Patricia Highsmithen mendeurrenean, errepaso bat haren euskarazko uztari

Urtarrilaren 19an ehun urte bete ziren Patricia Highsmith eleberrigile estatubatuarraren jaiotzatik; atzo, 26 urte hil zenetik. Highsmithek arrakasta itzela bildu zuen bere suspense-nobelekin, eta euskaraz ere baditugu haren lan batzuk. Azkena, iaz bertan argitaratu zuten Txalaparta argitaletxeak, (H)ilbeltza bekaren bidez: Lardaska (itzultzailea: Josu Barambones). Artikulu honetan, errepaso bat egingo diogu egilearen ibilbideari, euskaraz irakur ahal zaizkionak aipatzeaz bat.

cuento-de-patricia-highsmith-la-novelista

Duela mende bat jaio zen Patricia Highsmith, AEBeko Fort Worth hirian (Texas), eta duela 26 urte hil, Suitzako Locarnon. Bizialdi horretan, 22 eleberri eta hamaika ipuin argitaratu zituen, denak ere suspensearen arloan sailkatuak, eta arrakasta handia bildu zuen horietako askori esker. Europan igaro zituen bere bizitzako azken urteak; hori baino lehen, New Yorken bizi izan zen ia beti, eta hiri horretan kokatu zituen bere eleberri ugari. Bere liburuetan, misterioak eta hilketak ugari dira, hala nola diren ugariak pertsonaien identitateari eta moralari buruzko auziak.

Unibertsitateko ikasketak bukatu ostean –ingelesezko idazketa, antzerkia eta ipuin laburretako prosa landu zituen–, komiki-liburuetako gidoilari moduan jardun zen zenbait urtez, eta gazte samar argitaratu zuen lehen eleberria: Strangers on a Train; 1950. urtea zen, 29 urte zituen. Alfred Hitchcock zine-zuzendariak, eleberria oinarritzat hartuz, film-egokitzapen bat egin zuen hurrengo urtean, eta horrek azkar hauspotu zuen Highsmithen izena. Harrezkero, buru-belarri idazten ibili zen Highsmith, eta hamaika film egin dira bere lanetan oinarriturik.


Errua eta erruduntasuna

Bere izenez kaleratu zuen hurrengoa izan zen Lardaska, zeina Txalapartak argitaratu baitzuen iaz, Josu Barambonesek euskaratua (H)ilbeltza bekaren laguntzaz. Walter Stackhouse abokatu gaztea da nobelaren protagonista: «maite du bere emaztea, Clara, eta ez du zalantzarik harremanaren alde egiteko gauzak okertzen direnean ere. Itxuraz hala da, behintzat; egunkarian atera den kasu batek kitzikaturik, ordea, Walter emaztearen desagerpenarekin ameskeriatan hasiko da».

Joannes Jauregi literatur kritikariaren arabera, autoreak, liburu honetan, «erruaren eta erruduntasunaren (ez baitira gauza bera) barrunbeak haztatzen ditu, aurrez aurre jarrita bi pertsonaia erabat aurkako: hiltzaile errugabea eta biktima erruduna».


 

Ripleyrenak

Tom Ripley da, zalantzarik gabe, Highsmithek inoiz sortutako pertsonaia famatuena. Lau liburu eskaini zizkion hiltzaile «zintzogaizto»ari – Bernardo Atxagari zor diogu izendapen apropos hori–. Lautik bi dauzkagu euskaraz, biak ere Igelaren eskutik, Asun Garikanok euskaratuta: Ripleyren jokoa (1995) eta Ripley trebea (1999).

Pertsonaien eraikuntzari dagokionez, zera esan zuen Highsmithi buruz Peter Collins idazleak: «Norbaitek idatzi du Patricia Highsmithek bere pertsonaiak armiarma batek bere sarean harrapatutako euliak bailiran tratatzen dituela. Ez dut uste hori horrela denik. Bere amodio eta gorrotoak pertsonaiengan islatzen ditu, dudarik gabe. Baina badaki estereotipoei ihes egiten, eta askotan hiltzaileak dira haren obrako pertsonaia erakargarrienak. Ez da ez, topikoetan aise erortzen den horietakoa. Sorginak laguntza eske doakionari eskaintzen dion begirada maitekorraz begiratzen diola esango nuke nik: gehienez ere azkenean ispilu bat edo emango dio, bere burua hobeto ezagutu dezan».


 

Ipuinak ere, euskaraz

Esan dugu, eleberriez gainera, ipuin ugari kaleratu zituela Highsmithek, eta hain zuzen ere horien bilduma bat izan zen autoreari euskara ekarri zioten estreinako lana: Poliki, poliki haizetan. Koro Navarrok euskaratu zuen, eta Elkarrek argitaratu, 1988. urtean.

Bost ipuinek osatzen dute bilduma: «Liburuak idazten zituen gizona», «Sarea», «Haur goilarea», «Poliki, poliki haizetan» eta «Suizidio bitxi bat». Zaila da liburuaren ale fisikoak aurkitzea, halere, online irakur daiteke, hemen.


 

Identitatearen prezioa

Strangers on a Train eta Lardaska liburuen artean, 1952an, ezinenez kaleratu zuen nobela bat Highsmithek: The price of salt zuen jatorrizko izenburua [Gatzaren prezioa], eta Claire Morgan ezizenarekin sinatu zuen. Zergatik? Nobelak bi emakumeren arteko maitasun-harremana kontatzen duelako (bietako baten senarrak detektibe bat bidali die atzetik, haurraren zaintza-eskubidea kendu nahi diolako emazteari). Garaian, Highsmithek ez zuen nahi izan tematika hori berarekin lot zezaten, eta Highsmithek berak bizi osoan emakumeekin izan bazituen ere maitasun-harremanak, ez zuen berriro idatzi libururik pertsonaia nagusi lesbianak argi eta garbi agertzen zituenik.

Liburuaren berezitasunetako bat zen, hain justu ere, bi maitaleek elkarrekin eta zoriontsu amaitzen zutela, zailtasunak zailtasun [gai honi buruzko iritzi pertsonalago bat, hemen]. Estreinako argitalpenetik hogeita hamar urtera, autoreak bere benetako izenarekin kaleratu zuen nobela, eta izenburua aldatu zion: Carol [protagonistetako baten izena da]. Hitzoste bat gehitu ere zion, zeinean hipotesi bat azaltzen baitu 1950eko hamarkadan gay eta lesbianei buruzko liburuak argitaratzeko baldintzez: «Pertsonaia nagusietako batek deskubritu behar zuen bere ohiturak okerrak zirela eta zoritxarra ekarriko ziotela, eta etsi egin behar zuen, hartara… zer? Hartara liburua argitara zedin? Editoreak ziur jakin zezan inork ez zizkiola muturrak berotuko homosexualtasuna defendatzeagatik? Badirudi gazteei ohartarazi behar zitzaiela sexu bereko jendearenganako erakarmenaren arriskuez, gaur egun drogen arriskuaz ohartarazten zaien moduan. Amaiera aldatzeko eskatzen ote zieten sasoi hartako idazleei? Liburuetako batzuk irakurrita, halaxe dirudi».

Nolanahi ere, liburuak arrakasta izan zuen, hala 1952an nola 1990ko edizio azalberrituan [2015ean, gainera, film sonatu bat egin zuen hartan oinarrituta]. Highsmithek hitzostean errematatzen duenez, bere editoreari gutun mordoxka bat iritsi zitzaizkion nobelaren harira, Claire Morgani zuzenduak denak, eskerrak emanez itxaropen-izpiak ereiteagatik.


 

Egunerokoak, argitara

Aurten, udazkenean, egilearen testu orain arte argitaragabeak izango ditu eskura irakurleak. Gauza jakina da Patricia Highsmithek egunerokoak idatzi izan zituela bizi osoan. Hil ostean, haren etxean topatu zituzten bi sorta, maindireen tiraderan ezkutaturik. Sorta batean, lanari buruzko oharrak eta iritziak idazten zituen; bestean, ordea, hausnarketa eta oroitzapen pribatuak. Guztira, 8.000 orrialdetik gora dira. Highsmithen biografoek beren lanerako erabili izan dituzte, erruz, idatzi autobiografiko horiek; edonola ere, 2021ean kaleratuko dira lehen aldiz, oso-osorik. Zeresana emango dute, ziur.

 

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.