Martxan da Blas de Otero-Bilboko Hiria poesia lehiaketa

Bilboko nazioarteko poesia sariak bosgarren edizioa beteko du aurten. Lehiaketa honetan, 6.600 euroko bi sari banatuko dira. Euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan nagusitzen diren idazleei, hain zuzen. Lanak aurkezteko epea irekita egongo da datorren ekainaren 15era arte, eta epaimahaiaren erabakia urrian jakinaraziko da.

Lehiaketan aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta beste ezein sariketan saririk edo akzesitik jaso gabeak. Halaber, ez dira jatorrizko lan gisa onartuko, aurkezten den modalitateko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lanek 700 bertso izango dituzte gutxienez eta 1.000 gehienez, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

Ekainaren 15ean amaituko da epea
Lanak ekainaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira. Bere sormen lana paperez aurkeztu nahi duenak, lanaren lau kopia bidali beharko ditu Abando-Barrainkuako Udaltegira, Blas de Otero Fundazioaren izenean. Hauxe helbidea: Barrainkua kalea, 5 48009 Bilbao.
Udaleko web gunearen bitartez aurkezten diren lanei dagokienez, egileak bere datuekin bete beharko du estekatu dugun formularioa, eta poema-bilduma PDF formatuan bidali beharko du.
Epaimahaiaren erabakia 2012ko urrian jakinaraziko da.

Iaz, Jabi Santa Cruz izan zen irabazlea
Blas de Otero-Villa de Bilbao Poesia Sariaren azken edizioan, Jabi Santa Cruz Agirre idazle bizkaitarra nagusitu zen, “Baso ilun itoan” izeneko poesia-bildumarekin. Gaztelaniazko modalitatean Soriako César Ibáñez París idazlearen “La ruta de la sed” lanak irabazi zuen.
Bitxikeria moduan esan behar da lehiaketak hirukoiztu egin zuela partaide kopurua 2011n. Gaztelaniaz 241 lan aurkeztu ziren, eta euskaraz 13.

Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean
Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria, 2008an sortu zuen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilboko poetaren lana kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko hiritarren artean, hiriak eman duen idazle handienetako baten irudia ezagutaraztea da.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>