“Antzerkigintza berriak” deialdialdiaren seigarren edizioa martxan

Gasteizko Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak martxan jarri dute Antzerkigintza Berriak programa, seigarren urtez, antzerki testu berriak idazteko xedez. Aukeratutakoek tailer batean landuko dituzte testuak, eta ondoren bat (edo batzuk) ekoiztuko dituzte. Euskaraz zein gazteleraz idazten duten dramaturgoak aurkez daitezke. Orain arte ekoiztu diren zortzi lanetatik hiru izan dira euskaraz: Soka, Miss Karaoke eta Erlauntza.

Antzerkigintza_berriak

Jarraian dituzue oinarriak.

ANTZERKIGINTZA BERRIAK HAUTATZEKO DEIALDIA

1. AURKEZPENA

Gasteizko Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak martxan jarri dute Antzerkigintza Berriak programa, seigarren urtez, zertarako eta dramaturgo berriei eta beste arte arlo batzuetatik etorrita (literatura, zinema…) sorkuntza eszenikoan barrendu nahi dutenei antzerki mundurako sarbidea errazteko.

Programa DSS2016k bultzatu zuen, haren ondarearen zati bat da, eta sortzaileen eta dramaturgoen sare bat sortzea du helburu, zertarako eta, ohiko bakarkako lana eta hain ohikoa ez den talde lana konbinatuta, material dramatikoen harrobia osa dezan, antzerki konpainientzat eta sorkuntza eszenikoarentzat erreferente izango dena. Halaber, ekinbide honen helburua antzerki testu berriak sortzea da; testua, partitura gisa ulerturik, zeina zuzendari bati ematen baitzaio eszenaratu dezan. Argi gera bedi “berri” hitzak ez duela zertan esan nahi berritzailea edo abangoardiakoa.

2. DEIALDIAREN XEDEA

Deialdi honen xedea gehienez ere zortzi sortzaile hautatzea da, antzezlan bat gara dezaten arte eszenikoen profesionalen gidaritzapeko prozesu batean, zeina parte hartzen duten hiru antzokietan –Principal Antzokian, Victoria Eugenia Antzokian eta Arriaga Antzokian– egindako laborategien bidez gauzatuko baita.

3. LABORATEGIEN DESKRIBAPENA

Hautaturiko pertsonek, gehienez ere zortzi, obra dramatiko bat garatu beharko dute bost hilabetean, arte eszenikoetako profesionalen gidaritzapean. Laborategi horiek 2021eko maiatza eta urria bitartean egingo dira. Datak eta lekuak behar adinako aurrerapenez jakinaraziko dira. Atal honen azken paragrafoan adierazten dena eragotzi gabe, laborategiak egin eta gero, sortutako obra dramatikoen artetik bat, bi edo hiru hautatuko dira eszenaratzeko, parte hartzen duten hiru antzokiek ekoitzita.

Horretarako, antzokiok beren aretoak, azpiegitura, langileak eta material teknikoa lagako dituzte ekoizpen horietarako. Halaber, antzoki bakoitzak bere gain hartzen du hautaturiko piezen emanaldia egitea.

Edozein kasutan, obra dramatiko bat hautatzeak eta ekoizteak ez dakar nahitaez berekin eszenaratzea egileak berak zuzentzea. Erabaki hori hiru antzoki parte-hartzaileen esku dago.

Hala ere, Balioespen Batzordeak erabakitzen badu ezein proiektuk ez duela aski interes edota ezinezkoa dela haiek behar bezala eszenaratzea, ez da ezein hautatuko ekoitzia izateko.

4. HAUTAGAIEN BETEKIZUNAK

Europar Batasuneko herrialdeetan bizi den edonork parte hartu ahal izango du deialdian, sorkuntza dramaturgikoarekin lotuta ibilbide bat hasten ari bada edota, beste arte-arloren batetik (literatura, zinema…) etorririk, sorkuntza eszenikoan barrendu nahi badu. Arteibilbide guztiak hartuko dira aintzat, ez bakarrik literatur ibilbideak.

Aurreko deialdietan aurkeztu eta hautatuak izan ez direnak ere aurkeztu ahal izango dira.

5. DIRU-LAGUNTZA ETA BALIABIDEAK

Hautaturiko pertsonek 3.300 €-ko diru-laguntza bat izango dute, proiektuan jardutearen eta laborategietako dieten truke.

6. BALIOESPEN BATZORDEA

Balioespen Batzordea parte hartzen duten hiru antzokien ordezkariek osatuko dute.
Batzordearen erabakia 2021eko apirilaren azken aldera jakinaraziko da; lehenik onuradunei, eta ondoren  ww.donostiakultura.eus webgunearen bidez. Batzordeak eskubidea du betiere deialdia osorik edo partez esleitu gabe uzteko, bai jasotako proposamenek ez dituztelako gutxieneko betekizunak betetzen, bai geroago, laborategia amaitu ondoren, Batzordeak proiektuen koprodukzioa eta ezenaratzea ezegokitzat jotzen badu.

7. ESKATZEN DEN DOKUMENTAZIOA ETA ESKARIAK AURKEZTEKO EPEA

Dokumentazioa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango da.

Dokumentazio guztia, idatzizkoa zein grafikoa, posta elektronikoz bidali beharko da arteeszenikoak@donostia.eus helbidera, gaitzat hau jarrita: “Antzerkigintza Berrien Deialdia”.

Kasu guztietan, eskaria bideratzeko, beharrezkoa izango da honako dokumentazio hau bidaltzea atxikita:

- Nortasun Agiriaren fotokopia edota bizilekua EBan duela egiaztatzen duen agiria.
- Curriculum vitae
- Aurkezpen-bideoa (3 minutu gehienez): gehienez ere hiru minutuan erantzun behar da, luzapen handiagoko bideoak ez dira onartuko.

HONAKO GALDERA SORTA HAU:

 1-SINOPSIA (paragrafo bat) eta GARAPENA, argumentu-eran.
Baldin eta proiektua ez bada ohiko eredu narratiboetan sartzen, mintzagaia zein den (GAIA) eta nola kontatu nahi den (TRAMA) azalduko da.

 2-FORMATUA, HIZKUNTZA NARRATIBOA, PERTSONAIAK… Proiektu bakoitzaren berezitasunaren arabera, eta kontuan izanik prozesuan zehar aldatu egin daitekeela, honako honetaz jarduteko eskatzen da:

-Formatua: proiektuaren tamaina, formatu handia ala txikia; ohiko aretoetarako (italiar erara) ala bestelakoetarako; laugarren horma hausten den ala ez; egitura (edo desegitura) narratiboa…

-Hizkuntza narratiboa, zeina denik eta poetikoena eta estilizatuena nahiz  naturalistena eta prosaikoena izan baitaiteke.

-Pertsonaiak.

-Hautagaiak interesgarritzat jotzen dituen beste xehetasun batzuk, obrarekin zerikusia badute.

 3-GENEROA, TONUA. Honen xedea hautagaiaren asmoari buruz argibideak ematea da, non koka daitekeen proiektua genero- eta tonu- aukeren artean (drama zirraragarrienetik komedia arinera). Baldin eta proiektua ez badator bat ezein etiketa formalekin, saiatu kontatzen zergatik.

Bideoak honako formatu hauetan grabatuta egon beharko du: MP4, AVI, MKV, MOV, DIVX; eta honako aplikazio hauetako batean partekatu beharko da deskarga-estekaren bidez: Google Drive, OneDrive, Wetransfer edo Dropbox. Ez bidali artxiboa emailez zuzenean

Idatziz erantzun beharreko GALDERA SORTAren laburpena (folio bat gehienez)

Hautagaitza aurkezteko epea 2021eko martxoaren 31ko 18:00etan amaituko da. Hautaketa epaimahaiak eskubidea du betiere puntu honetan ezarritako denbora- eta forma-baldintzak betetzen ez dituzten hautagaitzak aintzat ez hartzeko.

Deialdiari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, jo bedi honako helbide honetara:

arteeszenikoak@donostia.eus.

8. HAUTAKETA PROZESUA. BALIOESPEN IRIZPIDEAK

Balioespen Batzordeak hautagaitzak aztertuko ditu, deialdiaren irizpideen arabera kalitate eta egokitasun artistikoa balioesteko. Bereziki, honako alderdi hauek balioetsiko dira:

- Eskatzailearen ibilbide orokorra
- Aurkezpen bideoaren interesa bai bideo zein idatziko bertsioetan.
- Proposamen eszenikoaren abiapuntuaren originaltasuna eta interesa

Orobat, hautaketa prozesuan sartu ahal izango da bideo-elkarrizketa pertsonal telematiko bat ere, Balioespen Batzordearen –zeinak tutoreen laguntza izan baitezake– eta hautagaiaren artean, aurkeztutako proiektua sakonago ezagutzeko.

9. PERTSONA ONURADUNEN BETEBEHARRAK

Hautaturiko pertsonek betebehar hauek dituzte:

- Laguntza onartzen dutelako agiria sinatzea, non laguntzaren baldintzak zehaztuko baitira. Aktiboki parte hartzea adieraziko zaizkien leku eta datetan egingo diren laborategietan, eta, tutoretzapeko prozesu horren ondorio gisa, obra dramatiko bat garatzea eta sortzea.
- Lagako zaien espazioa erabiltzeko barne-arauak betetzea laborategietan (ordutegiak, segurtasun protokoloak, materialaren erabilera, instalazio erabilgarriak, eta abar).
- Programaren barruan antola litezkeen komunikazio- eta bitartekaritza-ekintzetan parte hartzea (jardunaldi irekiak, prentsaurrekoak, solasaldiak, topaketak…).
- Ezar litezkeen lan epe partzialak betetzea, bai eta programa daitezen lan bileretan izatea ere, aurrez aurrekoetan zein birtualetan.
- Norbaitek betebehar horietako edozein behin eta berriz beteko ez balu, harentzat programa amaitutzat jo ahal izango litzateke.

10. ORDAINTZEKO ERA

Diru-laguntza honako planteamendu honen arabera ordainduko da:

- Zenbatekoaren %75, deialdiaren ebazpenarekin batera, laguntza onartzen delako agiria entregatu eta gero;
- zenbatekoaren %25, obra dramatikoaren testua entregatu eta gero.

Deialdia osorik irakurtzeko, begiratu HEMEN.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.