Patxi Zubizarretari elkarrizketa

36ko gerra ostean kokatu du nobela berria: Hiru gutun Iruñetik (Pamiela)

1939ko uztailaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehundaka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Langile batailoiak delakoetan lan egitera. Hiru gutun Iruñetik nobelako protagonista batzuk giro horretan kokatu ditu Patxi Zubizarretak. “Oso fisikoa izan da. Erreportaje bat ikusi nuen telebistan, `Al enemigo ni agua´ izenekoa, eta hor piztu zitzaizkidan hainbat alarma, tartean familian entzundako istorio batzuk”, adierazi digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.


Pirinioetako mugen babeserako lanak egitera omen zetorren langileen 127. batailoi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi, hala nola beste hainbat beharginek Lesaka eta Oiartzun, edota Eugi eta Irurita lotzen jardun beharko zuten. Alabaina, Langileen 127. batailoiko 1. eta 2. konpainiak Bidankozera bidali zituzten urte hartako urrian, eta Igarira 3. eta 4. konpainiak, abenduan. NODOk honela zioen: “Aberriaren Lana, Ogia eta Zuzenbidearekin, presoak astiro-astiro ari dira berreraikitzen beraiek lehenago dinamitaz suntsitutakoa”. Pikotxa, pala eta saskiekin, leher egin arte, errepidea zabaltzen izan zituzten, 40ko hamarkada erdialdera arte.

Kokaleku horretan ibiliko dira Hiru gutun Iruñetik (Pamiela) nobelako hainbat protagonista.

Ez da iraganera jotzen duzun lehen aldia. Zuzenean edo zeharka, gerra eta gerra ondorengo pasarteak ageri dira beste lan batzuetan ere.

Denboraren poderioz konturatu naiz bi konstante daudela nire liburuetan: batetik, Euskal Herrian bizi izan dugun egoera gogaikarri horretatik ihes egiteko behar bat. Esango nuke hor kokatzen ditudala mundu arabiarraren inguruan landu ditudan idatziak. Beste adierazpide batzuen bila edo.

Bestetik, gerra ondorengo kontuak dezente landu ditudala esango nuke; haur eta gazte literatura arloko liburuetan batez ere. Hori izango litzateke beste konstantea; Emakume sugearen misterioa edo  1948ko uda liburuetan ageri dena. Gerrarekikoak nolabait kitatuak nituela uste nuen baina hau suertatu zait orain.

Oso fisikoa izan dela esango nuke. Erreportaje bat ikusi nuen telebistan, `Al enemigo ni agua´ izenekoa, eta hor piztu zitzaizkidan hainbat alarma, tartean familian entzundako istorio batzuk. Oso hurbil daukagu garai hura baina, era berean, oso urrun.

Beraz, erreportaje hark akuilu lana egin zuen.

Erreportaje hori ikusi eta gero jo eta ke irakurtzen hasi nintzen, eta aurretik irakurritakoak berrirakurtzen: Salaberriaren Neronek tirako nizkin, oso nobela ederra Auspoa sailean atera zena; Atañoren Txantxangorri kantaria; Kolosala izango da, Joseba Sarrionandiarena. Gaztelaniaz oso gustura irakurri nituen berriro Los girasoles ciegos, El arte de volar... Nolabait ere, hegazkina gakoa izan zen gerra irabazteko, ezta? Hegazkinak izan ez balituzte matxinatuek, nekez lortuko zuten irabaztea. Baina hori aldeko izan zuten.

Jorge Semprunek La escritura o la vida liburuan esaten duen bezala, zurrunbilo horretan lehertuko da halako batean tonua eta idazkera. Eta halaxe suertatu zitzaidan, protagonistak garbi ikustea eta idazten hastea.

Sorterrian, Ordizian kokatu dituzu protagonista batzuk, ezta?

Kasu honetan, egia da kontakizuna zehatzagoa dela Ordizian kokatuta dagoelako.  Emakume sugearen misterioa edo  1948ko uda liburuak Larrañetan kokatuta daude. Jolas moduko bat izan zen Larrañeta, nire Obaba txikia, nire Ordizia. Baina disimulaturik.

Nobela honetan ez, kokaleku zehatzagoa nahi nuen. Joko literariorik gabekoa, oso zuzena, nik entzundako hainbat gauza garatzeko. Zentzu horretan, Ordizia azoka gune bat da, bilgune bat, hor elkartzen dira pertsonak eta pertsonen ideologiak. Gerrak, ordea, lubaki ezberdinetan borroka egitera eramango  ditu, elkarren kontra aritzera.

Iraganera jotzen denean, maiz, idealizatzeko joera gailentzen da. Baina gerrak, diren alde guztietatik begiratuta ere, guztiz ankerrak izaten dira.

Idealizazioaz gain, sinplifikazioa ere bai. Badirudi hemen denak izan zirela gudariak, eta nazionalak izan zirela gaiztoetan gaiztoenak. Baina hemen ere izan ziren nazionalak, eta oso ideologizatuak.

Alberto de Olmosen aipu batekin hasten da nobela: “aurreiritziak dira, bai, baina ezin ditut Gerra Zibilari buruzko nobelak jasan, ezta Holokaustoari buruzkoak ere”. Niri ere hori gertatzen zait, errazkeriara jotzen duten hainbat gauza irakurri izan ditut, baina bibliografia pilaketa horretan konturatu nintzen Durango bonbardatu eta gero, ikusita zein txikizio egin zuten, Errepublikarren aldekoak kartzelara joan zirela eta han zeuden guztiak akabatu zituztela. Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia liburuan esaten denez, Gernikakoa eta gero berrehun bat italiar akabatu zituzten, gupidarik gabe, Bermeo inguruan. Funtsean hori da ikasgairik inportanteena, gerren ankerkeria.

Gerran zebiltzanak “detente bala” izeneko kutun edo amuleto batekin ibiltzen ziren, gehienetan amek egindakoak, balak saihestu zitzaten. Literaturak ere badu hortik. Beharbada lagundu dezake “detente bala” moduan. Badakit literaturaren eragina ez dela oso handia, baina badu maila pertsonalean halako zerbait. Hausnarketarako besterik ez bada.

Askorentzat, gerra bezain krudela izan zen gerra ondorena. Hori ere islatu duzu liburu honetan.

Niretzat beldurgarria izan da zenbaterainoko ankerkeria egon zen ikustea, eta ez bakarrik gerran. Beharbada gerraren bi aldeetan egin dira ikaragarriak. Baina gerra ondorenean, langile batailoietan ibili zirenek holokausto txiki bat nozitu behar izan zuten.

Telebistako erreportajean hala azaltzen da eta Esclavos del Franquismo en el Pirineo liburua irakurri nuenean, txundituta geratu nintzen. Idazle batentzat hor materiala dago, ez nobela baterako, baizik eta entziklopedia bat idazteko.

Ordizian kokatu duzun aldetik, bertakoentzat are hunkigarriago izango da.

Goierriko lagun batek esan dit oso etxeko sentitu duela. Liburuan aipamen asko daude. Esate baterako, Ataun aldea aipatzen da liburuan. Ataungo ume batek Oria ikusten zuenean, hain zen handia ibaia, itsasoaren aurrean zegoela iruditzen zitzaiola. Eta Ordiziako batentzat ere, itsasoa ikustea ikaragarria zen. Hurbiltasun hori badago, baita Gipuzkoarekin eta Nafarroako iparraldearekin ere. Bidankozen kokatuta dagoelako nobelaren zati handi bat. Baina Otxandio, Durango, Gernika eta Dima aldeko parajeak ere aipatzen dira. Oihartzun handia piztu dezakeen lana dela uste dut, batez ere 40 urtetik gorakoentzat. Istorio horiek entzun izan ditugulako, gerrakoak baino, gerra girokoak, kontrabandokoak…

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.