Arteak eta kulturak blog berri bat dute: Kulturpekaria

Leioako fakultatean elkar ezagutu zuten lagun batzuk abiarazi dute

Mezu bidez jakin duzu. Esteka igorri dizute. Murgildu zara sarean, zehaztutako helbidean, eta honakoa irakurri duzu: “Gazteak gara eta artea maite dugu. Bokazioak ekarri gaitu ona. Ateak zabal-zabalik dituzue honetan, zeuon etxean. Musika, zinema, literatura, moda, arte eszenikoak eta plastikoak jorratzeko asmoa dugu. Euskal ikuspegitik, nazioarteko arteari eta arte euskaldunari begiratzeko nahia. Heldu da Kulturpekaria!”. Hau irakurri ondoren, jakin-min handia piztu zitzaigun. Eurekin harremanetan jarri eta hauxe duzue e-postaz Kulturpekaria blog-eko kideekin izan dugun solasaldia.

Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Edinburgo aldekoak dira blog-a abiarazi duten kideak. Baina “taldean ez dago hierarkiarik, guztion artean adosten dugu hileko gaia”, hala adierazi digute. Partehartzea sustatzeko asmoa ere badutela esan daiteke: “edonori zabaldutako egitasmoa da. Euskaraz edozein arte diziplina jorratu nahi duen edonork har dezake parte, gurekin harremanetan jarri baino ez du egin behar”.

Zein da blog honen egitasmo nagusia? Informazioa helarazi, hausnarketa sustatu, artelan ezberdinen berri eman…
Blog-aren egitasmoa kulturaz hitz egitea da. Guztiok kultur zaleak gara, bakoitzak bere azpi-gaia aukeratzen du eta aurrera eramaten dugu. Gutako bakoitzak sekzio batean aritzen da batez ere, nahiz eta batetik bestera pasatzeko nahiko malgu jokatzen dugun. Gure ideia hilero gai bat ezartzea da eta hortik aurrera bakoitzak azpi-gaia aukeratu eta aurrera eramaten du bere interesen arabera. Informatzeko eta hausnarketa sustatzeko idazten dugu. Gauza berriak ekarri nahi ditugu, baina iraganekoa ahaztu gabe. Horrez gain, sormenezko testu eta irudiei ere leku eman nahi diegu. Dena den, blog-arekin hasi berri gara, hile bi daramatzagu testuak argitaratzen eta oraindik estruktura eta funtzionamendua zehazten gabiltza. Hasiera bateko planak aldatuz joan dira eta proiektua egoera berrira moldatu behar dugu.??

“Hutsune nabarmena dago sareko edukietan”

Euskal ikuspegitik aritzeko borondatea duzuela diozue blog-ean. Euskara hutsezko blog-a izango da orduan?
Euskara hutsezko blog bat da, hala erabaki dugulako, eta euskarazko bloga izaten jarraituko du, ez dugu gaztelerazko, frantsesezko, ingelesezko… lanik argitaratzeko asmorik, aurretik euskarara itzuli gabe, behintzat. Gazteleraz horrelako gauzak egiten direla uste dugu, eta euskaran hutsune hori aurkitu dugu. Azkenaldian euskarazko blog eta aldizkari asko sortzen ari bada Interneten, oraindik ere hutsune nabarmena dago sareko euskarazko edukietan, gure ustez.

Ohiko hedabideetan arte diziplina batzuk ez dute atentzio handirik jasotzen. Gabezia bat sumatzen duzue zentzu horretan?
Ohiko hedabideak generalistak dira, gai asko jorratzen dituzte eta ezin dute denbora edo tarte asko erabili gauza konkretu batentzat. Normalean politikan zentratzen dira gai garrantzitsuenak direlako haien ustez eta artea azkenean aurkitzen dugu gehienetan. Gabezia dagoela ez genuke esango, lehentasuna baizik. Arteen inguruko oso gauza txukunak egiten dira hedabideetan eta, gehienetan ez da kantitatea, kalitatea baizik. Gure lehentasuna bestelakoa da, artea eta kultura gizakiarentzat elikagai dira politika, ekonomia, eta gizarte gaiak beste. Azken finean, denak elkarloturik daude. Guk parte hori, kulturarena, lantzea erabaki dugu gustuko dugun zerbait delako.
Arteen inguruko hedabide espezializatuak egon badaude, baina euskaraz oso gutxi dira. Guk ere zerbait espezializatuagoa egin nahi izan dugu eta horren harira, gainera, bakoitzak bere espezialitatea hartu du. Ez gara inondik inora, jorratzen ditugun gaietan espezialistak, baina horien inguruan interes handia dugu eta ahalik eta gehien ikasten saiatzen gara. Lan txukunak egin nahi ditugu eta horretarako denbora behar da eta jorratu beharreko gaiaren inguruan ikertu beharra dago. Ohiko hedabideetan, egunkari, irrati, telebista eta zenbait aldizkaritan, gaiak denboraz jorratzeko denborarik ez dagoenez, gaiak gutxiago lantzeko aukera dago. Guk hilean behin baino ez ditugu gure testuak igotzen, eta horrek denbora ematen digu ikertzeko eta zerbait landuagoa egiteko, lortu ala ez, horrela egiten saiatzen gara. Maiztasunaren eta argitaratze daten inguruan ere eztabaidatzen ari gara orain. Talde finkoa ere ez dago guztiz zehazturik eta horren araberako moldaketak egin beharko ditugu hainbat gauzaren inguruan. ?

“Oraindik martxa hartzen ari gara”

Kulturpekaria lan-talde batek kudeatzen du ala partehartzera irekita dagoen blog-a al da?
Edonori zabaldutako egitasmoa da. Euskaraz edozein arte diziplina jorratu nahi duen edonork har dezake parte, gurekin harremanetan jarri baino ez du egin behar. Euskara erabiltzea, gaiak sakonki lantzea eta errespetuz jokatzea dira parte hartzeko baldintza bakarrak. Printzipioz, talde finko batek osatzen dugu Kulturpekaria, baina edozein batu daiteke taldera, edo bestela noizean behin kolaboratu. Gure artean ere, asmo hori dago, batzuk hilero idatziko dugu eta besteek, ezinezkoa dutenez hilero idaztea, noizean behin kolaboratuko dute.
Gutako gehienok kazetaritza ikasten ezagutu ginen Leioako fakultatean, baina badaude ere, beste ikasketak egin dutenak. Aurretik batera zerbait egiteko asmoa genuen, ideiari buelta asko eman eta gero, lagun guztiei zabaldu genien parte har zezaten. Gure ideia da edonor idaztea, eta hori dela eta, sare sozialetan aukera hori zabaldu dugu, baina oraindik ez digu inork erantzun parte hartu nahi duela esanez. Hala ere, aurrera egiteko talde finko baten beharra ikusten dugu, blog-aren funtzionamendua bermatzeko beharrezkoa da gure ustez.


Blog-ak azpi-atal ezberdinak ditu: Arte Ederrak, Arte Eszenikoak, Literatura, Moda…

Taldean ez dago hierarkiarik, guztion artean adosten dugu hileko gaia, bakoitzak bere proposamenak botatzen ditu eta gehien gustatzen zaiguna hautatzen dugu, normalean gaurkotasunari lotutako zerbait bilatzen dugu, baina aurkitu ezean, beste gairen bat hartzen dugu. Behin gai nagusia aukeratuta, bakoitzak nahi duenaren inguruan idatzi dezake. Hori bai, sekzio bakoitzak bere arduraduna du sekzioa kudeatzeko.
Hala ere, lehen azaldu bezala, oraindik martxa hartzen ari gara eta ditugun baliabidetara egokitzen, pixkanaka-pixkanaka aurrera egiteko asmoz.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>