Edorta Jimenez eta albokaren boza

Ibon Koteronentzat egindako letra honekin, albokaren definizioa betikotu zuen.

Gariren “Astiro eta amorruz” abestiaren poema berea da. “Badator Marijaia” kantuaren letrak ere bere sinadura darama. Ez dira egin dituen bakarrak. Kantu gehiagotan aurkituko duzue Edorta Jimenez idazlearen arrastoa. “Odolaren boza” (Ibon Koteron, Elkar-1998) kantuaren bitartez, doinua hitzekin apaintzeaz aparte, albokaren definizioa betikotu zuen.




Alboka musika-tresna bizia da, erritmo handikoa, zuzena. Kantuaren letra ere halakoxea behar zuen izan, ezta?
Egia esan, niretzat albokaren soinuak antzinako deiadarrak ekartzen dizkit gogora. Grinaren doinua begitantzen zait. Horrexegatik kantuaren titulua: Odolaren boza. Odolaren boza, eta leku zehatza ere izan nuen kantuaren hitzak idaztean gogoan; Bilboko San Frantzisko auzunea, eta aspaldiko meatzariak, asko eta asko hantxe bizi ziren eta.

“Mende bat joan da alboka ez da hil; hona albokariak, trebe eta bipil”. Bada alboka bera aldarrikatzeko asmoa.
Kepa Junkera ezagutzeaz ia batera Ibon Koteron ezagutu nuen. Egia esateko, Ibon zoroagotzat hartu nuen Kepa baino. Tresna harekin, nik neuk hain gogoko dudan tresna zorrotzegi horrekin, deiadarrena egiteaz gainera zer beste egin zitekeen ez nekien eta. Gero diskoaren planteamendua ezagututa zur eta lur geratu nintzen. Tresna horrekin erromerietan dantzan egiten zen, eta ni neu horretan trebea ez banaiz ere, meatzariak imajinatu nituen, lanegun astunen ostean dantzan. “Oinak doaz arin” eta “Alboka ez da hil” tresnak eragiten didan emozio basatiaren isla dira.

Trikitixa bada infernuko hauspoa, alboka odolaren boza. Albokaren definizioa betikotu duzu kantu honen bidez. Alboka musika tresna aitzinakoa, arbasoengandik datorrena… Hori islatu nahi zenuen akaso?
Bai eta ez. Arbasoena argi dago. Baina kontuz! Arbaso haiek jolas eta zirri, zirri eta jolas ibiltzen ziren, larruaren bila, odolaren bozari erantzunez. Ze, begira, ni neu, Euscal Errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba (1816), Fray Bartolome Santa Teresaren liburuaren irakurlea amorratua izan naiz eta, horretan iradokitzen denarekin bat, euskaldunoi gainean ezarri diguten etika asko topiko huts direla ikusten da. Fraide haren garaian dantzan egiten zen, eta gehiago ere. Eta txistua, danbolina, alboka eta gero etorri zen infernuko hauspoa ez ziren folk tresnak, musika bizi eta garaikidearen tresnak baino. Gaur deritzegu horiei folk tresna, aspaldikoak direlako! Ostera, tresna bizirik den artean eta musika garaikidea sortzen erabiltzen den aldetik ez da inondik ere folklorikoa, zentzurik hertsienean. Jazza pianoz egitea, folk egitea da? Joseba Tapiak folk musika egiten du? Etiketa horiek ezer gutxirako balio dute.

Badira sufrimenduari lotu daitezkeen aipamenak kantu honetan. Baina hala eta guztiz ere, edota horren ondorioz akaso, ospakizunerako deia nagusitzen da kantu honetan.
Bai, lehenago esan dizudan bezala gure Bilboren iragana langile eta borrokaria aldarrikatzen dut, langile gazteen jaiak, neskatan ibiltzea, astean egun batez jai izatea eta gogoak eskatzen zuena egitea. Bilbo hartako egunkari zahar asko irakurrita nago eta, ez dakizue nolako istiluak izaten ziren erromerietan. Hori horrela izaten zela ahaztu barik, bai, ospakizunetarako deia egiten da. Zer arraio! Gizon-emakume gazte langile haien alaitasuna egundokoa izaten zela ez dut zalantzarik. Sufritzen dakienak daki benetan gozatzen.

Aldea dago entzuteko idaztetik irakurtzeko idaztera?
Itzela. Adibide bat jarriko dizut, Mari Jaiarena. Kantuari ekin niola, nire lehenengo galdera zera izan zen, norentzat da kantua? Euskaldunentzat eta erdaldunentzat, Bilboko Jaiak guztionak diren aldetik. Kantua ostera hizkuntza bakarrean joango zenez, zera pentsatu nuen, euskaraz hitz gutxi batzuk behintzat badakizkiten horiei beste hitz batzuk ematea: Hara, hara, gure Mari Jaia! Esaten errazak, jende horiek nahi izaten dute-eta zerbait esan euskaraz. Eman egin behar zaie. Eta gogora etorri zitzaidan txikitan Hara! esaten zigutela, eta horrelaxe otu zitzaidan Hara! hori berreskuratzea. Gizartearentzat ari nintzen, ideologia ezkertiar eta zabal batetik zoriona eta rollo ona aldarrikatzen. Beraz, kantuak, irakurrita, xinplea ematen du. Kantatua ostera beste mundu bat da.

Taberna batean, irratian edo jaialdiren batean, zurea ere baden kantua entzuten duzunean, zer sentitzen duzu?
Begira, beharbada ez didazu sinistuko baina Mari Jaia aditzen dut eta ez datorkit gogora hitzak neuk sortuak direla, gogorazi egin behar didate. Eta benetan, kantu hori ja ez da inondik ere nirea. Pozik nago nire eskuak idatzi izanaz, besterik ez. Beste mutur batean dago Rafa Ruedarekin zuzenean, adibidez, “Haragizkoa” errezitaldietan; testuak ezagun egiten zaizkit, nireak-edo dira, baina ja ez dira huts-hutsik nireak.

Musikari eta kantariei galdetzen diegu ea poesiak zer eskaintzen dion musikari. Beraz, galdera beste ikuspuntutik egingo dizut: zer ematen dio musikak poesiari?
Trobalari izan nahi nuke, idazten eta kantatzen jakin. Horixe litzateke ideala. Bitartean eskizofrenia bizi dugu. Musikak balio infinitua eman diezaioke kasik edozein testuri, osagarri edo alderdi biak ondo bat egiten, mihiztatzen, uztartzen edo josten, nahi duzun aditza erabili, jakinez gero. Poesia barruko musikaz sortzen dut nik neuk, eta beste norbaitek poesia horri bere musika ematen dio.

Eta asmatzen da beti? Konforme zaude kasu guztietan?
Argi esateko, ez diot nire buruari “konforme, bai?, ez?” hori horrela inoiz planteatu. Batez bestekoan pozik nago, hau ere esan behar dut. Kasu guzti-guztietan harritu egin musikari honek edo beste horrek nire testu hau edo hori zelan interpretatu duen aditzeak.

“Haragizko amoreak” liburuan oinarrituz, ikuskizun bat bideratu duzu Jaime Nieto zein Rafa Rueda musikariekin eta Joseba Barrenetxea argazkilariarekin. Jendearekiko feed-back hori nolakoa izan da orain artean?
Ikuskizunak eman didana ezin hitzez adierazi. Publikoa negarrez ikustea, hori ez nuen itxaroten, ezta inondik ere. Lauron artean sortu dugun emozio-kapsulari zor zaio, argi daukat.

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>