Literaturia, gero eta gertuago

Ekainaren 3, 4 eta 5ean Larrabetzun

Bilbon aurkeztu berri dute 3. Literaturia. Literatura Eskola, 111 Akademia eta EHAZE-Antzerkizale elkarteko kideek aurkeztu zuten ekainaren 3, 4 eta 5ean egingo den ekitaldia.



Bilbon aurkeztu zuten asteazkenean 3. Literaturia. Aurtengoan ere era guztietako ekitaldiekin jantzi dute egitaraua: poesia errezitaldiak, antzezlanak, ipuin kontaketak, bertso saioak, liburu azoka, liburu aurkezpenak…
Antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu zutenez egitarauak oinarrizko hiru ardatz ditu: lehena argitaratu berri diren tituluak ezagutzera eman eta haien egile diren idazleekin solastatzeko aukera izatea, bigarrena literaturari loturiko gaiei sakontasunez heltzeko espazioak sortzea, hirugarrena hitzaren bidezko plazerean murgiltzeko moduko ekitaldiak ekartzea.
‘Auzolana’ izan zen prentsaurrekoan sarritan aipatu zen beste hitz bat. Instituzioen aldetik ahalik eta laguntza gehien jasotzeko nahia eta asmoa duten arren, antolatzaileek aitortu zuten ez dela era horretako laguntzen zain dagoen proiektu bat ‘Literaturiak behar bati erantzuten dio eta horregatik da hainbat eragilek elkarlanean sortutako ekimena: irakurleak, idazleak, editoreak, literatur zaleak oro har. Ezin da ulertu Literaturiak aurreko edizioetan izan duen arrakasta parte hartzen duten guztiek agertu duten arriskatzeko eta bere esku dagoena emateko borondatea gabe’.
Auzolan horren isla izan zen prentsaurrekoa, Literatura Eskolako kideekin batera egin baitzuten agerpena 111 Akademiako eta EHAZE-Antzerkizale elkartekoek ere. Elkarte hauekin egingo den elkarlanari esker burutuko dira aurten ekainaren 4ko eta 5eko mahai-inguruak, zeinetan literaturari loturiko gaiak landuko diren sakontasunez.
Ekainaren 4an 111 Akademiarekin elkarlanean antolatu da ‘Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola?’ izeneko mahai-ingurua. Bertan parte hartuko dute Donostia, Basauri, Meatzaldea, Larrabetzu, Leioa, Iurreta eta Segurako irakurle taldeetako kideek. Modu honetan oinarritik, irakurleen sentipen eta gogoetatik sozializatuko da literaturarekiko kezka.
Igandean berriz EHAZE-Antzerkizale elkartearekin elkarlanean antolatu da ‘Antzerkiak badu irakurlerik?’ izeneko solasaldia. Bertan honako hauek parte hartuko dute: Mikel Martinez (aktorea, Cafe-Bilbao sariketako antolatzailea, Teatro-testuak.com guneko sortzailea), Borja Relaño (Artezblai argitaletxeko kidea), Xabier Mendiguren Elizegi (idazle eta editorea) eta Alaitz Olaizola (aktore, zuzendari eta idazlea). Euskaraz antzerkirik apenas argitaratzen den garai honetan aztertuko dute antzerki-irakurlearen existentzia bera, bakoitzaren esperientziatik abiatuta.
Abian da beraz aurtengo Literaturia izango dena, ‘euskarazko literaturaren plaza’.
Informazio gehiago:
www.literaturia.org

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>