“Irakurtzeko uda” izeneko gida plazaratu du Donostia Kulturak

Azken urtean argitara eman diren 120 liburu jaso dira bertan

Ez da berria ekimena. Baina gidaren mamia urtero eguneratzen denez, aipagarria iruditu zaigu. Udan irakurtzeko modukoak diren liburu gomendagarrien gida plazaratu ohi dute Donostiako liburuzainek. Azken hamabi hilabeteetan argitaratuak izan diren liburu guztien artean, 120 izenburu aukeratu dituzte, 60 euskaraz idatziak eta beste 60 gaztelaniaz idatziak. Liburu horiek guztiak Donostia Kulturako udal liburutegi sarean daude eskuragarri.

Liburuzainek osatu duten gidan, adin guztietako irakurleak hartu dira kontuan: haur, gazte nahiz heldu. Haurrei zuzenduak dauden liburuak, bereziki, adinen arabera sailkatuak agertzen dira.

Arestian esan bezala, aukeratuak izan diren erreferentzia guztiak Donostia Kulturako udal liburutegietan eskuratu daitezke eta bazkideek maileguan hartu eta erreserbak egiteko aukera dute. Gainera aurtengo gidak berritasun bat dakar, QR kodeak ipini dira aurkibidean, adin bakoitzeko sailean. Horietako batean sakatuz gero, liburutegien katalogoan murgilduko zara eta aukeratu nahi duzun liburu horren egoeraren berri izateko aukera emango zaizu.

Ez da berritasun bakarra. 2012ko gida bertsio digitalean argitaratu da eta Donostia Kulturako webgunean eskegi dute, deskargatu, irakurri edota inprimatu ahal izateko. Hementxe duzu gida, esteka honetan.

Iurretako Herri Bibliotekak ere antzeko ideia izan du eta uda honetarako gida plazaratu du. Esteka honetan topatuko duzue.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.