Elisabeth Macklin-en hiru poema

Pasa den astean iragarri genizuen bezala, hamabostean behin sormen lan bat plazaratuko dugu AINGURA HEGODUNAK atalean, egileen kolaborazioari esker. Aste honetan Elisabeth Macklinen hiru poema irakurri ditzakezue; Kirmen Uribe, Antonio Casado da Rocha eta Luigi Anselmiren laguntza izan du Macklinek testuak euskaraz paratzeko orduan. Poesia errezitaldietako sarrerak gogora ekarrita, poema bakoitzaren aurkezpena egin du egileak.

Atal honetan kolaboratu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan: hitzenuberan@gmail.com

 

HARRIJASOTZAILEOK

Harriak jasotzen dituzte, kirolminez,

Baita txapeldunaren semeak ere.

Sinatu nahi izan dut, akaso,

Ahanzturari aurre egin dion tokian?

Bi koma bi bider 220 kilo.

Tona erdia ken hamasei libra?

Eta hori dena, lagun bakar batek.

Horixe zen oihal luze haien zergatia

Gerriko gorri, zuri edo berdeak, metroka,

Haietariko bakoitza, mokorretik gora bildua,

Ezertan hasi baino lehen.

Baztertuta, zuhaitzen abaroan,

Plazako ertz batean

Itzaletan.

Ordu laurden edo erdi bat, agian?

Ez da errituala, ezinbestekoa da,

barruari behar bezala eusteko.

Antonio Casado da Rocha eta Kirmen Uribek itzulita.

Bilbon bizi nintzen urtean Iñaki Perurena hasi berria omen zen Goenkale-n (alokatutako etxeko telebistara ETB-1 kanala baino ez zen ailegatzen) eta ordu bateko elkarrizketa telesaio batean ere ikusi nuen, grabaketetan harri bat jasotzen, bere herrian abereak zaintzen eta haragia saltzen, amaieran presentzialki Euskal dantzan ere aritu zena. Semea behin ikusi nuen Bilboko jaietako lehiaketa batean. Poemaren bigarren atalak deskribatzen duen eszena Begoñako enparantzan ikusi nuen, urte pare bat geroago. Poema 2005-06an idatzi nuen, harrijasotzaileak ez ziren lagun batzuk antzeko prestaketetan ikusita.

ARTIKULU MUGATUAK

printzesa heldu zen uharte mediterraneo haren antz handia zuen.

Itsasoan zetzan irla berde idor hura, askoz lehenago baina,

eta zuri-beltzeko film batean, itsasoko argian beti ere, L’Avventura

izena zuena, abentura birritan mugatua, neska hura

eta gizon hura, yatea—huraxe—eta irla hura, ez irla bat,

edo ez beste edozein irla. Mugarik eza zen afera nagusia,

harkaitzetan barrena segika ibiltzea eta gero

hiri hartan. Guztiok xerka eta gordeka, misterioa argitzera

eraman gintzakeen beste zantzurik aurkitu ezinik, edo areago

(argi berantiarra) gogoa onartzeari ia denok genion beldurra.

Harribitxiek argiztatu jendea Grand Hoteleko ispilu 

argiz apainduetan! Beste horiek, kanpoaldera, ilunpean

jesartzera jalgi direnak ezagutu gabeArtikulu mugatuak

galdetu zidan, nik egia eskatu ondoren—emakume hartaz?

gizon hartaz? Zirkin eta deika eginez

aurrera eta atzeraka igarotako gau hartaz?

—egia eskatu nuenean, artikulu mugatuak

ihardetsi zuen mugatuki galdetuz “Egia?”

eta berehala berriro, are mugatuago: “Egia hura?

Luigi Anselmik itzulita.

Laurogeigarren hamarkadan jasotakoak dira poemaren irudiak eta aipuak—irudiak 1960ko Michelangelo Antonioniren L’Avventura filmetik eta aipuak filma elkarrekin ikusi genuen lagunarengandik, ikuspuntu ezberdinei buruzko garrantzi handiko zerbait adierazi nahi izan zidanean. Ingelesezko gramatikatik dator artikulu mugatua hemen (You’ve Just Been Told liburuaren “Persons plural” atalekoa da poema hau). Ingelesezko modismo batean esaten da (goraipatzeko) lagun bat “artikulu erreala” dela, eta artikulu zehaztu edo mugatua halako bihurturik gelditu da poeman.

JUNTAGAILUA BERRASMATZEN

eta junt. 1. Maila edo izaera bereko perpausak edota sintagmak lotzen dituen partikula,

gehitze-moduko erlazioa adierazten duena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Bat-batean, eta berridazten ari ginen,

eta bat erretiratu behar genuen eta

beste eta bat ezarri, eta soilik esan nahi zuena.

Gogoan errotutako ohitura, voilà, aldatu egin zen.

Berez ez hain hiztuna beti.

Bi hitzen artean:

denbora, modua,

boza, aspektua,

ekintza, gertaera,

izateko era.

Eta halaxe hasi ginen eta berrasmatzen

eta izan dadin: gure eguneroko ogia eta konplizea

berriz, baita legez kanpoko eta erepribatua—

jendaurrera ekarriz, letraz letra ahoskatuz,

eta hobea zen, eta jakintsuagoa,

eta txiki, garbi eta barkagarriagoa. Eta

voilà, egun hartan zoriontsuak izan ginen.

Antonio Casado da Rocha eta Kirmen Uribek itzulita.

Ikasten hasi baino lehenago nabaritu nuen koinzidentzia, begi bistakoa denez gero. Iazko azaroan, baina, su-etenetik bi astetara nabaritze hura poemagai bihurtu zen; ordu erdi baten buruan izan nuen lehenengo zirriborroa. Azken aurreko bi lerroetako izenondo gehienak A. A. Milneren The House at Pooh Corner (Pooh Txokoan dagoen etxea) haurrentzako liburutik datoz, halabeharreko parafrasi batean.

Elisabeth Macklin Antonio Casado da Rocha, Rafa Rueda eta Pettirekin egindako errezitaldi batean.

Egilea, egilearen hitzetan

New York estatuko Poughkeepsie herrian jaio nintzen, 1952an. Unibertsitateko karrera gaztelerazko filologian egin nuen (SUNY-Potsdam-en, Madrilgo Complutenseko ikasturtea barne; BA, 1973). Betidanik egiten nituen poemak, abestitxoak, aita-amentzat, lagunentzat, niretzat ere; baina New York hirira joan eta New Yorker aldizkarian lanean hasi arte ez nintzen konturatu ezezagunek irakurri nahi izango zituzten gauzak izan litezkeenik. Lankide batek eskuizkribu batzuk irakurri ondoren irakatsi zidan aldizkarietara bidaltzen (han, garai hartan, izaten baitzen hasteko modua); lehenengo poema 1977an kaleratu zen. Gero, 1990an, Ingram-Merrill fundazioak emandako diru-laguntzari esker hiru hilabete eman nituen Madrilen lehenengo liburuaren eskuizkribua osatzen. A Woman Kneeling in the Big City (Hiri handian emakume belauniko bat) 1992an argitaratu zen. Ama zena 1993an zendu eta hurrengo urtean John Simon Guggenheim Omenezko Fundazioko poesia beka bat jaso nuen eta Minnesotako haren sorterrian eman nuen lan-utzialdiaren gehiena amaren paperak irakurri eta hurrengo liburuaren zenbait poemen zirriborroak osatuz. 2000an kaleratuko zeneko Youve Just Been Told (Arestian esan dizute) liburuaren eskuizkribua amaiturik neukala Amy Lowell Poetry Travelling Scholarship izeneko beka tokatu zitzaidan, 1998an, urtebete batean zehar Ipar Amerikatik at pasatzekoa, eta hari esker 1999ko hasieran Bilbora etorri eta Euskara ikasten hasi nintzen, Perro kaleko AEKan (Igor Odriozola lehenengo mailako irakasleari orain ere eskerrak eman behar dizkiot). Kirmen Uriberen poemak ingeleseratzen hasi nintzen 2002an (esanahia ulertu ahal izateko); berarekin batera 2003 eta 2004an parte hartu nuen Zaharregia, txikiegia agian egitasmoan; eta bertako poema gehienak daramatzan Bitartean heldu eskutik-en ingelesezko bertsioa 2007an argitaratu zen, Graywolf izeneko argitaletxe independentearen eskutik. Bekadun urteaz geroztik autonomoa izan naiz, aldizkarian bezala estilo zuzenketak egiten, Sergio Chejfeken Mis dos mundos-en eta Martin Solaresen Los minutos negros-en itzulpenenetan besteak beste. Behar hauen artean jarraitu dut poemak idazten, hurrengo liburu baterako.

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.