Ikastaro berriak Bilboko Skolastikaren 9. urteurrenean

Ikasturte berria abiatuko dute laster Bilboko Skolastikan. Emakume literatura ardatz hartuta landuko dituzte hainbat gai, ikasturte osoko zein hiruhilabeteko ikastaroetan. Irailaren 21ean arratsalde berezia antolatu dute ikasturteari hasiera emateko.

Irailaren 21ean arratsalde osoan zehar ospatuko du Skolastikak  bere 9. urteurrena. Egun horretan ikastaroen berri emateaz gain 19:00etan Clara eta Concetta Probanzaren ‘Maiu eta Jerri’ izeneko erakusketa inauguratuko dute, eta horren ondoren Virginia Imaz clownaren saioa egongo da.

Ikastaro guztiak urriaren lehenengo astean hasiko dira. Gai batzuk ikasturte osoan landuko dira, eta beste batzuk hiruhilabeteka. Hona informazioa:

IKASTURTE OSOAN landuko diren gaiak

EMAKUMEOK ETA EUSKAL LITERATURA

(Astearteetan 16:00etatik 18:00etara eta asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara)

‘Mintegi honetan emakumeok izango gara objektu eta subjektua. Zelan kontatzen digu euskal literaturak eta zelan kontatzen dugu geuk Euskal Herria, kultura eta literatura. Lasturko Milia, Bixenta Mogel, Katalina Eleizegi, Pepita Iriondo Amaia Lasa, Arantza Urretabizkaia, Laura Mintegi, Uxue Alberdi… elkarren ondoan agertzen eta irakurtzen dira, eta haur eta gazte literatura berria, eta helduentzako liburu berriak eta…’

AINTZINEKO ESTATU BATUETAKO EMAKUMEEN LITERATURA

(Astelehenetan 17:00etatik 19:00etara eta asteazkenetan 10:00etatik 12:00etara, urritik ekainera).

‘Ikastaro honetan AEBetan XVII, XVIII, eta XIX. mendeetan emakumeek sortu zuten literatura ezagutu eta arakatuko dugu. Indioak, anglosaxoiak, afroamerikarrak… emakume guztien berbak, mintegi honetan ahozko literatura eta autobiografiak ezinbesteko gaiak dira. Piratak, filosofoak, abolizionistak, sufragistak, idazleak… Wahini, Harriet Beecher Stowe, Jarena Lee, Judith Sargent Murray, Emily Dickinson…

HIRUHILABETEKA landuko diren gaiak:

ERDI AROKO EMAKUMEEN LITERATURA

(Astelehenetan 19:00etatik 21:00etara eta ostegunetan 10:00etatik 12:00etara, urria-abenduan)

‘Ikastaro honetan Erdi Aroko Europako emakumeen historia, kulturak eta literaturak ezagutzeko aukera izango dugu. Euren ahozko literaturetatik hasita, arabiarrak, sefardiak, euskaldunak, hobeto ezagutu ondoren Europako korte, monjetxe, katedral edo erietxeetatik mugituko gara begina, erregina, trobatzaile, eresigile edo sorginen lanak ezagutu eta ulertzeko helburuz’.

MUNDUKO EMAKUMEEN LITERATURA

(urtarrila-martxoa)

‘Zelan bizi eta azaltzen dute “Udaberri arabiarra” hango emakumeek? Benetan aldatu al dira emakumeen bizitza-baldintzak gaurko Txinan? Eta Indian? Afrikako etorkinek jarraituko ote diote etortzeari? Zer gertatzen ari da Afganistan, eta Libian, eta Sirian…? Ikastaro honetan saiatuko gara erantzun hauei erantzuna aurkitzen hango emakumeek emana’.

EMAKUMEEN KOMIKIAK

(apirila-ekaina)

‘Gure ustetan komikia bada literatura munduan azken hamarkadetan gertatu den fenomeno pozgarri, mesedegarri eta eskergarrienetarikoa. Eta emakumeok egon gara. Non, zelan, zertan eta nortzuk ezagutzea da gure helburua. Honetarako Skolastika liburutegian gordetzen ditugun ehunka komikiak zabaldu eta konpartitu nahi ditugu’.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Josune Muñozi Uberanen

Informazio gehiago:

SKOLASTIKA literatura Zerbitzuak

Berastegi 1, 1 ezk. 10 departamendua

679 366 355

www.skolastika.net

skolastika@skolastika.net

This entry was posted in Albisteak and tagged . Bookmark the permalink.

0 Responses to Ikastaro berriak Bilboko Skolastikaren 9. urteurrenean

  1. Axpi says:

    Ederra, oso interesgarria eta premiazkoa!!!