Jon Etxabe Garitazelaiari elkarrizketa

Castilloren Souvenirrekin j(s)olasean poesia lana kaleratu du

Jon Etxabe Garitazelaiak Castilloren Souvenirrekin j(s)olasean izeneko poesia lana kaleratu du Bermingham argitaletxearen eskutik, Iparragirre saria jaso ostean. Castillo Suarezen liburuarekin elkarrizketa abiatu du Etxabek lan honetan, poesiaren bitartez erantzun dio poesiari.




Denok idazten ditugu neurri batean, idazlearekin batera, irakurtzen ditugun liburuak. Jon Etxabe Garitazelaiaren lanak poesia irakurleak egiten duen bidaia propioa jarri digu agerian.
Adinaren ertzetik erantzun ditu gure galderak Jon Etxabe Garitazelaiak, poesiarekin duen harremana berriki -77 urte dituen honetan- deskubritu duela adieraziz. Denboraren bazterretik daude idatziak, hain zuzen ere, lan honetako poemak. Edozein pertsonaren urteak daude esperientziez josirik; apaiza izatea zer den dakite Jon Etxaberen urteek, militantzia politikoa eta kartzelaren berri dute, euskararen aldeko lanaren gordeleku dira. Beste irakurle batzuen begiak ezagutu dituzte orain Jon Etxaberen urteek. Bere poemek paperean ikusi dute argia estreinakoz, geuk bere erantzunak entzun ditugun jakin-min berarekin entzun ditu berak gure galderak.
Castillo Suarezen ‘Souvenir’ liburuarekin nolabaiteko elkarrizketa egin duzu lan honetan. Zergatik ‘Souvenir’?
Neurri batean horrela tokatu delako. Normalean poesia liburu asko irakurtzen dut, gehien bat bidaiatzen ari naizenean. Edozein lekuetan nagoela goizero egiten dudan lehenengo gauza poema bat irakurtzea da. Irakurtzen dudanari buruz nolabaiteko hausnarketak eta laburpenak egitearen ohitura hartu dut. Hainbat poema libururekin egin dut hori, haien artean ‘Souvenir’. Lan hau aukeratu nuen Iparragirrera bidaltzeko lehiaketako oinarriekin bat egiten zuelako, baina izan zitekeen beste bat.
Liburuekin duzun harreman hori beti idatziz ematen da, beti poesia moduan?
Bai eta ez. Egon zen garai bat zeinean poesiarekin beste edozein libururekin bezala egiten nuen: zenbait ideia eta esaldi apuntatu, jaso, azpimarratu. Azkenaldi honetan poesiarekin gehiago lantzen dut harreman hori, esalditxo bat hartu beharrean poema osoa hartu eta poema bakoitzari beste poematxo bat eman, paraleloki.
Zein neurritan izan da solasa, zein neurritan jolasa?
Biak izan dira, jolasa, solasa… askotan kosta egiten zait hasieran poemaren nondik norakoa harrapatzea, nondik jo asmatzea, baina behin bidea hasita bai jolasa eta bai solasa ematen dira. Idazlearen poeman sartzen naizenean lehenengo solasa dago, hitz egin nolabait egilearekin, zer esan nahi zuen eta zer ez, gustatzen zaidan ala ez, ados nagoen, ez nagoen… batzuetan liluratu poemarekin, besteetan ernegatu… Gero horri forma bat ematean hasten da jolasa, testu propioa lantzea… jolasa gehien bat azken momentukoa da.
Funtsean irakurle batek idatzitako liburua da hau?
Bai, irakurle batena da ni ez naizelako zerbait esan nahi dudalako jartzen idaztera. Prosan bai, narrazio motzak ari naiz egiten interesa dudalako zerbait kontatzeko, baina poesian ez dut inongo intentziorik ezer esateko, ez naiz jartzen paper baten aurrean ‘hau nola esango diat’ galdezka. Gehiago da poesia irakurri eta horrek emandako inspirazioari, ideiei, sentipenei, nire barruko gauza horiei nolabait forma eman. Hortaz, esan daiteke baietz, irakurle baten poemak direla.
Zure ustez esperimentu interesgarria litzateke liburu biak jarraian edo batera irakurtzea?
Bi esperientzia ezberdin daude egin ditudan lanetan. Lehenengo etapa batean, batez ere honetan hasi nintzenean, irakurritako poema bakoitzaren jarraipena egiten nuen, kasu horretan interesgarria izan daiteke biak irakurtzea. Gaur egun beste poema batzuei buruz idazten ditudanak oso askeak dira, independenteak. Agian ideiatxoren bat lapurtuko dut, hitzen bat ere bai tarteka, esaldiren bat, baina normalean beste bide batetik doa nire testua. Castillok berak esan zidan poema konkretu hauek bereekiko oso independenteak direla, ez duela sentidu handirik paraleloan irakurtzeak. Batzuetan liburu baten harira idatzitako poemak sailka edo gaika batu ditut, beraz nirea eta oinarrian zegoena elkarrekin irakurtzea zaila egiten da. Nire inpresioa da ni ez naizela poeta, poeten inguruan nire gauzatxoak egiten ditut. Ez naiz jartzen gauza bat esateko ze metafora edo irudi erabiliko dudan bilatzen, poemak dioena erabiltzen dut idazteko, ez nire irudi propioa.
Denborarekiko harremana oso presente dago poema hauetan. Poesian sarri topatu dezakegu denboraren gaia baina niri deigarria egin zait hemen topatzen ahal den ‘orain’ mota, kontzientea, begirada zorrotzekoa, adinaren ertzean dagoena. Etorkizunari begirakoa baino, iraganean oinarritutako oraina da bertakoa?
Poema hauek konkretuki bai, gai horren inguruan idatzitakoak bildu nituelako. Nire barnerako bidaia bat da, nire barnera sartzea, denboraren jokatuz. 77 urte ditut eta konparatzen dut orain bizi dudana lehengoarekin…
Gizartea eta egungo norbanakoaren ajeak ere islatzen dira poemetan, denona izan daitekeen begiradatik: ‘bizi naizela ez ohartzeari/ horri diot beldurra’, ‘gizakiago naiz negar egiten dudanean’, eta baita irudi gordinen bitartez ere: Maite dut jendea / iseka egiten didana ere/ ez dut inor gorroto / beti nago barkatzeko prest/ pistola eskuan begira dudana ere / baina ahal badut/ neuk eginen diot lehenago tiro… ez dago agian ‘gu’ definitu bat, baina bai poetaren ‘ni’a eta zenbaitetan ‘beste’en arteko erronka, tentsioa. Zer nolako ‘ni’-a eta ‘gu’a dira bertakoak?
Kar-kar, ez dut hainbeste teorizatu, ez nuen espero horrelako galdera bat… egia da nire bizimoduan eta militantzian ez dela sekula santan indibiduoa oso presente egon… beti herriarekin dagoen bidea izan da, kartzelan zer esanik ez beti elkarrekin eta komunitateko bizitzan ginen, nire militantzian politika eta eskola munduan beti bizi izan naiz besteei begira eta besteekin. Batez ere nik esango nuke ‘ni’ hori ‘gu’rekin erabat nahastuta dagoela, poema horretan ((Eta barneenean, neu izenekoan)) ‘ni’ hori asko markatzen bada ere. Bada jarrera nire barnera pasa eta neure buruarekin konparatzeko, agian apaizgai eta apaiz izatearen eraginez, hainbeste denboran egunero kontzientziari begira egotea, konfesioa… gaztetan batez ere barrura begiratzen bizi izan naiz asko, eta uste dut arrasto edo joera bat geratu dela nolabait, horregatik asko konparatzen dut neurea eta besteena. Nik esango nuke nire nitasun hori nire bizitzan eta nire poesian beti dagoela besteekin lotuta. Gustatzen zait gauzak taldean bizitzea eta erabakitzea, hor dago ‘ni’ hori baina nire bizitzan gutasuna askoz nabarmenagoa da.
‘Utopien labirintuan bidaiatzea da bizitza’ diozu une batean. Egun zer da utopia zuretzat?
Ni bizi naizen adinarekin nire utopia eguneroko gauzetan baino politikan eta gizartean dago. Neure buruarentzat ez dut utopiarik, etorkizuna agian luze izango dut baina ez dut luze ikusten, oraingo fakultate nahiko moztu hauekin ere… Nire utopiak momentuan zera dira: politika eta gizarte arloan herri honek ea aurreratzen duen, aldaketa badatorren. Utopia izango zen garai batean literatura bera, ez nuelako uste literaturan ezer egingo nuenik eta gutxiago poesia sari bat jasoko nuenik. Jaso eta gero horrek ere galdu du utopia balorea. Momentu honetan beraz, ez dakit zenbateraino den utopia edo epe luzerako aukera, herri honek behin betirako bere burujabetasunaren bidean errotzen doan, presoak etxean ikusten ditugun eta hainbeste min eta sufrimendu amaitzen den ikustea da nire utopia. Literaturan ez dut halako ametsik.
Hainbeste bizi-esperientzia izanik, ez duzu lehenago literatur moduan jasotzeko tentaziorik izan?
Burutik pasa ere ez. Idatzi izan ditut artikulu asko gai politiko eta sozialen inguruan, baina ez besterik. Beti eduki dut poesiarekiko halako loturatxo bat, hala ere. Lehiaketa batera bidali nuen nire lehenengo lana neure buruari jarritako erronka bezala, eta bide horri ekin nion. Orain Zamorako kartzelako esperientzia ari naiz kontatzen, narrazio laburrekin. Tarteka batzuk bildu eta lehiaketaren batera bidaltzen ditut, aurten bukatuko dut Zamorako kontakizun osoa.
Hizkuntzaren ikuspegitik poesiak jolasteko aukera handiagoa ematen dizu beste genero batzuk baino?
Ez, gusturago ibiltzen naiz narratiban. Poesia sail bat lotu dudanean orduan bai geratzen naiz gustura, baina poesiarekin lehenengo etapa zaila izaten da normalean. Oso zaila egiten zait poemaren haria harrapatzea, baina behin forma emanda eta jolasten hasita disfrutatzen dut.
Zer ematen dizu poesiak?
Goizero irakurtzeak ematen didan gozamentxo hori, poema bakoitzaren aurrean lezio hori gainditzeak ematen didan satisfakziotxoa, eta behin borobiltzen dudala horrek ematen didan gozamen apurtxo hori. Gero sari bat etortzekotan neure buruarekin seguruago sentitze puntu hori…
Elkarrizketa Guaixe-n.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>