Nagore Legarretarekin solasean

Edipotoa liburua kaleratu du, kamera estenopeikarekin egindako argazkiekin eta hainbat idazleren poemekin

Edipotoa izeneko argazki liburua kaleratu zuen duela hilabete batzuk Nagore Legarretak. Kamera estenopeikarekin atereak dira argazki denak, eta liburuan bost idazleren testuekin lagunduta datoz. Banizu nizuke argitaletxearen eskutik atera du liburua, eta dagoeneko agortuak dira kasik berrehun aleak.

Lezon eskaini du, uda betean, liburuan oinarritutako errezitaldia. Nagore Legarretak proiektatu egin ditu zuzenean kamera estenopeikarekin sortutako mundu bereziak, irudi iradokitzaileak. Gorka Setien izan du liburuan bezala oholtzan lagun. Edipotoa liburuan bost idazlek sortu dituzte argazki serieetan oinarritutako testuak: Setienez gain, Haizea Arregik, lainonek, Juanbau Erauskinek eta Mikel Peruarenak. Kamerarekin bezala, liburuarekin ere esperimentatu daitekeen seinale.

Ezjakinak garenoi azaltzeko, funtsean zer da kamera estenopeika?

Kamara estenopeika lenterik gabeko argazki kamara bat da. Edozein kutxa, lata edo ontzirekin eraiki daiteke argazki kamara bat: argia sartzen uzten ez duen kaxa bat aukeratu, jostorratz batekin zulo bat egin, eta papera (edo argia jasotzen duen beste edozein material, negatiboa adibidez) jarri behar zaio ilunpetan. Zuloa tapatu egiten da eta argazkia ateratzeko motiboa aukeratu ondoren zuloa ireki eta argia sartzen uzten da denbora batez. Ondoren zuloa itxi eta barruko papera ilunpetan atera eta errebelatu behar da, kimikoekin.

‘Jostailu egokia momentu egokian’ topatu zenuela diozu liburuan. Argazkiarekin duzun harremana lehenagotik dator, zergatik bat batean teknika berriarekiko zirrara?

Teknika hau ezaguna da argazkiekin gabiltzanontzat, nik ere ezagutzen nuen. Kontua da teknika hau askotan erabiltzen dela azaltzeko argiak eta kamerak nola funtzionatzen duen. Ez dago jende asko teknika hau bere lanerako erabili duenik. Hemen inguruan Asier Gogortza etortzen zait burua.

Nik Hernaniko Foto Forum argazki taldeko kide batekin ikasi nuen, Alberto Gagorekin. Berak teknika hau erabiltzen zuen eta ikusi nuenean noraino iritsi zitekeen txundituta geratu nintzen. Zergatik? Kamara 0tik diseinatu dezakezu eta horrek 35 mm ohiko kamerak jartzen dituen mugak puskatzen ditu; argiarekin zuzenean lan egiteko aukera eskaintzen duelako, magia puntu bat ere badu; emaitzei erreparatuta, estenopeikak eskaintzen dituen testurak, orbanak, markak…ez ditut beste kamarekin lortu.

Kamera bat, argazki bat. Zenbat kamera sortu dituzu liburua osatzeko?

Liburuan ateratako argazkiak 2009 eta 2011 urteen artean atera nituen. Saio pila bat egin ditut, eta liburuan ateratzen diren argazkiez aparte, etxean ateratako argazki sorta ederra daukat.

Nola sortzen dituzu kamera hauek?

Nik latak erabiltzen ditut, zilindrikoak. Aitak ere asko laguntzen dit, Jabier Legarretak. Lata bat begiz jotzen dudanean hartu eta berarengana joaten naiz, nolako kamara nahi dudan azaltzen diot: zenbateko zuloa, zenbat zulo eta non,…. Egin ditugun azken latak bost kiloko bonito lata batekin eta bizkotxoak egiteko ontzi batekin egin ditugu. Orain esperimentatzen ari naiz lau zulotako teknika honekin eta emaitzekin oso kontentu nago.

Zeuk nolanahi ere, ordenagailuarekin osatzen duzu argazki bakoitzaren prozesua ezta?

Bai, hala da bai. Latetatik papera atera eta errebelatu ondoren, ateratzen den negatiboa eskaneatu egiten dut. Prozesua ordenagailuan jarraitzen dut. Esperimentatzea gustatzen zait, teknikak nahastea.

Espazio irekiak dira nagusi argazkietan, teknikak berak hala eskatuta?

Teknika honek ondo funtzionatzen du eguzki asko dagoenean, gela itxietan eta zailagoa da, argi asko behar da.

Nagore Legarreta kamera estenopeiko batekin.

Gaien artean Marokora egindako bidaia, azokak, eta azoketan jendea. Jendeak ‘mamu’ kutsua hartzen duela aipatu izan duzu, mugimenduan ateratzen delako, teknika honetan argazki bakoitzak 30 segundoko esposizioa behar duelako gutxienez. Jendearen presentzia bitxi hori jokatu egin duzu? Aintzat hartu duzu argazkiak aukeratzerakoan? Bilatu egin duzu presentzia hori kontzienteki?

Bai, batez ere azoken gaian. Azokak aukeratu nituen jendea atzera eta aurrera zebilelako eta espektro horiek asko erakartzen nindutelako. 30 segundoko esposizioan jendea mugitzen bada mamu itsura hartzen du. Badago beste arrisku bat, esposizioa luzeegia bada eta jendea azkarregi mugitzen bada jendea desagertu ere egiten dela.

Jendearen mugimendua kontrolatuagoa dago hondartzetan, hortik liburuko beste serie bat. Nolako argazkiak dira hauek?

Azoken gaia Marokon hasi nuen, han sekulako eguzkia egiten zuen, uda zen. Euskal Herrira bueltatzean, udazkenean, gaiarekin jarraitu nuen baina konturatu nintzen hemen argi aldetik giroa ilunagoa dela eta 4 minutuko esposizioak ere egin behar nituela. Hori dela eta, lehen esan bezala, jendeak desagertzeko joera zuen. Hori dela eta, saiatu nintzen bilatzen leku bat non jendea ez den hainbeste mugitzen eta eguzkiak gehiago jotzen duen. Hortik etorri zen hondartzen gaia.

Euskal Herriko azoka ugaritan atera dituzu argazkiak, zer harreman mota sortzen zen jendearekin, kamera bitxiak ikusita?

Egia esan argazkiak ateratzen ari naizenean, kalean, jende artean, oso egoera politak sortzen dira. Jendeak ia beti galdetzen du zertan ari naizen, jakin-mina sortzen da. Gogoratzen naiz behin, Ordiziako azokan, bost kiloko bonito latarekin ari nintzela gizon batek galdetu zidala: ‘hori zer da gaztainak erretzeko danbolina?’… kriston barreak egin nituen.

Liburuko azken seriea 360 º -tan egindako argazkiak dira. Nola iritsi zinen hauek egitera?

Ideia burura etorri zitzaidan, hau ere ez dut nik asmatu, baina lata berri bat diseinatzeak eta sor ditzakeen emaitzak irudikatzea lehendabiziko aldiaren zirrara sortzen du. Lagun batek, bost kiloko bonito lata eman zidan eta pentsatu nuen lata hura oso egokia zela zulo bat baino gehiago egiteko. Emaitzak harrigarriak dira, eta orain ia erabat horrekin hari naiz. Lau argazki ateratzen ditu: bat iparraldetik, bestea ekialdetik, bestea hegoaldetik, bestea mendebaldetik. Zulo bakoitzak argazki bat sortzen du eta irudi bat bestearekin nahasten da…espazioa hankaz gora jartzen du.

Argazkia modu askotan zabaldu daiteke egun. Zer garrantzia du zuretzat liburuan izateak?

Liburua atera baino lehen, erakusketak egiten nituen, erakusketa txikiak taberna edo jatetxeetan. Banizu Nizuke Bilboko argitaletxea nirekin jarri zen harremanetan, kontzertuetako argazkiak biltzen zituen liburua osatu nahi zuelako. Komentatu nien dagoeneko ez nenbilela argazki mota hori egiten eta azaldu nien zertan ari nintzen. Argazkiak ikusi zituztenean esan zidaten horrek bakarrik argazki liburu oso bat merezi zuela eta niretzako ikaragarria izan da urte horietako lana dena elkarrekin jarri eta liburu batean ikustea. Liburu batean argazkiak hor daude fisikoki eta jendeak eskuz esku ibili ditzake.

Nolakoa izan da harrera?

Egia esan liburu ia denak saldu dira, prezio ere oso ondo dago, 12 euro ez da asko hainbeste argazki jasotzen dituen argazki-poema liburu batentzat. Liburu gehienak jendea ezagunak edo ingurukoak hartu ditu, orokorrean zoriondu naute lanagatik, eta lanaren berezitasunagatik.

Bost lagunen testuak bildu dituzu argazkiekin batera. Zergatik testua erabili, haren beharra sentitu duzu argazki hauetan?

Editoreak komentatu zidan testua batzuk jarri nahi zituela, idazle jakin bat zuen buruan. Nik nahiago izan nuen ezagutzen ninduen jendearen testuak jarri, dagoeneko idatzita zegoen zerbait jarri beharrean. Liburu honetan argazkiak gaika da daude sailkatuta, uste dut autore bakoitzak gaiaren esanahia borobildu eta jantzi egin duela.

Nolakoa izan da idazleekin egindako elkarlana? Kontrastatu dituzue testuak argazkiekin batera argitaratu baino lehen?

Idazleek: Gorka Setienek, Haizea Arregik, lainonek, Juanbau Erauskinek eta Mikel Peruarenak testuak argazkietarako idatzi dituzte, testuak originalak dira argazkietarako idatziak. Argazkiak aldez aurretik eman nizkien eta bakoitzak bere modura erantzun dio.

Errezitaldiren bat ere egin duzu Gorka Setienekin, argazkiak proiektatuz. Baduzue gehiagotan egiteko asmorik?

Lezon egin genuen duela gutxi, Lurraren Egunean. Azoken gaia egokia iruditzen zitzaidan eta Gorkak sekulako ahotsa eta errezitatzeko ahalmena duenez, galdetu nion ia animatuko zen. Hura egin ondoren gehiago egiteko gogoa dugu, baita liburuko beste idazleekin ere.

Azkenik, titulua: zergatik ‘Edipotoa’?

Edipotoa hitza Gorka Setienen poema batetik atera nuen, liburuan ateratzen da. Ez nuen zerbait ebidentea erabili nahi titulutzat eta hitz hori irakurri nuenean dena borobildu zen nire buruan. Aitarekin dudan harremanagatik da, berak sustatu du nire eta anaiaren (gitarrajolea da) irudimena, gure jostailuak sortzeak duen zirrara kutsatu digu eta prozesu horrek, ilusio horrek bizitza betetzen duela ere bai.

ALBISTE HONEN UBERAN:

Berria

Hernaniko kronika

Lagina AINGURA HEGODUNAK atalean

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.