Alemanez ere irakurri daiteke `Baleen berbaroa´

Egunotan plazaratu dute Alemanian Edorta Jimenezen nobela

Baleen berbaroa nobela, jatorrizkoa, 1999an plazaratu zuen Txalapartarekin. Geroztik, beste hizkuntza batzuetara itzulia izan da. Italieraz, frantsesez eta gazteleraz irakurri daiteke. Duela egun batzuetatik hona, baita alemanez ere. Pozik agertu zaigu Edorta Jimenez: “batzuetan fenomeno harrigarriak ematen dira. Honakoan, liburuak hegan egin du eta hori oso pozgarria izan da niretzat. Liburua oraindik bizirik dagoen seinale”. Hans-Joachim Wilke itzultzailea arduratu da egokitzapenaz, zuzenean euskaratik alemanera itzuliz.

Edorta Jimenezek harreman estua egin du itzultzailearekin, Hans-Joachim Wilke-rekin. Berlinen ezagutu zuen. Kasualitatez edo. “Alemaniako Errepublika Demokratikoan, itzultzaile aritu zen Wilke. Hizkuntza asko menderatzen ditu eta baita euskara ere”, adierazi digu Edorta Jimenezek. Geroztik, hainbat lan itzuli dizkio. Azkena, Baleen berbaroa nobelaren itzulpena, Die Stimme der Wale izenburupean plazaratu berri izan dena.

Lan honen osagarri moduan edo, hiztegi bat argitaratzeko asmoa ari dira aztertzen orain, eta Hans-Joachim Wilke-k berak itzuliko luke. Balearen arrantzari lotutako hiztegia aberatsa baita Baleen berbaroa nobelan.

Agente kolektibo baten premia

Atzerrian ateak irekitzeko ahalegin horretan, hainbat izen azpimarratu dizkigu Edorta Jimenezek. “Roberta Gozzik animoak eman zizkidan, animo handiak. Asko zor diot berari eta Petra Elsari ere bai”. EuskAlema elkartearen lana ere goraipatu nahi du idazle bizkaitarrak.

Ahalegin horri esker, Edorta Jimenezen liburuak gazteleraz, frantsesez, italieraz eta alemanez aurki daitezke. “Pozik nago, agenterik gabe egin dudalako”. Etorkizunari begira, agente kolektibo baten premiaz hitz egin digu. Atzerrian ate gehiago zabaldu nahi badira, bidea errazagoa izan dadin.

Alemanezko bertsioan, hau da `Baleen berbaroa´ nobelaren azala.


ELAP eta Zubiak izeneko egitasmoak

Duela sei bat urte, Euskal Literatura Atzerriratzeko Plana (ELAP) jarri zen martxan. Eta garai berean, lehen urratsak eman zituen Zubiak izeneko ekimenak. Paul-Rugenstein argitaletxe alemaniarra izan zen, beste zenbait erakunderekin elkarlanean, Zubiak proiektua abiarazi zuena. Geroztik, bilduma horren baitan, alemanez eman dituzte euskal literaturaren hainbat liburu. Petra Elserrek, esate baterako, honakoak itzuli ditu: Kilkerren hotsa (Edorta Jimenez),  Rock´n´roll (Aingeru Epalza), Pasaia blues (Harkaitz Cano) eta Lagun izoztua (Joseba Sarrionandia).


Canoren Pasaia blues, gazteleraz

Baleen berbaroa (Txalaparta, 2009) ez da egunotan itzulia izan den nobela bakarra izan. Harkaitz Canoren Pasaia blues (Susa, 1999) eleberriaren gaztelerazko itzulpena argitaratu berri du Ttarttalo argitaletxeak. 90eko hamarkadako komando baten eta jarraika duten polizia komisarioaren istorioa kontatzen du idazle donostiarrak. Mikel Iturriak egin du itzulpena.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.