Literaktum, azken txanpan

Pako Aristi eta Hedoi Etxarte izango dira gaurko protagonistak

Pentsamendu kritikoa eragin, hausnarketa sustatu eta ezagutza bultzatu. Horiek dira Literaktum Hitzen Hiria zikloaren helburu nagusiak. Aurreko astean abiatu zen eta geroztik ekitaldi ugari burutu dira Donostian: hizketaldiak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak, irakurketak, musika saioak… Azken txanpara iritsi da, ordea. Ostegunean amaituko da Literaktum, Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren solasaldi batekin. Gaurkoan, ordea, Pako Aristi eta Hedoi Etxarte idazleak izango dira protagonistak. “Literatura hibridoak begirik nekatu gabe” izeneko hitzaldia eskainiko dute Okendo Kultur Etxean, Donostiako Grosen, 19:30ean hasita.

Artearen beste diziplinekin ondo uztartzen da literatura. Ideia horretatik abiatuko da, hain zuzen, Pako Aristi eta Hedoi Etxarteren solasaldia. Arantxa Iturbe idazleak eta kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak.

Maiatzak 29 asteartea. Okendo Kultur Etxean, Grosen. 19:30ean. Hitzaldia euskaraz izango da. Iraupena: 90 minutu.


Koplari buruzko hitzak eta doinuak, Martirioren eskutik

Ibilbide luzea osatu duen kantaria da Martirio. Asteazken honetan, Tomasene kultur etxean, kopla generoa izango du mintzagai eta kantugai. Emakumearen ikuspegitik egingo duen azterketa modukoan, kopla kantu ezagunen letrak azalduko ditu. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “Martiriok koplaren munduan esanguratsuak diren ahapaldiak abestuko ditu. Hitz batez, musika, letra, memoria, analisia, umore zentzua eta honek guztiak berekin duena uztartuko du errezitaldiak, musika-genero honetaz ikasteko eta gozatzeko”. Jabier Muguruzak egingo ditu solasaldiaren gidaritza lanak.

La mujer y la copla, Martirio
Maiatzak 30 asteazkena. Tomasene Kultur Etxean, Altzan. 19:30ean. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.


Eduardo Galeanoren nobela berriari buruzko solasaldia

Deustuko Unibertsitatean (Donostiako campusean), Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak bere nobela berria aurkeztuko du: Los hijos de los días. Hainbat lekutan eta garaitan gertatu diren istorioak jaso ditu bere narrazio lan berrian.

Los hijos de los días, Eduardo Galeano
Maiatzak 31 osteguna. Deustu Unibertsitatean, (Mundaiz kalea, 50). 19:30ean. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.
Iraupena: 90 minutu

Galeanoren hitzaldi honekin amaituko da Literaktum 2012 edizioa. Gogoan izan sarrera doan dela ekitaldi hauetan guztietan. Xehetasun gehiago, dena den, web orrialde honetan topatuko dituzue: Literaktum, Hitzen Hiria.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.