Ostiralarekin, poesia ahora

Poesia oinarri duten hiru ekitaldi izango ditugu aukeran ostiralean, urtarrilaren 18an: Irunen Ainara Mayaren errezitaldia, Hernanin Edipotoa liburutik abiatutako irudi proiekzio-errezitaldia, Iruñean Hedoi Etxarteren liburu aurkezpena. Jarraian duzue informazio zehatza.

Hemen dituzue urtarrilaren 18an poesiari loturik egongo diren hiru hitzordu:

- Edipotoa argazki/poesia liburuan oinarritutako emanaldia, 22:00etan Hernaniko Karbonera gunean.

Nagore Legarreta argazkilariak argitaratu zuen Banizu Nizukeren eskutik Edipotoa izeneko liburua, kamera estenopeikarekin egindako argazkiak oinarri, eta haietatik abiatuta hainbat idazlek sortutako poemak lagun. Idazle horien artean dira errezitaldi honetan parte hartuko duten Gorka Setien eta Haizea Arregi. Errezitaldian Mariano Hurtadoren kontrabaxua izango dute lagun, liburuko argazkiak proiektatzearekin batera.

Emanaldi hau Karbonera gunean egingo da, harekin elkartasunean. Karbonera etxe okupatua desalojo arriskuan dago, ia zazpi urteren ostean martxan egon ostean. Bertan dago kokatua Ikatza liburugune politiko eta soziala.

Errezitaldiaren ostean MMÀ proiektuaren emanaldia izango da: Okene Abrego eta Mariano Hurtadoren hitzak eta musikak.

- Hedoi Etxarteren Sinplistak liburuaren aurkezpena, 20:00etan Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan.

Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du Hedoi Etxartek bere bigarren poesia liburua: Sinplistak. Iruñeko aurkezpenean beste bi poeta izango ditu bidelagun: Iñigo Astiz eta Angel Erro. Poesia, umorea, solasa eta patata tortilak ez dira faltako.

- Chansons d’amour poesia errezitaldia, 19:30ean Irungo Kabigorri kultur ateneoan.

Ainara Maya Urrozek Maiatz argitaletxearekin argitaratu du Chansons d’amour / Ilargi beterik gabeko gaua izeneko poesia liburua, “Amodiozko atsegin, minak eta esperantzak” agertzen dituena. Kabigorrin poema horiek zuzenean entzuteko aukera izango da.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.