Poesia Orduak, begibistan

Irailaren 3an eta 4an, Donostiako Victoria Eugenia Clubean

Poesia Orduak zikloaren seigarren edizioa aurkeztu da gaur Donostian. Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak eta Ander Iturriotz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak gidatu dute prentsaurrekoa. Jabier Muguruza, Bernardo Atxaga, Jon Benito eta Bide Ertzean Trio izango dira aurtengo protagonistak.

“Paradisua eta katuak”, hausnarketa eta umorea

Astelehenean, irailaren 3an 20:00etan, “Paradisua eta katuak” kontaera musikatua eskainiko dute Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan. Emanaldia zuzenean grabatuko da eta Durangoko Azokan Pamiela argitaletxeak salgai jarriko du disko-liburu euskarrian. Jabier Muguruzaren esanetan, “hausnarketa eta umorea uztartzen ditu Bernardo Atxagaren idatzi honek”. Dagoeneko hainbat saio eskaini dituzte, Madrilen eta New Yorken besteak beste. Datorren astelehenean, Poesia Orduak zikloaren eskutik, Donostiako Victoria Eugenia antzokian ikus ahal izango dugu.


“Ez zaitut abandonatuko”, aitortza moduko sentikaria
Asteartean, irailaren 4an 20:00etan, “ez zaitut abandonatuko” sentikariaren txanda izango da. Bide Ertzean Trio eta Jon Benitoren eskutik, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan.

Bide Ertzean taldeak martxoan amaitu zuen Don Inorrez bira. Kantu berriak prestatzen dabiltza orain. Baina Poesia Orduak zikloaren proposamenari esker, aspaldian buruan zuten egitasmoa martxan jartzeko aukera izango dute. Jon Benito poeta zarauztarrarekin batera, miresten dituzten poemak ekarriko dituzte gogora. “Maitasun deklarazio bat egitera etorriko gara, gugan eragina izan duten poemei aitortza modukoa egitera”, adierazi du Imanol Ubedak Bide Ertzean taldeko kideak.

 

Bi saioetan,  sarrera doan

Donostia Kultura, Udalaren Euskara Zerbitzua eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero Euskal Jaietan egin ohi diren errezitaldi hauen antolatzaileak. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte eta gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko lehiatilan banatuko dira (saioen egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.