2d1 erakusketa, “maleta bere sormen”

Peru Magdalena eta Gotzon Garaizabalen sormena, bat eginik

Arteari ateak ireki nahi dizkio Di-da komunikazio kooperatiba bizkaitarrak. Ostegun honetan, Di-daren egoitza erakustoki bilakatuko da. Gotzon Garaizabalek (margolaria, argazkilaria…) eta Peru Magdalenak (idazlea, margolaria) proiektu artistiko berria aurkeztuko dute: “2d1. Bi eta bat. Bitik bat. Bide bat”. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Di-da kooperatiba elkartearen egoitzan, Abadiñoko Txanporta plazan.

Ez da pintura erakusketa soila izango. Di-daren blogean aditzera eman dutenez, “inaugurazio egunean, Mikel Garaizabal enologoak Mendrakako txakolin beltz esklusiboa ekarriko digu dastatzeko. Bidean, ez harritu gitarraren bat topatuz gero. Jatekoa eta edatekoa  ez dira faltako. Bat-bateko ezustekoak ere ager daitezke edozein bihurgunetan, eta gainera, poesia, maitasuna, ametsak, argia…”.

Sormenaren bidaian
Diseinua, komunikazioa eta artea diziplina desberdinak badira ere, izan, bidelagun ere badira. Di-da komunikazio bulegoaren eguneroko martxan sarri uztartzen dituzte, eta ildo horretan, “horra hor sormenaren bidaia berezi batetik ekarritako erakusketa bitxi hau, 2d1. Bi eta bat. Bitik bat. Bide bat”.
Irailera arte egongo da zabalik. Aste bitartean, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara zabalik. Abadiñoko Txanporta plazan, Di-da kooperatiba elkartean.

Peru Magdalena, erakusketa honetarako margolanak egiten.


Nor gara gu, zer gara gu

Anbotopeko lagun bik gure zentzua sortu eta eman diogun inguratzen gaituen bizitza izeneko koktel handi honi.
Pintatu egiten dugu. Edo orain honela agertzen da, aurpegi honekin, gure argia. Baina, pintura bera, guretzat gutxienekoa da. Gure lehengaia bizitza da. Sormena, ametsak, maitasuna, lurra eta argia. Eta pinturarekin errimatzen badu, ba aurrera.
Eta aurrera aurrera… hemen gaude, eta jarraitzeko prest. Bide bat zabaldu dugu (“soilik biderik ez badago bidaiatuko duzu”). Eta, bide batetik, bitik bat bilakatu gara.
Gure pauso bakoitzak urrats bikoitza marrazten du. Bideak ereiten ditugu. Eskerrik asko, hasiera berri.

amets bat
(lo eginda egiten diren horietakoa)
bide bat da

errealitate bat da
esnaroko errealitateaz gain

atzera begiratu eta bizitza
amets baten moduan gogoratzen dugu
ez zehatzago
ez argiago
ez errealago

jolas berean gabiltza
bizitzan

eta orduan zergatik ez ginen ba
guzti hau pintatzen hasiko

zergatik ez batu
eta bide bat sortu

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.