Yurre Ugarte: “Niretzat, gaur egun, guztia da kultura popularra”

Yurre Ugarte elkarrizketatu dugu, Lilurabera (Alberdania) narrazio liburua eskuan dugula. Azpimarraz azpimarra ekarri dizkiogu liburuko pasarteak gogora eta, berak, azpimarratzeko moduko esaldi berriak eman dizkigu erantzunetan: arteaz, literaturaz, bizitzaz.

yurre2

Azala_Lilurabera_INP

“Izaskunek zirkinik gabe begiratu eta adi entzun zion. Nola, dendako salmenta doiak zirela eta, pandemiaren agerpenak zor iraunkorraren hozkada bilakatu zituen Sararen egunak.”

Horixe irakurri daiteke Beharko narrazioan. Pandemia betean gauden honetan, bizi duguna narrazio batean txertatua ikusi dudan lehen aldia dela esango nuke. Noiz eta nola idatziak dira liburu honetako narrazioak?

Liburuaren azken ipuina idatzi behar nuela, martxoko konfinamendua heldu zen. Etxe okupatu batean bizi zen protagonista bati buruz ariko nintzela erabakita neukan baina ez koronabirusaren pandemiaren ostean kokatua izango zena. Bat batean pandemiak zuzen-zuzenean eragindako pertsonaia ardatz zuen ipuina idazten ikusi nuen nire burua. Batez ere, egoera ekonomikoaren eragin zuzena islatu nahi nuen. Bestetik, Astuntasun jasanezina, Lady Amnesy, Basquiat ez da hilotz, Bestiario galdua eta Kathy, Lydia, Wilma-ren bertsio laburrago bat, 2014-2015 artean idatzitako narrazioak aurretik zeuden.

Narraziorik berriena aipatu dugu, aurkezpenenaren harira irakurri dizugu lehenengo narrazioak aspaldian zeudela idatziak, Pop pilulak fanzinearekin lotuta. Oso presente dago musika, artea, kultura, erreferentziak… Zein neurritan markatu zizuten hasierako narrazio haiek ildo bat liburu osorako, zein neurritan kutsatu zuten giro bat?

Guztiz markatu zuten ildoa, haiek baitira liburuaren abiapuntua. Haietako bakoitza idatzi ahala beste bat idazteko gogoarekin geratzen nintzen. Orduan, banekien noizbait liburu batean bilduko nituela. Eta Pop pilulak bukatu zenean jada liburuaren proiektua abian zen. Bien bitartean, gertatu zen bizitzak mahai gainean jarri zizkidala Joana Maiz nobela grafikoa aurrera ateratzeko aukera eta enkarguzko zinemarako bi gidoi luzeren idazketa. Hala, idatzitako hiru azkenekoak ere pop kulturaren munduaren baitan girotuak dira. Gainera, badaude ipuinen arteko erlazioak. Arintasuna, liburuan lehena kokatutako ipuina, adibidez, joan den urtean idatzitakoa da, eta Astuntasun jasanezina-rekin lotura du, baina hiru urte beranduago egina dago. Amnesia anderea, Lady Amnesyrekin lotura duen ipuina, joan den urtean idatzi nuen. Eta liburuan ageri den Kathy, Lydia, Wilma Pop pilulak-erako idatzitakoaren beste bertsio bat da, luzeagoa. Beraz, ipuin bakoitza independentea da, eta, aldi berean, kasu batzuetan, aurreko kontakizunarekin erlazionatuta dago.

Zer da zuretzat pop kultura? Sentsazioa daukat ez ote den denborarekin pop kulturari “arintasuna” beharrean “arinkeria” egozten, nahiz eta justu jendearekin gehien konektatzen duena modua izan. Zergatik duzu interesa pop kulturarekiko?

Pop kulturak edo kulturak popularrak ekarri zuen, surrealismoak jada hasitako, besteak beste, kultur adierazpide askoren hedapena eta “demokratizazioa”. Eta kultura jasoaren desakralizazioarekin batera, kultura jasoaren eta ez jasoaren arteko mugen deuseztatzea. Arropa garbitzeko txinbo xaboia arte bilakatzeko aukera, hau da, eguneroko gauza arruntak erdigunera eramatea. Edonoren esku dagoen zerbait. Zentzu horretan interesatzen zait pop kultura, bai sortzeko abiapuntu hartuta eta bai hartzaile naizen aldetik. Ariel garbitzeko xaboia arte bilakatzen den unea. Horrek artistaren figuraren desmitifikazio bat ere badakar, alde batetik. Ildo horri helduta, niretzat, gaur egun, guztia da kultura popularra. Ez dut kultura jasoa-popular arteko bereizketarik egin nahi. Bereizketak izatekotan, maila estetikotik edo literariotik. Nik behintzat ez dut bereizten kultura jasoaren eta ez jasoaren artean. Banaketa hori burgesiak egin zuen duela mende asko, klase sistema zela eta, eta horren atzean artea eta bizitzaren arteko banaketa dago, status quo-a mantentzeko interesarekin egindakoa, eta asko, gaur egun, horretan tematzen dira, ez alferrik gizarte-kapitalista-patriarkal-kontsumista eta klasista batean bizi garen. Hor kokatzen den sortzailearen edo artistaren, edo nahi diozun bezala deitu, letra xeheez betiere, aurrera egiteko eginahalak, bizi-tentsioa, fikzioaren bitartez islatzea oso interesgarria egiten zait. Horren inguruan eraiki den literatura erakargarria zait, bizimoduaren akatsak eta bertuteak agerian uzten dituelako, besteak beste.

Gasolindegian 2010ean plazaratu zenuenetik presente egon zara idazle eta irakurle tailerretan, gidoigintzan ibili zara, eta literatur idazle bezala Joseba Larratxerekin egindako Joana Maiz liburuan topatu zaitugu duela gutxi, arrakasta handia izan duen lana, hain zuzen ere. Errazagoa izan da helduen literaturarako nolabaiteko itzulera liburu honekin Joana Maizeri esker?

Berez ez, ipuin gehienak idatzita zeudelako Joana Maiz idazterako.

Eta Joana Maizek eragin dizu idazteke zeuden horietan? Izan ere, izan daiteke nolabaiteko zubi bat: komikiak badu gidoitik, baina baita helduentzako narraziotik ere…

Bai, badago zubi zuzen bat, seguru. Fikzioan lantzea interesatzen zaizkidan gaiak Joana Maizen presente daude. nobela grafiko baterako forma duen gidoian landuak, eta Lilurabera-n literatur formarekin, irudirik gabe.

Eta zeintzuk dira bi lanak lotzen dituzten hari horiek?

Batez ere emakume sortzaileak gaur egun bizi behar dituen egoera ezberdinak, oso-oso orokorrean esanda, eta iragana eta orainaldiaren artean sortzen den tentsioa. Baina horiek marko orokorrak dira, eta gero forma hartzen dute pertsonaia eta trama ezberdinen bitartez. Idazteko planteamendua guztiz ezberdina da.

Esango genuke liburuan badela aire bat hondoa jotzearekin zerikusia duena, denboraren iragaitearekin, galtzaile izatearekin denborari lotuta… Kontzientea da aire hori?

Bai. Erabat kontzientea da. Gero gainera galde egin diezaiokegu gure buruari, zer den porrota eta zer arrakasta. Zerk determinatzen ditu horiek gaur egun? Eta emakume profesional batengan, zerk determinatzen du porrota edo biziraun behar izateak?

Eta erantzunik topatu duzu?

Nik galderak planteatzen ditut, eta irakurleak jarriko dio, edo ez, erantzuna bere irudimenaren bitartez.

Lady Amnesy narrazioan esaldi hau topatu dugu: “Barruan daramadan distortsio bat izango da”. Akaso beren bizitzetan nola edo halako distortsioak sumatzen dituzten pertsonaiak dira nagusi liburuan?

Bizitzak berak distortsio mota asko ditu. Nahiz eta batzuk tematzen diren melodia zoragarriak besterik ez entzuten, nik uste dut beti daudela distortsioak bizitzan. Kontua da zein garrantzia ematen diegun distortsio horiei, edo nola erreakzionatzen dugun haien aurrean. Jarrera horrek baldintzatzen du guri bizitzan gertatzen zaiguna.

Eta jarrera hori aipatzen duzula lotuko dut tituluarekin. Hauxe Amnesia andereako pasarte bat:

“Gau mahaian koaderno bat, japonieraz-edo idatzia. Hitz ulertezinak, baina, marrazki moduan liluratu nindutenak… Lilurabera bainintzen… Edo, beste ezeren gainetik, liluraturik egoteko beharra nuen… Hainbeste, are ikur sorta arrotz hura ni liluratzeko gai baitzen. Xurgagailu, hautsetako trapu eta garbitzeko eskularruetatik urruntzeko, lilurabera izan beharra zegoen.”

Lilurabera izateak salbatuko gaitu, egunerokoan?

(Barreak) Ez dakit salbatuko gaituen baina segur aski zoriontsuagoak egingo gaitu, behintzat momentu labur batzuetan. Lilurabera izateak pertsonaia horrentzat bai suposatzen du salbazio bat, aipu horretan esaten den bezala. Lilurak gure inkontzientearekin dauka zerikusia: Zerk liluratzen gaitu eta zerk ez? Hori kontrolatu dezakegu? Nora garamatza liluraberatasun horrek? Edo, noiz kontrolatu behar duzu, noraino bai eta noraino ez? Non hasten da galbidea? Nire ustez hortxe dago koxka ,eta pertsonaia hauek hor mugitzen dira.

Artea, kultura, izan liteke lilura sortzeko, eta batez ere, sentitzeko bide bat? Arte eta kulturako erreferentzia asko dago liburuan: literatura, argazkigintza, zinema, musika, arte garaikidea bera… Nola sortzen da paisaia hori?

Pertsonaiak eraikitzerakoan koherentzia baten barruan egin behar dugu, eta horri eutsi. Hortaz, pertsonaia baten gustuak eraikitakoaren araberakoak izan behar dute, eta, aldi berean, gustu horiek ondorioak dituzte. Liburuan ageri diren erreferentzia literario-musikal guztiek dute zentzu bat pertsonaia horien munduan. Hori oinarrizkoa da, bestela, egiantzekotasuna galtzen du pertsonaiak. Erreferentzia ezberdinak eta ugariak daude eraikitako ahots narratiboak hala eskatzen zidatelako. Bestalde, gaur egun, gutako bakoitzaren egunerokotasunean ere, zenbat erreferentzia daude? Eta berdin du nongoa zaren. Edozein pertsona hartuta ere, zenbat abesti ezberdin entzuten ditu egunean zehar, zenbat testuk inguratzen dute, irakurtzen ez baditu ere? Kultura popularra hain zuzen ere hori ere bada, erreferentzien gaindosi bat.

Idealizaziorik ez dago, hala ere. Honatx arteari buruzko gogoeta bat, Basquiat ez da hilotz narrazioan:

Nola ez naiz akordatuko bada Hammer Clumek, twitterreko pentsalari batek, esandakoarekin:

“Erosteak aberats bihurtuko dituela sinetsita dauden pobreei saltzea da negoziorik onena”. Guk horixe egin baitugu erakunde hau sortzerakoan; izan ere, egunero dihardugu horretan, betiere kulturaren izenean… Nire barre algara entzungo al da nonbait?… Basquiaten lagun mina zen Julian Schnabelek hiriko berripaper batean esandakoaz ere oroitzen naqiz, beste inor jada hartaz akordatzen ez den honetan: “Zertarako dirua xahutu eraikina zaharberritzen. Eraikina jada baduzue. Hasi sortzen. Banatu dirua sortzaileen artean”.

Ironia asko topatu dugu, baita ere, artearen munduaren inguruan…

Horri ezin zaio ezer gehitu. Ironia ezinbestekoa da literaturan. Bi aipu horiek erreala deituriko munduan gertatu ziren. Bat twitterren eta bestea Julian Schnabel margolariak esan zuen hemengo kazeta batean, Tabakalera ireki baino lehen, han bertan egin zuen erakusketa baten harira Tabakalera proiektuaz galdetu ziotenean. Azken finean, kulturaren munduari inguratzen dion merkatu izugarri horretaz ari dira, leku bat non milioiak mugitzen diren baina gero artistek, musikariek, teknikariek, idazleek, aktoreek bizitzeko adina ez duten, eta kasu askotan entsegu lokalaren alokairuaren eta etxearen artean erabaki behar duten. Zentzugabekeria izugarriak daude artearen munduan merkatua existitzen delako. Nola ez begiratu horri guzti horri ironia dosi handiekin? Bestetik, sormena eta mundua ere beste modu batean bizitzen duten pertsonaiak interesatzen zaizkit.

Zer botatzen duzu zuk faltan literaturan, artearen munduan, kultur arloan…?

Iraganetik ez dut ezer faltan botatzen. Literatura beti ari da eraldatzen. Sormenak ez du etenik. Badaude betikoa begirada berri batez idatziko dutenak. Horiei ikusgaitasuna ematea da erronka, esango nuke. Egia da zentzu askotan zinismoak bizi gaituela, eta horrekin kokoteraino nago. Iruditzen zait eremu antzuak besterik ez dakartzala zinismoak. Lehiakortasunarekin dauka zerikusia, eta “dena egina dago” esaldiarekin. Dena egina dago norbaitek beste modu batean egiten duen arte!

Zertan zara zu lilurabera?

Lehen liluratzen ez ninduten gauza askok liluratzen naute orain, eta alderantziz. Nahiko nukeena da gaitasuna sekula ez galtzea. Nahiko nuke haiku batean bezala bizi beti, belar izpi batek liluratuta. Eta gosaltzeko tostadarekin flipatu ahal izatea (barreak), baina ez dut lortzen.

Idazle gisa, zeintzuk dira, aurrera begira, zure erronkak?

Badaukat nobela bat hasita, eta nahiko nioke horri heldu. Idazten jarraitu nahi nuke, funtsean.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.