Literaturiaren baitan, hainbat liburu aurkeztu dira egunotan

Asteburu honetan, euskal letren lurralde bilakatuko da Larrabetzuko herria. Ekitaldi ugari iragarrita daude datozen egunetarako. Literaturia, ordea, astelehenetik dago martxan. Liburuen aurkezpen ekitaldiak astelehenean hasi baitziren. Joxe Azurmendiren Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa izeneko liburua aurkeztu zuen Txalapartak, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Elkarrek, aldiz,  Plazer bat izan duk, Benito! izenekoa, Pako Aristik eta Mikel Markezek batera osatu duten liburua. Gaur, Denonartean, Susa eta Utriusque Vasconiae argitaletxeen txanda izan da.

Amaia Ezpeldoiren abentura berriak

Itxaro Borda izan da gaurko agerraldian jakin-min handiena piztu duena. Amaia Ezpeldoi detektibearen jarraitzaileak pozarren izango dira. Detektibe honen abentura berriak jaso baititu Boga boga (Susa) izeneko liburuan. Ezpeldoi protagonista duen beste lau liburu argitaratuak ditu aurretik Susarekin, denak polizia nobela edo nobela beltzaren baitan sailka daitezkeenak.

Aurrekoak ez bezala, Boga boga izeneko hau Euskal Herritik kanpo idatzi du. Beka bati esker, Wiesbadenen (Alemanian) izan zen bi hilabetez eta han taxutu zuen nobela berria.

Bideo honetan topatuko dituzue Itxaro Bordak eskaini dituen hainbat azalpen. Bideoa.

 


Fernando Pessoaren poemak

Denonartean argitaletxeak Fernando Pessoaren poemak jaso ditu Poemak pluralean izeneko liburuan. Iñigo Roque arduratu da poemak jatorrizko hizkuntzatik –portulgaleratik- euskarara egokitzeaz. Orain arte, poema horiek soltean edo kantuen bitartez iritsi dira euskal jendartera. Baina ez zen Pessoaren poemekin osaturiko libururik euskaraz, eta balio hori aitortu dio Iñigo Roquek Poemak pluralean liburuari. Bideo honetan dituzue Roqueren hainbat adierazpen. Bideoa.

 




Biktimari agurka, Fito Rodriguezen aforismoak

Itxaro Borda eta Iñigo Roqueren lanak ezagutzera eman ondoren, Utriusque Vasconiae argitaletxearen txanda iritsi da. Bi liburu argitaratu dituzte. Biktimari agurka izeneko liburuan, Fito Rodriguezek aforismoen bitartez landu du gaur egun pil-pilean den gaia.

 


 

Europa hizpide Mitxelko Urangaren saiakeran

Mitxelko Urangak, aldiz, Espektroak. Euskaldunak Europan izeneko liburua aurkeztu du, “Espektroak” delako trilogiaren azkena. Urangak adierazi duenez, independentzia ezinbestekoa da Euskal Herria burujabe izan dadin. Eta bide horretan, Europa delakoak “tresna hutsa izan behar du”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.