Annie Ernaux: pasarte batzuk

Annie Ernauxen Emakume bat (Txalaparta, 2012) eta Gertaera (Igela, 2003) liburuetako aipu batzuk bildu ditugu bertan, irakurketarako amu gisa.

1940eko irailaren lehenarekin hasi zen Anni Ernaux-en bizitza, urte batzuk beranduago bere literatur ibilbidearen ardatza bilakatuko zen bizitza bera. Izan ere, fikzioa baztertu eta autobiografia izan baita bere idatzien motorra: familiaren gizarte igoera (La place, La honte), gaztaroa (Ce qu’ils disent ou rien), ezkontza (La femme gelée), abortua (L’événement), amaren alzheimerra (Je ne suis pas sortie de ma nuit), heriotza (Une femme) eta abar.

Euskaraz badugu haren zenbat lan irakurtzeko aukera. Jarraian bildu ditugu pasarte batzuk, irakurketarako amu gisa:

Emakume bat (Txalaparta, 2012). Itzultzailea: Itziar de Blas Fernandez de Gamarra.

Saiatzen naiz amaren biolentzia, soberako gozotasuna eta kexak bere nortasunaren ezaugarritzat soilik jo beharrean, bere historian eta kondizio sozialean kokatzen. Idazteko modu honek -egiaren norabidean doala iruditzen zait- laguntzen dit banako oroitzapenaren bakardadetik eta iluntasunetik ateratzen, esanahi orokorragoa aurkitzen. (45. orrialdea)

Ez dago jakiterik zer idazten dudan amari buruz. Baina ez dut hari buruz idazten; hori baino gehiago, iruditzen zait harekin nagoela garai batean, leku batzuetan, non bera bizirik dagoen. Batzuetan aurkitzen ditut etxean bereak izan ziren objektuak: herenegun, josteko titarea, kordeleriako makina batek okertutako hatzean jartzen zuen hura. Segituan, bete-betean harrapatzen nau haren heriotzarekiko sentimenduak eta berak inoiz ezagutu ez duen denbora errealera ekartzen nau. Horrela liburu bat ‘ateratzeak’ ez dauka zentzurik, amaren betirako amaierarena ez bada. Gustura irainduko nituzke ‘Noizko zure hurrengo liburua?’ irribarrez galdetzen didatenak. (59-60 orrialdeak).

Gertakizuna (Igela, 2003). Itzultzailea: Joseba Urteaga.

Litekeena da honelako kontakizun batek batzuei haserrea edo higuina eragitea, edo zenbaitek gustu txarrekoa dela leporatzea. Zerbait bizi izanak, zernahi ere den, horretaz idazteko eskubidea ematen du, inork baliogabetu ezin duena. Ez dago behe-mailako egiarik. Eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz. (39. orrialdea).

20tik 21erako gauaren sekretua soinean neramala nenbilen kalean, zerbait sakratua balitz bezala. Ez nekien izuaren ala edertasunaren muturreraino iritsia nintzen. Harro nengoen. Nabigatzaile bakartien, drogazaleen eta lapurren harrotasun beraz agian, besteei sekula joatea bururatuko ez zaien lekuraino iritsi izanaren harrotasunaz. Harrotasun horrek bultzatu nau seguruenik narrazio hau idaztera. (77. orrialdea).

Eta agian horixe izan daiteke nire bizitzaren benetako helburua: nire gorputza, sentsazioak eta pentsamenduak idazkuntza bihurtzea, hots, zerbait ulergarria eta orokorra, nire existentzia erabat desegina eta mamitua besteen buruan eta bizitzan. (81. orrialdea).

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.