Goizalde Landabaso: “Bilbon, orohar, ekimenak falta dira”

Txokolatea eta Bizkotxoak ekimenaren sustatzailetako bat da

Aurreko astean abiatu zen Txokolatea eta Bizkotxoak izeneko ekimena. Harkaitz Cano izan zen ziklo berri honetako lehen gonbidatua (argazkia ordukoa da, Karmelo Landak egina) eta asko izan ziren Bilboko Modesto tabernara hurbildu zirenak. Goizalde Landabaso idazlea dago antolatzaileen artean. “Nik uste dut Bilbon neurri txikiko ekimenak falta direla, eta orohar ekimenak falta direla”, adierazi digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. “Guk kultur espazio berrietara bideak zabaldu nahi genituen. Erakutsi nahi genuen kulturak baduela txoko askotarako aukera, ez dela diru askorik behar, azpiegitura handirik behar”.

 

Harkaitz Cano izan zen lehen gonbidatua. Zer nolako harrera izan zuen lehen saioak?

Lehenengo saioak arrakasta handia izan zuen. Ehun bat lagun batu ginen. Kontuan izanda oso eguraldi petrala egiten zuela, eta horrek ez zigula askorik lagundu, ba oso pozik gaude. Ez genuen hainbeste itxaroten, eta benetan poztekoa izan zen. Harkaitz Canok bere biografia musikala egin zigun, bere bizitzako anekdotak kontatuz, eta jendeak eskertu egin zuen. Amaieran etorri ziren askorekin berbetan jakin genuen jendea oso pozik gelditu zela.

Jendea batu zen. Horrek zer esan nahi du, akaso gabezia bat zegoela Bilboko kultur programazioan? Nondik nora otu zitzaizuen forum moduko hau antolatzea?

Gernikan egiten duten Kafea eta Galletak ekimenak eman zigun pista, gure inspirazioa izan zen. Gero Bilbora egokitu dugu. Guk musika baino gehiago eskaini nahi genuen, kulturaren adar ezberdinekin egin nahi genuen “Txokolatea eta Bizkotxoak”. Gabezirik al zegoen? Ba nik uste dut baietz, eta oraindik ere badago gabeziarik, esan nahi dut, Txokolatea eta Bizkotxoak ekimenak zulotxo bat bete du baina askoz gehiago bete behar dira. Nik uste dut Bilbon neurri txikiko ekimenak falta direla, eta orohar ekimenak falta direla. Guk kultur espazio berrietara bideak zabaldu nahi genituen. Erakutsi nahi genuen kulturak baduela txoko askotarako aukera, ez dela diru askorik behar, azpiegitura handirik behar. Kultura ekitaldi potolo eta nagusiak egon badirelako, baina baita edozein bazterretan sortzen diren perretxikoak. Eta horiek ditugu faltan. Aitzakiarik gabeko kultura guneak sortu nahi genituen, ohiko toki batean, jendeak okupatzen duen espazio arrunt batean. Ez dakit lortu dugun, baina hilero ahaleginduko gara.

“Memoriaren musika” berbaldia eskaini zuen Harkaitz Canok. Hedoi Etxarte izango da hurrengo gonbidatua. “Sinplistak eta kantu bi” du izenburu nafar idazle gaztearen hizketaldiak. Musika eta literaturaren arteko loturari lehentasuna eman nahi diozue edo kasualitate hutsa izan al da? Ala akaso egokiagoa da sortzaileei irekitako foruma dela esatea?

Kasualitate hutsa izan da. Biak ezagutzen ditugu eta otu zitzaigun egokiak izan zitezkeela. Hirugarren gonbidatua Aiert Goenaga izango da, eta berak “Kultur andamioak” gaia ardatz hartuta kultur esperientzian hasieretaz berba egingo digu. Eta aurrerago zinemari buruz hitz egiteko asmoa dugu, eta antzerkiari buruz… egia esan zerrenda luzea daukagu, eta bai, uste dut sortzaileei eskainitako foruma dela. Sortzaileen atzeko pertsonak ezagutu nahi ditugu eta beste zaletasun horiek azalerazi, hain zuzen ere, normalean ikusten eta ezagutzen ez ditugun zaletasun horiek.

Goizalde Landabaso (argazkian), Ane Zabala eta Fernando Perez dira ekimen hau abiarazi duten lagunak.


“Ez genuen dirulaguntzarik eskatu nahi”

Aurreko galderari lotuta dago akaso, baina zein irizpide jarraituko dituzue programazioa osatzerakoan?

Hiru gara honetan sartuta gaudenak eta bakoitzak bere gustuak ditu, eta hor orekari eutsiko diogu. Ez dago irizpide zehazturik, uste dut gure gogoaren arabera joango dela. Baditugu ideia batzuk, eta diziplina guztietan orekatuak izaten ahaleginduko gara.

Aretoak egon badira Bilbon baina Zazpikaleetako Modesto taberna izango da ekimen honen aterpe. Jendea ekarri baino jendera hurbildu nahian edo? Zer dela eta Modeston?

Modesto lagun batzuen taberna da eta ideia proposatu genienean baiezkoa eman ziguten. Eta bestetik, bada jendearengana hurbiltzeko saiakera, bai. Trabarik gabe, modu naturalean kultura eskaintzeko asmoa dugu. Tabernak gure herrian bilguneak dira, bertan dago jendea, eta bertan eskaini behar da kultura. Edo bertan ere bai. Uste dut erraza dela taberna batera sartzea eta zerbait interesgarria badago gelditzea. Garai batean Zapikaleetan egiten ziren kultur ekitaldi gehiago, eta gustatuko litzaiguke gure ekimenak beste soka bat ekarriko balu. Kulturgune sare bat sortzea interesgarria litzateke.

Ez duzue bide ofizialik jarraitzen. “Do it yourself” filosofiari jarraitzen diozuela esan daiteke.

Bai, beharbada bada beste modurik egitekoa, baina ez genuen diru laguntzarik eskatu nahi, horrek modu batean beti lotzen zaituelako. Eta ahal den askatasun guztia nahi genuen egitaraua gure kasa antolatzeko. Bide nagusitik at ere bada bidexkarik, eta iruditzen zaigu baztertu samar egon direla, hustuta. Bada betetzeko garaia.

Hala ere, sarrera moduko bat (borondatea) jarriko duzue eta hori sortzailearentzat izango da.

Bai, hori hasieratik garbi utzi nahi izan dugu. Gu ez gaude hemen aberasteko. Guk kulturaz gozatu nahi dugu, eta gure esku dagoena jarri besteek ere kulturaz goza dezaten. Zero aurrekontua dugu. Eta iruditzen zaigu sortzaileek euren lana egiten dutela eta horregatik kobratu behar dutela. Baina ez zitzaigun bururatzen zelan egin. Eta pentsatu genuen gutxieneko sarrera bat jarri eta borondatea eskatzea. Gutxieneko soldata bat aginduko diegu sortzaileei, eta helduko ez balitz sarreragaz guk jarriko genuke.


Literatura, zinema, dantza, antzerkia…

Kafea eta Galletak ekimenaren bidetik dator zuena. Baina haien aldean, zuen programazioa zabalagoa izango da, ezta? Musikatik haratagoko jardueretara zabaldua.

Bai, guk beste kultura diziplinei ere bide egingo diegu. Literatura, zinema, dantza, margolaritza, antzerkia, musika… denetarik jorratuko dugu.

Blog txukun bat ere jarri duzue martxan. Eta bitxikeria bezala, saio bakoitzean -1 eta +1 izeneko bideoak igoko dituzue.  

Zalantzak izan genituen saioak grabatzearen kontuarekin. Ez genekien dena grabatu edo ez. Eta azkenean okurritu zitzaigun irtenbide bat. Hasieran sortzailea harrapatu eta berbaldirako dituen asmoak grabatu nahi ditugu. Minutu batean azal diezagun zein asmorekin datorren (-1). Eta amaitu ostean berriz ere grabatuko diogu beste minutu bat zer nolako sentsaziorekin gelditu den azal diezagun (+1). Eta uste dut blogean txukun geldituko dela.

Zeintzuk izango dira datozen hitzorduak?

Otsailaren 5ean Hedoi Etxarte etorriko da. Martxoaren 5ean Aiert Goenaga. Apirila eta maiatza erdi lotuta ditugu, baina erabat lotuta egon arte ez dugu jakinaraziko. Eta jakinaraziko dugu blog eta sare sozialen bidez.

“Sinplistak eta kantu bi” hizketaldia eskainiko du otsailaren 5ean Hedoi Etxartek (argazkia: Topatu).


Harkaitz Canok Txokolatea eta Bizkotxoak zikloko saioa hasi aurretik eta ondoren eginiko adierazpenak, ondoko bideoetan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.