Hi(ZKI)bridoak laguntzara aurkezteko azken asteak

Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza abiatu du, estreinakoz, Bilboko Euskararen Etxeak. Azaroaren 22ra arte aurkez daitezke proiektuak. Jarraian bildu ditugu deialdiaren nondik norakoak.

HB_ilargia

Iaz abiatu zen Hi(ZKI)bridoak zikloa Bilboko Euskararen Etxean. Literatura mutanteei loturiko egitaraua osatu dute jada bi urtez segidan, ikuskizunak, bertso-saioak eta erakusketak antolatuz besteak beste.

Aurten, programaz gainera, euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza abiatu dute. Laguntza horrek 3.000 euroko saria bideratuko du 2022ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.


Deialdiaren nondik norakoak

Parte hartu nahi dutenek kultur emanaldiari buruzko txosten bat osatu beharko dute, lau orrialdekoa gehienez, honako puntu hauek jasoz: emanaldiaren gaia eta ideia nagusia; kultur diziplina edo adierazpide desberdinen arteko elkarlanaren azalpena; gidoiaren lanketan parte hartuko duten sortzaileen profilak, euren izenak zehaztu gabe; gidoiaren azalpen laburra; gidoiaren lagin bat, 2 orrialdekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

Bestalde, emanaldiak helduei zuzendua izan beharko du, gaia librea izango da, eta formatu txikian egiteko modukoa izan beharko du.

Azaroaren 22a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna, eta abenduaren 20an jakinaraziko da irabazlea. Hauek osatuko dute epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

Hauek izango dira emanaldiak baloratzeko aintzat hartuko diren irizpideak: kultur diziplina edo adierazpide desberdinen arteko fusioa; ideiaren, gidoiaren eta formatuaren originaltasuna eta berritasuna; gizarte-mailako ekarpena eta hizkuntzaren egokitasuna.

Hemen irakur ditzakezue deialdiaren oinarriak osorik.


Albiste honen uberan

Hona hemen 2021eko Hi(ZKI)bridoak zikloari buruz osatu genuen albistea.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.