Tene Mujika sariaren deialdi berria

Abenduaren 10ean amaituko da proiektuak aurkezteko epea

Euskal Herriko historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak… bultzatzeko sortu zuten Tene Mujika saria Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Irabazleak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du, proposatzen duen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Deialdi honetara aurkezteko epea 2012ko abenduaren 10ean amaituko da. Helbide honetara igorri behar dira proiektuak: artxiboa@deba.net

Tene Mujika beka-deialdiaren oinarriak

1. Gure herriaren azken 50-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, lau aldakitan:

a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.

4. Proiektuak, 2012ko abenduaren 10era arte bidal litezke helbide honetara: artxiboa@deba.net

5. Alberto Barandiaranek, Idurre Eskisabelek eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2013ko urtarrila amaitu baino lehen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik.

Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.


TENE MUJIKA BEKA SARIA

2005 Ramon Olasagasti, “Mendiminez” liburua (2007an kaleratu zen).
2006 Hutsik geratu zen saria epaimahaiaren erabakiz.
2007 Alberto Barandiaran, “Postkronikak” liburua.
2008 Imanol Murua Uria, “Loiolako hegiak” (2010ean kaleratu zen).
2009 Mikel Garzia, “Zeluloidezko begiradak” (iaz kaleratu zen).
2010 Pako Aristi-Mikel Markez, “Plazer bat izan duk, Benito” liburua (argazkian ageri dira).
Ainara Gorostitzu, “Aldamenekoa” liburua (argazkian ageri da).
2011 Xabier Gantzarain arte-aditu eta idazleari egokitu zitzaion saria (2013an ikusiko du argia).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.