«Itzuli nuen lehen liburuan, amets egin nuen aditz batekin, eta ametsak eman zidan soluzioaren parte bat»

1988an argitaratu zen Koro Navarrok itzulitako lehen liburua, eta harrezkero 30 lan inguru ekarri dizkio euskal literaturari, batez ere ingelesetik, eta askotariko moldetakoak: eleberria, saiakera, eta ipuina; helduentzako, haurrentzako eta gazteentzako literatura… Orain itzultzea «gehiago kostatzen» zaiola dio.

 

K. Navarro_argazkia

Euskal itzulpengintzarekin kasik batera egin du ibilbidea Koro Navarrok (Donostia, 1955): itzultzaileek apenas eredurik eta aitortzarik zuten garaietan hasi zen, testuak eskuz euskaratzen, eta gerora lehen lerrotik ezagutu ditu teknologiaren eta estimuaren onurak. 30 urte inguru daramatza ofizioan eta beste horrenbeste liburu itzuli ditu, batik bat ingelesetik: batzuk zailak, besteak gustagarriak, eta zenbait hausnarketa eragileak.

Zergatik erabaki zenuen itzulpengintzan hastea?

Ez nuen erabaki. Itzultzaile eskolan ibili nintzen irakasle, baina ez itzulpengintzan, baizik eta bestelako gaietan; hala ere, gertutik ikusi nuen itzulpengintza. Langabezian geratu nintzen, baina batere kezkarik gabe, pentsatzen nuelako nahi baino lehenago aterako zitzaidala lana. Ingelesarekin jo eta fuego jarri, eta aspertu nintzenean saio bat egin nuen. Ondo atera zen, liburu bat izan zen: Patricia Highsmithen Poliki, poliki haizetan [Elkar, 1988]. Hortik aurrera, gutxi gorabehera gelditu gabe ibili naiz.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urte horiek? Bai zure lanari zegokionez, baita itzulpengintzaren egoera orokorrari zegokionez ere.

Ikaragarriak izan ziren. Lehenengo itzulpena eskuz egin nuen, papera eta boligrafoa erabilita. Ez nekien makinaz idazten, ordenagailurik eta internetik ez zegoen; esaldi zail bat zegoenean, aspirina. Ezjakintasuna izugarria zen, ausardia ere bai, baina ez zen gaizki atera. Orduan, ia-ia ez zegoen itzulpenik, itzultzaile gutxi zeuden, eta oso gaizki ikusita zegoen. Hala ere, baziren irakurle batzuk gustura irakurri eta estimatzen zituztenak. Oraingoarekin konparatuta, bestelako mundu bat zen, erabat.

Hasi zineten ia eredurik gabe. Zuek ezarri zenituzten euskal itzulpengintzaren arauak, hein batean.

Ez zegoen inolako eredurik. Nik eredutzat hartu nuen Xabier Olarrak itzulitako Karteroak beti deitzen du bi aldiz [James M. Cain; Elkar, 1985] —gero titulua aldatu dio: Postariak bi aldiz deitzen du beti [Igela, 2003]—. Hura aztertu nuen goitik behera, eta ikusi nuen euskara landu behar nuela. Nire koxkarik handiena zen eta da. Jatorrizkoan agertzen den gauza bat esateko guk ez daukagu esapiderik, edo ematen du ez daukagula, edo niri ez zait bururatzen baliokide egokirik; alegia, testu horretan modu egokian txertatuko dena: horren bila nabil ni beti. Gauzatxo bat ez ulertzea ez da arazoa. Beste kontu bat da euskaraz jartzea: horretarako jakinduria handia behar da, eta nik ikusten nuen ez neukala; oraindik ere ez daukat, baina saiatzen naiz ahal dudana egiten.

Teknologiak itzulpengintza aldatu du. Nola aldatu du zure estiloa?

Ez dakit nire estiloa aldatu den. Teknologiak eman didana izan da erosotasuna. Kalitatea ere bai, pentsatu nahi nuke. Gaur egun, eta batez ere hasiera haiekin konparatuta, munduko tresna guztiak dauzkagu eskura; tekla bati eman eta hortxe daude denak, kalean edo lanean. Adibidez, Ereduzko Prosa edo Orotarikoa kontsultatu ahal izatea gauza oso handia da, eta asko lagundu dit. Ez dakit zein den nire estiloa. Ni gauza batean aldatu naiz: orain gehiago kostatzen zait itzulpen bat egitea. Ez dakit den zorrotzagoa naizelako, orain lehen baino gehiago zuzentzen dudalako, edo zaharragoa naizelako.

Uste duzu teknologiak ekarritako erraztasunak erakargarriagoa egiten duela itzulpengintza orain? Batez ere bere etorkizuna bermatze aldera.

Igual bai, erosotasunagatik. Lehenengo itzulpenak liburu handiz inguratuta egiten genituen, eta gero errepasatzeko… Orain, berriz, mila bertsio egin ditzakegu.

Askotan esaten da itzulpen ona dela ia igartzen ez dena, gauza arrarorik ez duena. Bada itzultzailearen lana ezkutukoa?

Bai eta ez. Gauza arraro horiek —irakurlea geldiarazten dutenak, etenak— izaten dira gauza desegokiak. Uste dut berdintsu gertatzen dela itzulpenetan eta jatorriz euskaraz idatzitakoetan: nabarmentzea josturak nabarmendu behar ez diren lekuan.

Nola ekiten diozu itzulpenari? Itzuli behar duzun autore eta liburua sakon aztertzen dituzu aurretik?

Ematen du biderik logikoena dela lehenbizi obra, autorea eta abar ondo ezagutzea. Denbora behar da horretarako, eta askotan ez dago. Nik hasieran hori egiten nuen, ustez hori zelako bide zuzena, eta behin, kasualitatez, deskubritu nuen itzultzen ari nintzen ipuinetako bat ez nuela irakurrita. Itzultzerakoan konturatu nintzen. Itzuli nuen zoratzen, askoz gusturago, jakin gabe zer gertatuko zen. Eta harrezkeroztik ez dut ezer prestatzen, sartzen naiz zuzenean testuan, eta itzultzen dut zuzen-zuzenean. Noizean behin gauza arraroak aurkitzen ditut, hasten naiz pixka bat aztertzen, liburu horri buruz irakurtzen, dokumentazio lana egiten.

Gero, hizkuntza potenteetan, batzuetan, itzultzaileak espezializatzen dira autore jakin batzuengan; ni eta euskal itzulpengintzako beste asko, ez. Ni ez naiz batere trebea edo aritua sentitzen itzuli dudan liburuan, eta are gutxiago egilean, ez bada kasualitatez interesatu zaidalako. Gainera, itzulpena lana da, eta ez oso ondo ordaindua, normalean; beraz, batzuetan ez zait batere gustatzen. Orduan, nik zergatik landu behar dut hori? Ez dut nahi, ez zait interesatzen edo ez daukat astirik.

Ahalko balitz, gustatuko litzaizuke autoreren batengan espezializatzea?

Ez. Gauza bat da niri gustatzen zaizkidan autoreak, eta beste bat itzuli nahi ditudanak. Askok esaten dute: «Niri hau ikaragarri gustatzen zait, eta haren lanak itzuli nahi ditut». Beno, ba nik ez. Niri gustatzen zaizkit liburu errazak, erraz itzultzen ditudanak. Gero gertatzen da errazak ematen dutenak ez direla hala izaten. Batzuetan bai, badira: adibidez, Nikolas Txiki. Zoragarria zen, gustatzen zitzaidan ikaragarri, aspalditik irakurtzen nuen; hura itzultzea gozamen izugarria izan zen: ipuin motzak, errazak, polit-politak. Lan perfektua izan zen.

Itzuli dituzu haur eta gazte literaturako beste lan batzuk ere. Errazagoak dira, oro har? Zer berezitasun dituzte?

Segun. Haur eta gazte literatura oso-oso zabala da. Azkenengo urte hauetan, ipuin gutxi batzuk itzuli ditut, oso ume txikientzat; oso testu gutxi dute, batez ere irudia dago, beraz, ez dira batere errazak, jokatzen dutelako onomatopeiekin, esaterako. Suertea izaten da irudia dela kasik printzipalena, eta oso testu gutxi izaten dela. Pasatzen duzu ordubete onomatopeia egoki baten bila, baina gero testua berehala bukatzen da, eskerrak. Itzuli ditut gazteentzako liburu batzuk ere bai, batzuk oso onak; ez ziren zailak, abentura bera delako inportantea eta hori transmititu behar da, oso narratiboak dira. Horiek ere oso gustura egin ditut. Gose jokoak [Suzanne Collins; Alberdania, 2009] ikaragarri beldurgarriak, odoltsuak eta gogorrak dira, eta, hala ere, ez daude gaizki. Neska batek eskerrak bidali zizkidan liburu hori itzultzeagatik, kontatu zidan zenbat gustatu zitzaion eta nola gozatu zuen, eta tximeleta baten marrazkia bidali zidan opari, arrosa eta urdin argia. Odol horren guztiaren ondoren, eta tximeleta bidali. Oso pozgarria izan zen.

Salbuespena izaten da hartzaileekiko hartu-eman hori, ezta?

Bai, bai, salbuespen ikaragarria. Bakarrik irakurle taldeekin gertatzen da, eta oso atsegina da. Ez naiz askotan egon.

Hartu-eman horiek ekarpenik egiten diote zure lanari?

Poz handia ematen didate. Askotan sentsazioa da itzultzen sekulako lana egin eta gero, inork ez duela irakurtzen. Inork ez du aipatzen… eta orduan norbaitek zerbait esaten duenean, ilusio ikaragarria egiten du.

Esango zenuke itzultzaileek beste modu batera irakurtzen duzuela? Ez soilik itzuliko duzuen liburua, baizik eta orokorrean. Atentzio handiagoarekin, agian.

Askok esaten dute itzultzailea dela irakurlerik onena. Ni ez nago ados. Uste dut gure irakurketa modua oso berezia dela, oso sakona, baina irakurtzen dugu lupa batekin bezala. Txikikeriarik txikienak harrapatzen ditugu edo harrapatu behar ditugu, gero liburua ondo geratuko bada. Ez soilik daudenak, ez daudenak ere bai; hori oso zaila da, eta batzuetan konturatzen zara liburu erdian edo liburua bukatutakoan. Irakurketa hori oso sakona da, baina baita oso-oso gertukoa ere. Irudipena izaten dut distantzia ere behar dela liburuaren osotasuna ondo harrapatu eta ulertzeko. Nire iritzia hori da: itzultzaileak harrapatu behar ditu josturak eta hutsuneak oso-oso gertuko mailan; baina gero jakin behar du urruntzen.

Egon dira zure karreran mugarriak izan diren itzulpen konkretu batzuk, bereziki zailak izan direlako edo asko ikasi duzulako haiekin?

Batzuk pertsonalki inportanteak izan dira; adibidez, Gorilak lainopean [Dian Fossey; Klasikoak, 2009]. Erretiroa hartu dut, eta ari naiz gorilen eta txinpantzeen bideoak ikusten. Animalien mundua ezagutzera eman zidan; liburu zoragarria da, primeran pasatu nuen. [Isaac Bashevis] Singerren liburuak ekialdeko juduen mundua erakutsi zidan [Zortzi kontakizun, Alberdania eta Elkar, 2002], eta hori ere aztertzen segitu dut, bisitatzen eta irakurtzen… Uste dut ja kapitulu hori bukatu dela; animaliena, ez. Zaila gertatu zitzaidan, adibidez, Belarra kantari [Doris Lessing; Elkar, 2008]. Ikusten nuen momentu batzuetan inpresio handia sortu behar zutela paragrafo batzuek, eta iruditzen zitzaidan nirean ez zela hori gertatzen. Buelta asko eman behar izan nizkion lortu arte. Itzuli nuen lehen liburuan, amets egin nuen aditz batekin, eta ametsak eman zidan soluzioaren parte bat. Orain ez dut horrelako ametsik egiten.

Singer aipatu duzu. Justu bere ipuin antologia batekin irabazi zenuen Euskadi Saria, 2003an. Ipuinaren formatuak baditu berezitasun batzuk…

Bai. Alde batetik, nobela oso bat itzultzea da, eta bestetik, okerragoa. Ipuinen abantaila da nahiko motzak direla. Lehenengo liburuak itzuli nituenean, 300 orriko liburu bat itzultzea iruditzen zitzaidan ikaragarria: gogoan izatea pertsonaia, gauzak nola esaten zituzten hasierako orrietan eta bukaeran… Nobela batean emakumezko protagonistari izena aldatzen nion batzuetan, aurreko nobelako protagonistaren izenarekin deitzen nion, eta bukaeran konturatu nintzen. Desabantailarik ere badu: nobelak bere batasuna du, eta ipuin bilduma batean ipuin bakoitzak du bere estiloa eta mezua, nobelatxo asko balira bezala da.

Autore batzuk behin baino gehiagotan itzuli dituzu: Agatha Christie, Edgar Allan Poe… Autore beraren beste testu bati heltzen diozunean, ezaguna duzun sentsazioarekin ekiten diozu, edo zerotik hasi beharra duzu beti?

Niretzat berriro hasten da dena. Igual beldurra joaten zaizu pixka bat. Allan Poe lehenengoz itzuli nuenean, harekin aspirinarik ez, baina egun batean ia-ia bihotzekoak eman zidan. Ari nintzen itzultzen Botila batean aurkitutako eskuizkribua [Txertoa, 1989], ordenagailu txiki batekin, etxean bakar-bakarrik. Han zeuden denak itsasoan, erdi itota… Eta halako batean alaba etorri zen, ni ez nintzen konturatu, eta atea ireki zuen. Ze izua. Hasieran, Allan Poe itzultzea iruditzen zitzaidan… Oso ausarta nintzen. Aurrerago, beste gauza batzuk itzulita nituenean, beste esperientzia bat neukan, eta beste medio batzuk zeuden. Esate baterako, ni hasi nintzenean Hiztegi Batua ez zegoen, Ibon Sarasola ari zen egiten, eta noski, liburu formatuan argitaratzen zuten. Liburuxkak ziren: A-rena egin, eta ateratzen zen. Demagun ni lanean ari nintzenean Hiztegi Batua M-raino zegoela, eta hortik aurrera ez zegoela…

Esan duzu hasi zinenean itzulpena nahiko gaizki ikusita zegoela. Hori aldatu da? Zein da egoera orain?

Aldatu da erabat. Eta gainera esango nuke azken-azkeneko urteetan izan dela. Lehen oso gaizki ikusita zegoen. Jatorriz euskaraz idatzitako gauzak irakurri behar ziren. Literatur zaletasunerako gaztelania zegoen, eta euskara, militantismorako eta euskaraz gozatzeko. Baina itzulpen batekin nola gozatuko duzu? Ezin da. Hori zorionez aldatu da, eta gainera argi dago gauzak ez direla horrela. Azkenezko Senez aldizkarian ateratzen da transkribatuta Zarauzko iazko Literaturia jaialdiko mahai inguru bat. Egia esan, komeni da irakurtzea, ikusten duzulako beti kexatzen ari garela batere motiborik gabe. Itzulpenak gutxi irakurtzen dira? Literatura ere bai. Ale gutxi ateratzen dira? Literaturan ere bai. Euskaraz ale gutxi argitaratzen dira? Gaztelaniaz ere bai, proportzioan.

Isabel Etxeberria mahai inguru horretan zegoen, eta konparatu zituen jatorriz euskaraz idatzitako testuaren eta itzulitakoaren esaldiak: erdarakadak eta kalkoak berdin-berdin agertzen ziren bietan, eta batzuetan gehiago zeuden jatorriz euskarazkoa zenean. Pentsatzen da itzulpena euskara txarrez egongo dela, kalkoz josita, eta alderantziz gertatzen da. Logika ere badu, itzultzaileok erne-erne gaudelako horren kontra, hori gogoan daukagu beti, eta idazleak, ez. Itzultzaileak askoz diziplinatuagoak gara, gure lanagatik seguruena: itzultzaileak zuzenketa lanak egiten ditu, edo laburpen lanak, beti beste testu baten gainean; hizkuntzari eta azken produktuari garrantzi handia ematen dio, eta erne dago beti ea akatsik baden, Xuxen eta dauden tresnak erabiliz. Idazleak bestelako helburu batzuk dauzka, guztiz bidezkoak eta niri oso inportanteak iruditzen zaizkidanak. Alde horretatik, idazlea askoz inportanteagoa da itzultzailea baino. Idazleak zeozer esan nahi du; nik, ez. Nik bestearen mezua pasatzen dut.

Beraz, hasi zaie aitortzen euskal itzulpenei euskal literatura izaera?

Nik uste baietz. Hasi zen erakundeetan, beste gauza asko bezala, baina gero jendearen pentsamoldea atzetik dator, eta aldatu behar da. Euskadi Sarietan itzulpena besteen mailan dago, eta horrela beste gauza askotan. Baina azkenik irakurle arrunta dago, eta hori da inportanteena. Uste dut orain ari dela egoera aldatzen. Esate baterako, lehen ez zegoen ia harremanik idazleen eta itzultzaileen artean, eta orain zubiak egin dira. Egin ditu Anjel Lertxundik bere liburu inportantearekin, Itzuliz usu begiak [Alberdania, 2019], zubiak egiten dituzte Iban Zalduak, itzulpena sarritan aipatuz eta bere irakurle taldean erabiliz, eta Beñat Sarasolak, hura gogoan hartuz… Irakurlea hasi da euskal itzulpenetara jotzen, agian irakurle taldeen bidez. Eta badaude argitaletxe batzuk, oso onak, itzulpena bereziki edo bakarrik lantzen dutenak: Igela, Pasazaite, Meettok, Katakrak… Literatura Unibertsala bildumak ere sekulako garrantzia izan du itzultzaileontzat, trebatzeko baliabideak eman dizkigulako.

Itzulpenek aitortza lortu dute; itzultzaileek ere bai?

Bai, bateratsu doa kontua. Iruditzen zait inportantzia handiegia ematen zaigula.

Orain, behintzat, itzultzailearen izena azalean agertzen da batzuetan.

Ez dakit mutur batetik bestera joan garen. Hobe oraingo muturra. Orain dela urte batzuk, itzultzailea batzuetan ez zen aipatzen, liburua magiaz itzuli izan balitz bezala. Orain, idazlea eta itzultzailea azalean agertzen dira, ez tamaina berean. Ondo dago. Azkenean, arazoa berbera izan da hizkuntza guztietan. Gaztelaniaz, idazle klasiko garrantzitsu baten itzulpena eta itzultzailea aipatzen da komentarioetan eta kritiketan; hori eskertzen da. Ingeles literaturan garrantzi gehiago ematen omen zaio itzulpenari eta itzultzaileari, baina oso gutxi itzultzen dutelako, eta bakoitza gertaera handi bat da; gure kasuan, ez.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak, si-Elkarrizketak / Erreportaiak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.