J.K. Rowling-en ‘Eserleku hutsa’ kaleratu dute Alberdaniak eta Ereinek

Harry Potter magoaren liburu sailarekin mundu osoan ezagun egin ostean, helduei zuzendu die J.K.Rowling idazleak bere lan berria: Eserleku hutsa. Alberdania eta Ereinek kaleratu berri dute Batera sailean.

.

Eserleku hutsa from Erein argitaletxea on Vimeo.

Harry Potter magoaren fantasiazko saila sortzeagatik egin zen ezagun. Zazpi aleren ostean itxi zuen sail hura, zazpi liburu eta pelikula gehiago, ospe gehiago, bere izen soilarekin markak apurtzeko aukera gehiago. Horregatik agian sekulako ikusmina sortu du bere lan berriaren argitaratzeak, helduei begira oraingo honetan. Irailaren 27an argitaratu zuten Eserleku hutsaren ingelesezko jatorrizko bertsioa. Abenduarekin heldu da euskarazko irakurlearen eskuetara, Estibaliz Lizasok Xabier Olarraren laguntzarekin ekarri du euskarara.

Era honetako nobedadeak ekartzeko ahaleginean sortu zuten Alberdania eta Erein argitaletxeek Batera saila. Ahaleginak batu eta nazioartean sona eta arrakasta erdietsi duten tituluak helarazi nahi dizkiote euskal irakurleari. Bederatzigarrena dute Rowling-ena, lehenagokoak dira Sofi Oskanen, Sthepane Hessel edo Suzanne Collins bezalako egileen lanak.

Hauxe duzue Eserleku hutsaren argumentua:

Barry Fairweather berrogei urte bete berritan hil da, eta Pagford herri txikia shock batean bezala geratu da. Itxuraz, herri patxadatsua da Pagford. Leku idiliko bat. Galtzada harriko merkatu plaza bat eta abadia zaharra. Baina patxadazko itxura horren atzean, gatazka larria ezkutatzen da. Aberatsak gatazkan daude pobreen aurka, nerabeak gurasoen aurka, emazteak senarren aurka, irakasleak ikasleen aurka… Pagford ez da lehen kolpean ematen duena. Gerra horiek denak ezkutuan egon dira orain arte, baina Barryk parrokia-batzarrean utzi duen hutsuneak inoiz Pagforden ikusi gabeko gerra piztu du. Nork irabaziko du grinaz, hipokresiaz eta ustekabeko berriez kargatutako gerra hori? Komedia ilun bat idatzi du Rowlingek, zer pentsa uzten zaituena hasieran eta harrituta gero. The Casual Vacancy da JK Rowling-ek helduentzat idatzi duen lehen eleberria”.

J(OANNE) K(ATHLEEN) ROWLING (Chippong Sodbury, 1965), Britainia Handiko idazle hau haur eta gazte literaturan izan duen arrakastagatik da ezaguna. Harry Potter haur magoaren abenturengatik hain zuzen. Bertan, Harry Potter mutikoaren eta Ron Weasley eta Hermione Granger lagunen zazpi urteko istorioa azaltzen da, Hogwarts magia eta azti eskolan igarotakoak. Hariaren korapiloa Harry Potter eta Lord Voldemort azti maltzurraren arteko borroka da, azken honek Harryren gurasoak hil baitzituen mundu magikoa bereganatu nahian.

Albiste honen uberan:

Berria

Estibalitz Lizasori elkarrizketa Bizkaie-n

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.