Hasier Larretxearen liburu gomendioa

Adam Zagajewskiren Mano invisible (Acantilado) poesia liburua hautatu du

“Gertaerarik saminena ere zeharkatzerik duen esku ikustezina zabaltzen digu Adam Zagajewskik, gaur egungo poesiaren gailurrean kokatzen den egileak”, hala dio Hasier Larretxeak. Liburu gomendioen tartean, Adam Zagajewski ukrainarraren Mano Invisible liburua hautatu du Larretxea poeta nafarrak. Acantilado argitaletxearen katalogoan topatuko duzue.

Acantilado argitalaetxeak 2012ko hasmentan karrikaratu zuen Mano invisible, Adam Zagajewskiren azken zutarria azken hamarkadetako lan poetikoan, non haurtzaroko auzokide eta familiarren erreflexu dizdaratsua helarazten digun, sorterriaren esentziak  memoriaren geografian sustraituz. Honako poesia liburua 2009an idatzia izan zen. Adamen poesia itzulpenekin ohikoa den moduan, gaztelaniara Xavier Farrék itzulia da aurrez-aurre dugun harribitxia (katalanerara egiten duen gisan).

Adam, 1945ean, Lvoven, egungo Ukraniako eremuan sortu zen; 1982an Parisen errefuxiatu zen, AEBetan lekutzeraino. Poesia liburu andana argitaratu izateaz gain, entseguak, bai eta narrazio lan autobiografikoak eman ditu argitara (bere lanik gorenetarikoa, eta gaztelaniara itzulia, En la belleza ajenaPre-Textos, 2003). 2010ean Europako Poesia Saria eman zioten. Bere lan poetikoaren ezaugarrietako bat artea, egunerokotasuna, iragan historikoa eta bere izatean errestoa utzi zion haurtzaroko garaiak zertzelatzeko fintasuna da, non, eraikuntza literario hori, urteetan itzuli ezin zen sorterritik abiarazten zen.

Mano invisible liburuan, poetak totalitarismo politiko eta pertsonalek eragindako zaurien gogortasuna oroitarazteko idazten du, gibelean gelditutako eta oharkabean iragandako edertasun uneen bat-batekotasunaren gisan. Gauzak horrela, poema bakoitzak eszena baten gisan kotatzen du historioa eta historia, Cracovian abiarazitako ihesan galdutako argazki-bilduma. Destinu zehatzik gabeko bideak, kontenplaziozko bizitzak hiriko kafetegian, non, iraganeko iluntasunaren itzalek desitxuratzen dituzte etorkizuneko pausoak. Jada nehork otoitzik egiten ez duen aldareen larrimina.

Adam Zagajewskik berrogeita hamargarren hamarkadako argi-ilunak eta katolizismoaren instrukzioa islatzen ditu. Gero iritsiko ziren, errefuxiatu gisa bizi behar izan zituen urteak. Laurogei garren hamarkada. Nahiz eta sekretuak galdu, plazak bizirik mantentzen duten Europako ekialdeko hiriak. Hainbatentzat ulergaitza den memoriaren erradiografia, non, gertaera historikoak auzuneko eta karrikako jendeen bizitzen kontraesan, kezka eta beldurren nondik norakoekin diren azaleratuak. Umildutakoen hizkuntzarekin mintzatzen diren hirietan familia helbideak ezezagunen espazioetan bilakatzen dira.

Poema guzti hauen eraikuntzan egileak trazatutako hariaz beste, pentsamenduek, testuinguru soziopolitikoak, begiradaren planoak tartekatzen dira, zeinetan une bakoitzak berezko garrantzia hartzen duen irudien edertasunarekin batera irakurlea bertze egoera batera eramateraino, isiltasunari gailenduz, familien eta gizartearen izotzezko geldotasun hari.

Memoriaren ziurgabetasunak ere zeharkatzen ditu egileak liburu honetan,  esperientzia eta bizipenen ondorioz eskuratutakoek, bai eta  baztertutakoek ere identitatea osatzerako orduan duten   berebiziko garrantzia. Eraldaketaren esperantzak eguneroko eginkizun ttipiekin topo egiten du, hiztoriaren letra larriendako ezezagunak diren biztanleen joan-etorriekin. Garona eta Rodano erreken bistak, Parisen barna emandako paseoek ez daudenenganako bilaketa batera garamatza Zagajewskik.

Gertaerik saminena ere zeharkatzerik duen esku ikustezina zabaltzen digu gaur egungo poesiaren gailurrean kokatzen den egile honek. Adamen esku ikustezinak harrapatzen duen unea   bertso gogoangarrian bilakatzeko  gaitasuna gutxi batzuek baino ez dute. Poesia irakurleen apalategietan egon beharko lukeen liburuaz ari natzaizue, berezko dizdira, xamurtasun eta umorearekin, poesiarekiko fedea itzularazten digunaz. Oraingoz, 2012an karrikaratutako poesia libururik gogoangarriaz (behin eta berriz itzultzen naizena).

 

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.