Aiora Jaka eta Maialen Marin, Zaitegi Sariaren irabazle

Txineratik zuzenean itzuliko dute Mo Yan nobel saridunaren ipuin bilduma bat

Elkar argitaletxeak zabaldu berri duenez, Aiora Jakak eta Maialen Marinek irabazi dute Zaitegi Saria. Horri esker, Txineratik zuzenean itzuliko dute Mo Yan nobel saridunaren ipuin bilduma bat.

Elkarren eskutik jaso berri dugu honako berria:

Aiora Jaka eta Maialen Marin donostiarrek irabazi dute Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Rafa Egiguren, Miren Ibarluzea eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hogeita hiru lanen artean. Azpimarratzekoa da, horietatik lau zuzenean aritu direla txineratik, euskal itzultzaileen mailak eta txinatar kulturaren ezagutzak egin duten gorakadaren seinale. Proiektu guztien artean Jaka eta Marinena aho batez hautatu zuen epaimahaiak, bera zelakoan jatorrizkoari ondoen lotzen zitzaiona, batetik, eta euskaraz ondoen funtzionatzen zuena, bestetik. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Mo Yan idazle suediarraren ipuin bilduma bat (behin-be hingoz Nagusia gero eta umoretsuago dago izena daramana) euskaratu beharko du itzultzaile bikoteak, eta 2013 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.

Maialen Marin Lacarta (Donostia, 1983) Itzulpengintzan lizentziatu zen Bartzelonan, Ingeles eta Txinera espezialitatean, eta baditu masterra eta doktoretza ere; tesian, egungo txinatar literatura Espainian nola itzuli den aztertu du, Mo Yan-en kasua bereziki landuz. Unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan lan egin izan du, artikulu espezializatu askoren egilea da, eta literatur itzulpenak ere egin izan ditu, txineratik gaztelaniara. Egun Herbehereetan bizi da.

Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan lizentziatura, masterra eta doktoretza ditu, E HUn. Tesia, Sarrionandiaren itzulpen-lanaz egin du eta berriki argitaratu du Euskaltzaindiak. Gasteizko Letra Fakultatean irakaslea da, eta hainbat artikulu espezializatu eta literatur itzulpenen egilea.

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik hauexek izan dira sari horri esker itzuli diren liburuak:

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea

2003 J.M. Co etzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana

2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria hutsik utzi zen

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Iñigo Errasti

2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey

2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
Itzultzailea: Santi Leoné

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.