Analisi literario apasionatuen alde

Ogia eta zirkua saiakera argitaratu du Irati Jimenezek Erein etxearen eskutik: Harkaitz Canoren Neguko zirkua ipuin-liburuari buruzko analisi bat da. Uxue Razkin editorearekin eta Canorekin berarekin aurkeztu zuen lana autoreak, pasa den astean. Irudia: Erein.

Captura de pantalla 2021-10-27 a las 8.17.54

Udazken honetan literaturari buruzko bi saiakera argitaratuko ditu Irati Jimenezek, eta horietako lehena iritsi da jada liburu-dendetara. Beste liburu bati buruzko liburu bat da, Harkaitz Canoren Neguko zirkua (Susa, 2005) ipuin-bildumaren gaineko analisi bat, Ogia eta zirkua (Erein, 2021) izenekoa, Miguel de Unamuno sariaren irabazlea, eta «bidaia aluzinagarri» bat, Uxue Razkin Ereineko editorearen esanetan: «lan konplexua eta ausarta, ariketa inteligentea, eta estilo eder batekin».

Razkinen esanetan, Jimenezek asmatu du narrazio-multzo bati buruzko hausnarketa istorio bihurtzen: intrigaren eta abenturaren bitartez, tesi bat planteatzen du Jimenezek liburu honetan, hau da, beste liburu bat ezkutatzen dela Canoren liburuaren barruan, eta «irakurlea bideratzen du hori sinestera». Razkinek gehitu duenez, liburua aproposa da Neguko zirkua irakurri ez dutenentzat ere, baina Canorenean «literaturaren magia topatu zutenek honako honetan ere» aurkituko dutela nabarmendu du.


Liburuak azaldu beharrean, liburuak zabaldu

Idazleek berek baino inteligenteagoak diren balizko irakurleentzat idatzi behar omen dutela esanez hasi da Cano. Bere kasuan, irakurlea ez da balizkoa izan, irakurlea Jimenez izan da, eta eskerrak eman dizkio hari: «Sormen-lan bati gerta dakiokeen gauzarik onena da beste sormen-lan bat sortzea horretatik». Canoren arabera, Neguko zirkuak zortea izan du, Jimenezek azaleratu duelako haren atzean ezkutatzen zen liburuetako bat, eta «liburua azaldu beharrean, liburua zabaldu» duela adierazi du. «Iratirena disekziorik gabeko analisia da, arrantzatu ondoren libre utzitako amuarrain baten istorioa».


Zirkuan ezkutatuko altxorraren bila

Gau batez, lokartu aurreko unean «ez ametsetan baina ia ametsetan» ari zelarik, arrakala bat sortu zitzaion Jimenezi ideien artean. Txalaparta argitaletxerako Canoren ipuinen antologia bat osatu berria zuen –Mecanografiak (Txalaparta, 2018)–, eta Neguko zirkua hirugarren aldiz irakurri zuen horretarako. Irakurketa horretan ohartu zen, liburuko narrazioak elkarrekiko independenteak eta zeharo autonomoak zirela jakin arren, ipuin bakoitza amaitzean hurrengo kapituluaren jakin-minez geratzen zela.

Eta lokartu aurreko arrakala horretan ulertu zuen zergatik gertatzen zitzaion hori: «Ipuin bakoitzaren istoriotik aparte, beste zerbait gertatzen zaio protagonista bati, nahiz eta protagonista hori ikusezina izan, eta abentura bat bizi du, eta abenturak eraldatzen du». Abentura horrek zerikusia du idazketarekin eta literaturarekin. «Apasionantea iruditu zitzaidan».

Denborarik ez zeukala uste zuen arren, konfinamenduak osatu zuen lana Jimenezek: «Abentura bat idatzi nuen, altxorraren bilaketa bat, irakurleari esango banio bezala: deskubritu dut gauza bat, eta nahiko nuke nire ondoan esertzea, eta ni bezala entusiasmatzea». Hain zuzen ere, «berotasunetik» idaztearen aldeko aldarria zabaldu du Jimenezek. Kritikak gauza negatiboak esateko balio dezakeen arren, ez duela zertan beti negatiboa izan nabarmendu du, «baina adorea galdu dugu gauza positiboak esateko».

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.