako erantzuna bere esanari balioa kentzea izaten da, guk egia ezagutzen dugula suposatuz. Berdin dio egile hori harreman erreal baten narrazioa egiten ari den edo harreman erreal batean oinarritu den fikzio bat sortzeko, fokua ez da berak sortu duen mundura zuzentzen – edo testuak planteatu ditzakeen gai mundutarrei – baizik eta berari.”

“Esperientzia femeninoak pertsonala politikoa dela kontatzen dizu, baina era berean munduak kontatzen dizu zer edo zer gaizki dagoela zugan maila pertsonalean eta sistema ondo dagoela. Gizonezkoek (zuriek, heterosexualek) idazten dutenean, nahiz eta haien esperientzia pertsonalei buruz izan, giza kondizioaz idazten dute eta, beix edo haragi koloreko mailak bezala, haien perspektiba unibertsala dela kontsideratzen da.”

EXPUESTA

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.