Bolañoren detektibe poetikoak

Mundu bat dago aurkitzeke Bolañoren poesiagintzan

Roberto Bolañok 58 urte beteko zituen gaur, apirilak 28, 2003an gazterik hil ez balitz. Dardarka jarriko zituen Los Detectives salvajes liburuko protagonistak Bolañoren lanak hil ostean izan duen arrakastak.


Arturo Belano eta Ulises Lima inguru gertuan nonbait irudikatzekotan, Emauseko bigarren eskuko liburuen apalen aurrean izan liteke leku bat. Liburuak lapurtu eta ihes egiteko prest. Ohore eztabaidagarria bezain erromantikoa izan daiteke idazle batentzat bere liburuak bigarren eskuko dendetan topatzea (koordenatu hauetan espainolez Vargas Llosa da agian jaun eta jabe, Tuesday Lobsang Ramparen itzulpenekin batera). Roberto Bolañoren liburuek ez dute tamainako ohorerik; egungo modako erakusleihoetan ohikoak dira orandik bere lanak, ’2666′ nobela hil ostean kaleratu zenetik berrargitalpen, ez ohiko edizio, lan ezezagunen kaleratzeareei esker. Artista orok (ez soilik pintoreek) madarikatuko lukeen topikoa bete da Bolañorekin: hil osteko arrakastaren eztanda, bizirik zelarik sarritan bazterketa eta larritasun ekonomikoa ezagutu ostean.
Bolañoren narratiba arrakastatsua suertatu da oso, bere ipuingintzak ale ugari utzi ditu eta Los detectives salvajes eta 2666 nobelak bereziki erreferentzialak dira egun (eta oraingoz). Bolañok poetatzat zuen bere burua, nolanahi ere. 1990. urtean bere seme Lautaro jaiotzean hasi omen zen prosa idazten, poesiarekin bakarrik bizirautea zaila zuela ikusirik.
Bere lanen zabaltze masiboaren aurreko garaiak gogoan, Emausek eman dezake Bolañoren aurrehistoriari loturiko ezusterik hala ere: zalerik zaleenen euro bakarreko mugimenduei eutsiz gero 1994an Irun Hiria saria jaso zuen Los perros románticos poesia bilduma topa liteke. Lehiaketen bidetik argitaratu izan diren lanen patua izan da sarri ‘Raiders of the lost arc’ filmaren amaieran azaltzen den moduko biltegi batean amaitzea, edo Emausen bertan, lehen eskuko alea izan arren. Saritu ostean Kutxaren eskutik argitaratu zuen Boñanok Sensini ipuina ere.
Los perros románticos lanean topa litezke gerora bere narraziogintzan ezagunak egin diren elementuak, ‘detektibe’aren figura eta irudia hasteko eta behin:
‘Soñé con detectives helados, detectives latinoamericanos
que intentaban mantener los ojos abiertos
en medio del sueño’.
Mundu bat dago aurkitzeke Bolañoren poesiagintza labur baina esanguratsuan. ‘No tengo dinero para la nostalgia’ irakur daiteke Los detectives salvajes liburuko une batean. Beste garai batzuen nostalgiarekin edo gabe, Bolañoren ibilbideak ez dio arrotz egiten erakusleihorik gabeko literaturari.
Informazio gehiago:
Gorka Bereziartuaren aipamena Argian.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>