Perfopoesia. Perfo… zer?

Poesiatik abiatuta egin ohi den lan eszenikoa modu askotan sailkatu (eta are izendatu) liteke: errezitaldia, perfopoesia, polipoesia, spoken word, slam poetry, poesia multimedia, poesia musikatua… Etiketatzeko beharraren zergatietatik harago  esperimentatzeko eta literatura zabaltzeko bide ezberdinak topa ditzakegu funtsean: ez da poesia emanaldietara jende oldeak mugitu dituen joera bat, baina bai jende ugari oholtzara eramaten duen grina.

 

‘Perfopoesia’ hitza erabili eta zabaldu dute, kasu, Sevillan egiten den jaialdi baten harira hainbat herrialdetako sortzaileek. Ekimen horren bidetik artikuluekin osatutako liburu bat kaleratu du Cangrejo pistolero argitaletxeak ‘artea eta pentsamendua’ bildumaren barruan, gaiaren  inguruko gogoetekin. Iruzkingileen artean dago Yolanda Castaño, euskarazko poesia zaleak aurtengo Eako Poesia Egunetan eta irailean Bilbon egindako Euskal Poesiaren BBK jardunaldietan entzun eta ikusi ahal izan duen egilea. Haren hitzak dira hauek:

Poesia gutxien espero den lekuan topa daiteke. Ez soilik –ez beti- liburuetan. Eta hau ez da oraingo zerbait. Ez du ezer modernotik.

Ez da gai berria beraz poesiatik abiatuta oholtzara doan bidea egitearena. Oro har literaturatik abiatuta ere esan genezake; badira narratibara jotzen duten oholtzarako hibridoak, baina funtsean poesia da literatur generoen artean (teatroa zaku horretan sartu gabe) dauzkan berezko ezaugarriengatik agian oholtzari hobekien egokitzen zaiona. Perfopoesia liburuan topa litezke gai hau egungo kultur joeren testuinguruan kokatzen laguntzen duten aldagaiak:

‘Bertso-lerroen gaineko beste bide hauek jorratzeak poesia bere ahozko adierazpenera gerturatzen du gehiago, paperean soilik lantzen diren testuek beti erdiesten ez duten sonoritatea lortuz horrela’. (Oscar Martin Centeno).

Performanceak dinamismoa ematen dio poesiari, eta sareak testu poetikoa ekintza eszenikoarekin uztartzen duen hizkera berri honen berehalako transmisioa errazten du. (Nacho Montoto).

Perfopoesiak elkargune berriak aldarrikatzen ditu: ez ditu abandonatzen liburutegiak, baina harago joaten da; kalea bilatzen du, tabernak, plazak, eta espazio fisikoetatik harago blogak eta sare sozialak bezalako espazio birtualetan ere ematen da. Zentzu horretan, bere aurrekaririk propioena XX. mende hasierako abangoardietan topatuko genuke, eta zehatzago ‘serata’ futuristetan eta kabaret dadaistetan’. (Gracia Iglesias Lodares).

Gehiengoentzako ikuskizun bat, gertukoa, ez-elitista, baina hala ere antidemokratikoa, gezurra ospatzen dugulako, artifizioa, zirkuaren efektuak erabiltzen ditugu eta engainatu egiten dugu’. (Javier Berger).

Intentzioa, energia, poetaren jarrera errezitatzen duenean ez dira bere baitan itxiak egon behar, publikoari zuzenduak baizik; gure zentzuak harengan egon behar dira kokaturik. (Eduardo Chivite).

Hitza modu askotan topa liteke oholtzan. Ahozkotasunaren bidetik gurean bertsolaritzak harreman estua izan dezake poesiarekin, eta ipuin kontalaritzak narratibarekin. Aipatutako arteek ahozkotasunean dute abiapuntua eta indarra; baina poesia batez ere paperean kokatzen dugun genero bat da, narraziogintza eta saiakeragintza nola. Literatura idatziaren testuinguruan sortutako testuak eta materialak dira poesia errezitaldietan topatuko ditugunak. Orduan, zergatik hartzen du berezko estetika baten kutsua poesia taulara eramateak?

Teatroa litzateke eszenara egokitzeko testugintzarik naturalena, baina hor ere egun ez dira kontraesanak eta joera ezberdinak falta. Antzeko bideak eta kontraesanak bizi ditu egun poesiak, edo haren parte batek? Kantagintzarekiko harreman oparotik harago, poesiak harreman estua du eszenarekin:  errezitaldiak sortzen dira, urtero, barra-barra. Zerk eramaten du idazle bat oholtzara? Liburu berri baten zabalpena izan liteke arrazoi bat; liburu baten bizitza luza dezake bertako poemak publiko aurrean errezitatzeak, merkatuaren eta erakusleihoen dinamika eta epeetatik harago. Poesia ez da asko saltzen den genero bat, argitaletxe askoren kasuan militantzia eta literatura berarekiko konpromisoa izan ohi da poesia argitaratzen jarraitzeko arrazoi bat, ez hainbeste onura ekonomikoa. Irakurle gutxi ditu poesia liburu batek, erosle are gutxiago, baina zenbat entzule? Zenbat ikusle? Gerta liteke egun poeta batek irakurle baino entzule gehiago izatea? Kasu askotan bai, ausartuko gara esaten lerro hauetatik. Baina era berean literatura idatziaren eremuan kokatzen den poesiak paperean du berezko lekua. Are gehiago, errezitaldiak egin ahala poetek segur aski ikasi egingo dute idatzitakoetatik zer irakurri dezaketen eta zer ez, zerk ‘funtzionatzen’ duen publiko aurrean. Alegia, papererako idatzitako testuen artean zeintzuk jaso daitezkeen lehen kolpe batean, zeintzuk duten umore arrastorik, erritmorik… hori bera da errezitaldien mundu propioa ulertzeko lehen urratsa.

Baina gogora dezagun, lehenik eta behin, errezitatzea gustuko ez duten idazle askoren aldarri zilegia: idazleak idatzi egiten du, ez du zertan errezitatu behar, ez luke zertan sentitu bere burua horretara behartuta. Eta errezitatzeko gogoa izanik ere, poeta ona izateak ez du jendaurreko trebetasuna bermatzen: idazlerik miretsienak ‘suntsitu’ egin dezake poema bikain bat hura errezitatzean. Ahozko literaturaren eremuan sartzen delako, ahotsak, jarrerak eta eszenaratzerik sinpleenak ere garrantzia hartzen dutelako. Ahozko literatura dagoen moduan, gorputz literatura bat egon liteke agian?

Poesiaren ezaugarriak eszenan

Zergatik egiten da hainbeste poesia errezitaldi, paperean poesia gutxiengo batek irakurtzen duen generoa izanik? Poesiak bere laburrean literaturarekin esperimentatzeko aukera eman du historikoki, eta bere ezaugarri propioak erraztasunez eraman daitezke oholtzara: erritmoa, musikaltasuna, hitz jolasak, irudien indarra, hitz gutxirekin asko iradokitzeko gaitasuna, irudi-kolpeak, testuen laburra…

Poesia errezitaldiek ez dute berezko lekurik arte eszenikoen arloan, azpigeneroa izango lirateke asko jota; egunkarietako agendetan ‘bestelakoak’ ataletako bazterretan egotera kondenatuak, haiek non kokatu ez dakiten kazetarien desesperaziorako. Baina poesia errezitaldien eremuan gero eta ugariagoa da topa daitekeen eskaintza, eta kasu batzuetan espezializazioa. Liburu aurkezpen soiletatik harago doazen poesia errezitaldi eta ikuskizunetan aztertzekoa litzateke egin den bidea, eszena eta literaturaren arloan egin duten ekarpena.

Bada perfopoesiarik euskaraz?

Izen horren pean segur aski ez, edo gutxi. Lehenik eta behin, ezin aipatu gabe utzi JosAnton Artzek behinola sortutako ikuskariak, egun performance-aren eremuan kokatuko genituzkeenak agian: Ez Dok Hamairuren baitan egindako lanaz gain, Oihana ahuenka bezalako ikuskariak horren adierazle dira. Artzek errezitaldirik soilenean ere ahotsaren erabilerari eta musikaltasunari garrantzia handia ematen dion sortzailea da. Perfopoesia liburuan sarritan aipatzen da Joan Brossaren erreferentzia, zeinak ‘poesia eszeniko’ gisa sailkatzen zuen bere lana, eta ez dira gutxi Brossa eta Artzeren artean egin litezkeen loturak, poesia eszenikoa eta batez ere bisualaren ildotik.

Joan Brossa

Azkenaldian Uberanen landu ditugun hainbat artikuluetan bada gai honen oihartzunik. Eric Dicharryren kasuan testuen idazkeran bertan topa liteke performatibitatearen eraginik, Maiatzekin atera duen Hormatik hormaraino lanean:

Poesia hitza “arriskutsua” bihurtu da. Esaten duzunean poesia dela, jendea urruntzen da. Poesiak jendeari beldurra ematen dio. Ulala, poesia da. Ez da niretzat egina. Elitista baita. Baina jendeak bertsolariak entzuten dituenean ez dute bermaneraz pentsatzen. Uste dut slama bertsolaritza bezain herrikoia dela. Horregatik nahiago dut slama hitza erabiltzea poesia hitza baino. Gainera ez dut mugarik ikusten. Elitista dena herrikoia bilakatzen ahal da.

Ixiar Rozasek ere sakon landu du performancearen gaia, artikulu hau horren lekuko:

Ikuslearekiko eta idazkuntza berarekiko harreman horretan hitzak entzun, ikusi eta ukitu daitezke: ‘deskribatzen ari naizen eszenaren barruan zati txiki batek lortzen du hitzak ukitzea, ahotsaren bitartez testuak dekonstruitzen, testua eztandaraziz eta hitzak eta lengoaiaren logika apurtuz. Poesian ere hau asko gertatzen da, poesia ozen irakurtzen dugunean hitzak bolumena hartzen dute eta ‘ukitu’ daitezke’.

Poesia paperean ematen dena da soilik? Bada oholtzan literatura egiterik? Zentzu horretan, teatroak berak XX. mendeko abangoardien garaitik bizi duen eztabaida gakoa bizi du poesiak ere, maila txikiago batean: hitzan hasi eta amaitzen ez den hitza, izan daiteke literatura? Esateko pentsatua den hitza, gorputz mugimendu batekin lagundua besterik ulertuko ez den hitza, literatura da? Alfonso Sastrek espainolez bilatu zuen ‘parlatura’ deitu zuena, ahozkotasuna eta literaturaren arteko bide bat proposatuz. Antton Lukuk une jakin batetik aurrera uko egin zion bere lanak argitaratzeari, oholtzarako lanarekin osatu gabe testua nolabait hilik zegoelako. Gauza bera gerta liteke poema batzuekin?

Euskal Herrian ere, poesiak hainbat bide topatu ditu oholtzarako bidea egiteko:

- Poesia errezitaldi soilak: zeinetan hitza, ahotsa, testua eta publikoaren arteko harreman zuzena ematen den.

- Lagundutako poesia: kasu hauetan poemak musikari batek, irudigile batek… lagunduta errezitatzen dira, baina ez ‘uztartuta’. Modu paralelo batean, nolabait esateko. Elkarren alboan doaz emanaldian elementuok, baina ez bat eginik. Liburuak aurkezteko sortutako errezitaldi askoren kasua litzateke hori.

- Poesia musikatua: kontzertuaren egiturara gerturatzen dira hauek, eszenaren kontzeptu batera baino gehiago: Katamalo, Mugaldekoak, Zura eta Bide Ertzeanen lan batzuk… Horrelako proiektuez gain, kasu batzuetan poemak aleka musikatzetik harago, giroak eta jarrerak sortzetik eman izan dira bestelako esperientzia musikatuak: Bustilehorreko poemak, Komuneko paperean, Igo gora

- Poesia eszenikoa: literatur jatorri bat izanik ere, testua beste elementu batzuekin harremanetan jartzen da: musika, irudia, gorputza, ahotsa bera… kasu honetan hitza eta beste elementuen arteko fusioa bilatzen da, kodeak elkartuz eta ikuskizun bakoitzerako kode propioak sortuz. JoxAnton Artzeren ikuskariak,  FTIk bere egunean sortutako Fitola Balba Karpuki Tui

- Poesia teatro eta dantzarako (teatroa, dantza…) testu gisa: teatro obra asko osatzen dira egun poemetatik abiatuta, egitura dramatiko klasikoetan oinarrituta baino. Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiatuta lan ugari sortu dira azken urteetan (Aulki hutsa, Hnuy Illa, Euria esan eta euria erortzea…), adibidez.

Poesia eszenikoaren eremuan sartzerakoan erraz egiten dugu topo performance-aren kontzeptuarekin. ‘Performance’ etiketa ‘errezitaldia’ bezain nahasgarria eta lausoa suerta liteke lan batzuk sailkatzeko orduan, baina era berean interesgarria da egin daitekeen lotura. Poesia ‘niaren literatura’ den heinean, performancearen eremuan ardatz izan diren elementuekin bat egin dezake: autofikzioa, autobiografia, norberaren gorputza erabiltzea, jarrera diskurtsiboak, testu laburrak, testu-objetuak, poema bisualak, arte diziplinen arteko muga lausotzea… eta hortik hartuta beraz bai, egon egon liteke ‘perfopoesia’ den ezer, etiketa baino gehiago dena, irakurle eta ikusleengana gerturatzeko bideak erakusten dituena, liburuaren mugetatik harago edo haren osagarri.

Generoen arteko mugan dauden zertzelada interesgarriak topa litezke poesia errezitaldietan: zer da Omar Nabarro eta Edorta Jimenezen arteko elkarrizketa topatzea ‘Haragizkoa’n, musikaz eta irudiz lagundurik? Zer Iñigo Astiz ‘Euskal Herria’ Allen Ginsberg gogoan errezitatzen entzutea? Mikel Ibargurenen poemak dantzarekin uztartuta ikustea Gorpitz izeneko piezan?

Seinaleak. Poesia eszenarako esperimentazioan eta literaturaren zabalpenean liburuetatik harago bideak zabaltzen dituen seinaleak. Zertzeladak. Agian izendatzeari uko egin beharko geniokeen errealitate baten zertzeladak.

Albiste honen uberan:

Perfopoesia errezitaldiak Sevillan

BADOK: idazle musikatuak

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.