Eusebio Calongeren ahots mugimendua

La Zaranda taldeko kide da Eusebio Calonje. Haren baitan idatzi du hamaika hitz, hamaika testu, taldeko lanean oinarriturik eta oholtza gaineko lanari estuki loturik. Artezbali argitaletxeak Orientaciones en el desierto liburua kaleratu du, zeinean teatroa ulertzeko bere modua islatzen den. Pasarte labur batzuk ekarri ditugu Amuak atalera.

La Zaranda taldeko kide da Eusebio Calonje. Haren baitan idatzi du hamaika hitz, hamaika testu, taldeko lanean oinarriturik eta oholtza gaineko lanari estuki loturik. Bere testuak Hiru argitaletxearen eskutik plazaratu izan dira gazteleraz, hiru liburutan: Cuando la vida eterna se acabe, La puerta estrecha/Ni sombra de lo que fuimos eta Homenaje a los malditos/Los que rien los ├║ltimos/Futuros difuntos. Artezblai argitaletxeak berriz teatroa maite duen ororentzat ez ohiko harribitxia izan daitekeena kaleratu du berriki: Orientaciones en el desierto: Itinerarios para materializar lo invisible en la creaci├│n teatral.

Teatro Inestable de Andalucia la Baja, horixe da La Zaranda taldearen izen osoa. 1978an hasi zuen taldeak bere ibilbidea, eta ordutik jendearengan sakonki erroturiko teatro bat egin du, beldurrak eta mamuak azaleratuz, gizartean gainbeheran diren ideiei forma emanez, Andaluziako iruditeriatik eta hizkeratik tiraka sarritan.

Orientaciones en el desierto liburu berrian Calonjek gogoetagai izan ditu berarentzat teatro sorkuntzarenak diren ardatzak, beti ere formuletatik eta manualetatik ihes eginez. Poesiatik filosofiara egiten du bertan etengabe jauzi, irakatsiz baino gehiago konpartituz, ahots goran gomutatuz, iradokiz. Hiru ataletan antolaturik garatu ditu artikulu edo gogoeta hari txikiak izan daitezkeenak, laugarren batean berriz zertzelada laburragoak direnak. Azken hauek aforismoen xederik ez badute ere haien efektua izan dezakete taldeko sormen prozesuetan aritzera ohituta daudenentzat. Esperientzia bizi baten eta bizi den esperientziaren zertzeladak dira orotara liburu honetakoak.

Teatroa idaztearen inguruko gogoetaren hariak du protagonismo berezia liburuan, Calonje bere jardunaz mintzo da, literatura eta teatroa urruntze/gerturatze dinamika batean banatzen dituen idazketa jardunaz. Hona hemen itzultzen ausartu garen zertzelada batzuk:

-Teatroa egin egiten denaren isiltasunarekin idazten da.

-Gure antzezlanetan soilik izaten gara benetan garen horiek.

-Eszena bakoitzak hitzekin baino gehiago akzioekin errezitatzen den poema baten modukoa izan beharko luke.

-Obra bat beraz poema eszenikoen jarraipena litzateke, zeinean pertsonaien patuen konfluentziak lotuak dauden.

-Eszena batek amestu dugun hura ekar dezake argira, pentsatu dugunarekin bat egin gabe sekula. Artearen sekretuaren parte handi bat aurkikuntza horrek sortzen duen sorpresan datza.

-Antzezlan bat munduarekin talka egiten duen unibertso poetiko bat da.

-Teatroak ez du egin genuena kontatzen, garena baizik.

-Testu batek eduki behar duen bertuterik garrantzitsuena da besteen sormena loratuko den substratu ona izatearena.

-Teatroak literatur erabileratik eguneroko erabilerara gidatu behar du hitza. Soilik horrela gordeko du bere izaera poetikoa.

-Hitzan soilik sostengatzen den teatroa txarra da. Are gehiago, hitzan soilik sostengatzen den hitza, sofisma, txarra da.

-Testu dramatiko baten teatraltasuna: ze hitz ditu bere baitan irudi batek? Ze irudi dituzte bere baitan hitzek?

-Uko egin apaingarria edo erretorikoa den baliabide orori, literatur banitateari, pertsonaia baten bizitza estaltzen duen orori.

-Idatzizko pertsonaia bat sortzea hitzekin maskara bat tailatzea da. Hura interpretatzea berriz, maskara horri ahotsa eta begirada jartzea.

-Esaldiek ez dute inolako oihartzunik sortzen memoriarekin deklamatuak direnean, arimatik esanak izan beharrean.

-Esaldi baten denbora ez da hura ahoskatzean ematen dena, hura interpretatzean ematen dena baizik.

-Abangoardia, gaur egun, nobedadeen komertzioari ematen zaion izena da.

-Egia da beti abangoardista den gauza bakarra. Betikotzera jotzen duen gezur ankilosatuarekin lotura apurtzeko beharra duelako. Gainontzeko guztia berrikuntza estetiko sinpleak dira, teatro tradizionalista bezain agorrak, eta are iragankorragoak.

-Edertasunak itxaropena sortzen du, horregatik erasotzen dute.

Nadie lo quiere creer, La Zarandaren azken antzezlanetako bat.

 

This entry was posted in Amuak and tagged , , . Bookmark the permalink.

Comments are closed.