Euskal Sortzaileon I. Topaketa Azpeitian, Ahotsenearen eskutik

Ahotsenearen ekimenez Euskal Sortzaileon I. Topaketa antolatu da Azpeitian uztailaren 2an eta 3an, sorkuntzaren eremu guztietan egun bizi den egoera aztertzeko eta haren inguruan gogoeta egiteko xedez.

Ahotsenea Durangoko Azokaren testuinguruan martxan jarri zenetik, orain dela lau urte, hazten joan den proiektua izan da. Azokaren testuinguruan bertan espazio gisa finkatu eta sendotu egin da, bisitarientzat eta sortzaileentzat erakargune nagusien artean kokatuz. Horrekin batera bere elkargune-gogoetagune izaeran ere sakontzen joan da, eta testuinguru horretan dator Azpeitiko proposamena.

Euskal Sortzaileon I. Topaketa honetan sormenari loturik uler daitezkeen sortzaile guztiei zabaldu zaie deialdia: ”euskaraz sortzen duen oro, hitza agerian erabili zein ez, bere burua euskal sortzailetzat duten pertsona guztientzat. Idazleak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, gidoilariak, zuzendariak, dantzariak, margolariak, eskulturagileak, irudigileak…” guztiek eduki dezakete zer esana. Ekimen hau Azpeitian egingo da estraineko aldiz, San Agustin aretoan larunbatean eta Soreasu antzokian igandean, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin elkarlanean.

Egitaraua honakoa izango da:

I. topaketen egitaraua

Uztailak 2 (astelehena). Egungo egoeraren diagnosia nork bere kultura adierazpidetik, norberak bizitakotik.

- 10:00-14:00.
- Bazkaria.
- 16:00-19:00.
- 19:30: Askarako zikloaren bigarren mahai-ingurua: Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan? Gidaria: Alberto Barandiaran ( idazle eta kazetaria). Hizlariak: Irati Jimenez ( idazle eta kazetaria), Inguma Martinez ( ETBko informatiboetako kultura arduraduna) eta Koldo Almandoz ( zinemagile, musikari eta kazetaria).

Uztailak 3 (asteartea). Sortzaileok geure burua antolatu genezake?

-10:00-14:00.

Ikus daitekenez, egitarauaren barruan ‘Askara’ zikloko bigarren gogoeta-saioa egingo da. ‘Askara’ ekimena Durangoko Azokak jarri berri du martxan; aurtengo Literaturiaren testuinguruan egin da lehenengo saioa, euskarazko kulturgintzaren egoeraren inguruan gogoeta egiteko xedez.

Azpeitiko topaketan parte hartzea librea eta doakoa da, baina bazkarietarako izena eman beharra dago. Informazio gehiago: info@ahotsenea.net

Albiste honen uberan:

Berria

Uztarria

Ahotsenea

Askara

This entry was posted in Albisteak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.