Pello Lizarralderi elkarrizketa

“Literaturak bizitzara eramaten ez banau, ez zait literatura interesatzen”

Ez du presarik idazteko. “Mantso idazten dut”. Ez du oharrik hartzeko ohiturarik. “Oso memoria onekoa naiz. Izan ditut disgusto txiki batzuk baina aspaldi konbentzitu nintzen ez dudala ideia genialik”. Pello Lizarralderen adierazpenak dira hauek. Orbanak (Erein, 2012) liburuak duen indarra miragarria da ordea. Ezin hobetu azaldu zuen Xabier Artolak web orrialde honetan bertan egin zuen Liburu gomendioan: “istorioa ez ezik, mundu bat, giro bat, izateko eta bizitzeko modu batzuk zeureganatuko dituzu ia oharkabean”. Lizarralderengan dena ez baita paisaia, giroa, forma. Galdera batzuk ere utziko ditu airean. Zein neurritaraino da inor zigorra ezartzeko edota bere kabuz justizia egiten hasteko?




“Lehen idatzitakoari, beste kapitulu bat gaineratu diot”. Antzekorik esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Juan Carlos Perez kantariaren prentsaurreko batean entzundakoa etorri zitzaidan burura. Kantu-egile batek bere ibilbidean zehar kantu original bakarra idatziko du, bi gehienez jota. Gainontzekoak horien aldaerak izango dira beti. Zu ere teoria horren aldekoa zara, beraz?
Aurkezpen bat egitea oso zaila da. Irakurri ez duenari zerbait aurkeztea ia ezinezkoa iruditzen zait. Argibide batzuk ematen ahalegintzen naiz, baina oso zaila egiten zait berrikuntzarik dakarren ala ez adieraztea, berrikuntza handirik ez dakarrelako seguruenik.
Idazle batek esaten duenean “oraingo honetan aldaketa etorri da, benetan, eta gainera erronka handia izan da”. Nik erronka hitzari gorroto ikaragarria diot. Aizkolarientzat balio du baina idazleentzat ez. Nik ez dut erronkarik. Kontua da lana egitea eta benetan gustuko duzun zerbait egitea; eta hori oso zaila da. Zer idatzi behar duzun jakitea. Ez zer idatzi dezakezun, baizik eta zer idatzi behar duzun asmatzea. Hori da zailena.
Nire liburuetan ez dago aldaketa ikaragarririk eta horregatik balizko irakurleari ezin diot esan “oraingo honetan ikusiko duzu. Aurrekoak gustatu ez bazaizkizu ere, oraingo honetan ikusiko duzu”. Ez da egia.
Bestetik, prentsaurreko hartan ere esan nuen Larrepetit (Erein, 2002) liburuarekin lotzen nuela  Orbanak (Erein, 2012). Bi liburuen artean badagoela zubi bat egitea esan nahi nuen. Karta horiek mahai gainean utzi nituen baina inork ez dit kasurik egin. Eta hala behar du. Nik ez dut agintzen liburuan. Liburua kalean da eta bere ibilbidea egin behar du.
Begira, liburu aurkezpen batean gustura esango nuke: “beste liburu bat atera dut. Nahi baduzue erosi eta nahi ez baduzue, ez”. Kito. Baina halako azalpenak eman behar izaten dira aurkezpenetan.

Idazleak, idazteaz aparte, liburua ere saldu egin behar du. Lehen ere hala al zen? Horrelako morrontzak ordaindu behar ziren?
Niri editoreek dena errazten didate, ez didate sekula trabarik jartzen, ez didate matraka ematen… Baina uste dut obligazio batzuk baditudala eta nire buruari lan bat jartzen diot: aurkezpenak txukun egin behar dira.
Aipatzen dituzun morrontza horiek beste bide batetik datozela esango nuke, profesionalizatzetik. Esan nuen eta berriz esango dut: profesionalizatu den idazleak okerrago idazten du. Ez dut ezagutzen  profesionalizatu eta gero hobeto idatzi duen idazlerik. Zergatik? Merkatua oso ankerra delako eta obligazio batzuk jartzen dituelako. “Halako gehigarritarako halakoa idatzi”, eta antzeko mandatuak bete behar dira. Baina beti al dugu zerbait esateko beharra, gogoa edo ahalmena? Ba ez, inondik ere ez. Merkatua ankerra da eta obrak pagatu egiten du hori.

Profesional izateko aukera izan zenuen zuk, ezta?
Euskadi Saria jaso nuenean (Larrepetit liburuarekin, 2003an), konturatu nintzen urte bat edo bi pasa nitzakeela hitzaldiak emanez eta boloak eginez. Baina hori penagarria iruditzen zait.
Eguneroko bizitzan gauza normal samarrak egiten dituenak idazteko abiapuntu hobea daukala iruditzen zait. Egunero ogia erostera jaisten denak eta erosten ari den bitartean entzuten dituen horiek baliatu ditzake idazteko. Baina etengabe ordenagailuaren aurrean dagoenak bizitakotik idatzi behar badu… Beharbada oso bizitza interesgarria izan du eta atera ditzake ikaragarriak, edo ordenagailua utzi eta bestelako bizipen interesgarriak izan ditzake, baina zaila egiten zait, ordenagailuak beste galaxia bat ekartzen duelako. Idazten dutenekin bakarrik harremanetan jartzea, esate baterako. Eta hor ere bada beste arriskurik. Metaliteraturara jotzea edo idazleen arteko ika-miketan murgiltzea.
Nik liburuak behar ditut bizitzara itzultzeko berriz ere, beste baten ikuspegitik nire bizitzara etortzeko, besteengana pasatzeko… Literaturak bizitzara eramaten ez banau, niri ez zait literatura interesatzen.


“Zaila egiten zait lehen pertsonan idaztea”

Bi plano nagusitan garatzen da Orbanak nobela (Erein, 2012): lepoan orban bat duen iheslaria batetik; iheslariaren arrastoaren atzetik dabilen pertsonaia, bestetik. Azken hau lehen pertsonan mintzo da. Beraz, hor bada berritasunik. Lehenengo pertsonan mintzo den norbait, ezta?
Zaila egiten zait lehen pertsonan idaztea, ahots hori sinesgarri egitea. Txukun geratu dela uste dut, baina lan handia eman dit. Ez nuen ahots elaboratua egin nahi, ez nuen oso literarioa egin nahi –hitzak balio badu, dena baita literarioa elaborazioa dagoen neurrian–. Egiazko ahots bat lortu nahi nuen. Auspoako kontalari horien tankera eman nahi nion pertsonaiari. Hori esatea askotxo esatea da, hala ere, autore haiek badutelako nik ez dudan asko eta asko. Berrikuntza kasu honetan hori izan da: nire ezintasunen kontra borrokan aritu naizela.
Beste berrikuntza batzuk ere badaudela esango nuke. Egitura aldetik, uste dut triptikoak badakarrela oreka bat. Jauzi batzuk eta gorabehera batzuk daude nobelan zehar eta egitura horrekin horixe lortu nahi nuen; zati guztiek elkarren beharra izatea.
Kosta egin zait idaztea, ez beste nobelak baino gehiago, baina oso kontzentratuta egon behar izan dut. Hiru zatiak diferenteak izan behar zuten, baina, aldi berean, elkarrekin bat etorri behar zuten.

Moisesengan, lehen pertsonan mintzo den horretan, sumatzen da bilakaerarik. Sosegatuen dirudiena agertuko da liburu amaieran artegatuen.
Nik uste dut hori dela liburuaren klabea. Alegia, oinak lurrean eta ustez mundu oso segurua zuen horrek zer nolako bilakaera duen. Hortxe dago nobelaren gatazka. Bere zalantzaren erpina pasarte honetan dago: “zer zaila den zerbait egitea, inork zer egin behar duzun esaten ez dizunean”. Pertsonaia horrekin hartu dut nik lanik handiena. Gatazka inportanteena horren baitan gauzatzen baita.


“Zalantza eragitea da helburua”

Nola kontatzen den bezain garrantzitsua da zer kontatzen den. Moises tenple handiko pertsonaia dirudi, baina azkenean mendeku joera horren gatibu bilakatuko da.
Garbi, gainera. Pentsa nola galtzen duen bere tokia. Beldur da iheslariak betiko ihes egingo ote duen, zigorrik gabe geratuko ote den…
Komunikabideak susmoa eta ostatuko maiseatze hori sustatzen ari dira azkenaldian. Eta faxismoaren hasiera hori da. Non daude frogak? Non geratzen da defendatzeko aukera? Liburu honen helburua, azken batean, zalantza eragitea da. Hori lortu badut, ni pozik.

Irakurleak idazteko modu bat, estilo bat identifikatzen du zure liburuetan. Eta hori izan daiteke idazle batek jaso dezakeen laudoriorik handienetakoa, ezta?
Hala da. Niretzat ikaragarria da hori. Irakurleen iritziak jasotzea oparia da niretzat, orain dela urte batzuk pentsaezina.
Nik zortea izan dut. Jende adeitsua topatu dut idazleen artean. Baina gustu aldetik ez ditut konplize asko eta akaso horregatik errazagoa da nabarmentzea.
“Oso berritzailea zara” esaten zidaten duela urte batzuk eta ni harrituta geratzen nintzen. Europan edo Amerikako Estatu Batuetan hain sendotuta dagoen literatura mota baten airea ekartzea ez da meritua. Zer edo zer jarriko ahal nuen nik, baina estiloaz horrelakoak aipatzen dizkidatenean, harritua geratzen naiz.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.