Sortaldekoak, ahots berri baten adierazpena

Sortaldekoak argitaratu du Hedoi Etxartek Susaren eskutik; bere hirugarren poema-liburua da, eta, autoreak berak esan duenez, azken aurrena.

Sortaldekoak

Sortaldekoak izeneko poema-liburua kaleratu du Hedoi Etxartek Susa argitaletxearen eskutik. Aurrez beste bi poema liburu kaleratu ditu, Suzko lilia (Susa, 2008) eta Sinplistak, (Susa, 2012) bai eta Ihes ederra (Alberdania, 2009) nobela grafikoa ere, Alain Urrutiarekin batera. Bestalde, Katakrak argitaletxeko kidea da, eta komunikabideetako ohiko kolaboratzailea.


Etxarteren ahots berria(k)

Bederatzi urte pasa ditu ahots poetiko berri baten bila Hedoi Etxartek, orain arte ibilitako «ildo lirikoetatik» urrundu nahian. Badirudi lortu duela. Leire Lopez Susako editorearen arabera, hain justu ere tonu edo ahots horrek bateratzen ditu liburuko lau atalak eta askotariko gaiak: Lopezen esanetan, ahots hori ez da kategorikoa, ez du egiten baieztapen sendorik, harritu egiten da, eta, oroz gain, aldarte jakin batean jartzen du irakurlea.

Antzeko adjektiboak hartu ditu ahotan autoreak berak bila ibili den ahots hori deskribatzeko: «harriduraren, txundiduraren, ustekabekoaren» intentzioari jarraitu dio. Besteak beste, metaforak alde batera utzi eta konparazioen bidez sortu ditu poemak, lurrari «oso pegatuta», tonu «oso esplizitua» erabiliz.

Poetaren ahots berriak ez ezik, beste batzuen ahotsek ere osatzen dute Sortaldekoak. Horien zerrenda egin du Etxartek: «Poeten ahotsak daude, abeslarienak, ereserkienak, nobelenak, prentsako elkarrizketenak, liburu sakratuetakoak. Badira aipu esplizituak: iturria zein den esaten dudanak. Badira ezkutuko aipuak: inolako seinalerik gabe beste egileen poema puskak ala poema ia osoak nire bertsoetan nahastuta. Badira neure beste liburuetatik ekarritako poemak. Badira bi poeta liburu osoari kobertura lirikoa eman diotenak». Azkenik, izen-abizenez aipatu ditu genealogia bat osatzeko balio izan dioten lau poeta: Emily Dickinson, Edna Vicent St. Millay, Sharon Olds eta Louise Glück.

Egiturari dagokionez, liburuak lau atal ditu, eta «atal bakoitzean dago liburu osoa». Atal «paraleloak» dira, poema-kopurua zenbatzen duenak azkar egiaztatuko duen bezala: hamaseina poema atal bakoitzean (lau bider lau). Etxartek inoiz egin duen «libururik kolektiboena» omen da hau, eta poemak irakurri dituzten editore, senide, lagun eta kazetariak aipatu ditu autoreak esker onez.


Paperetik harago

Poema-liburua ez ezik, ikus-entzunezko ere bada Sortaldekoak. Hiru poemaren ikus-entzunezko aldaerak prestatu dituzte hainbaten artean, eta hurrengo hilabeteetan zabalduko dituzte. Lehena, Zerua eta sua, kalean da jada. Jarraian ikus dezakezue.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.