Xabier Lete: (des)izatetik mintzo den ahotsa

Leteren poesiagintza eta ‘Trukean’ liburua

Literaturia aurreko azken saioa egin zuten Literatura Eskolako kideek Txantreako Euskaldunon Biltokian: Xabier Leteren poesiagintzaz, Jose Angel Irigarayren eskutik. Literatura Eskolako kideek Trukean izeneko bilduma argitaratuko dute Literaturian, 2010-11 ikasturteko eskoletako ekarpenekin.




Literatura Eskolaren ikasturte honetako azken-aurreko saioak Iruñea aldera eraman gaitu, Txantreako Euskaldunon Biltokira. Xabier Leteren poesiagintzan sakontzeko aukera izan dugu bertan, Jose Angel Irigarayren eskutik.

Literatura Eskolako ikasturtea amaitzean hurrengorako gaiak, ideiak, izenak bota eta jasotzen dira, egitaraua osatze aldera. 2010-11 ikasturteari hasiera eman zitzaionean Xabier Leteren poesiagintza aztertzeko ideia zegoen zerrendan, horrelaxe sartu zen egitarauan. Literatura Eskolako kideek oroitzen dutenez ‘ezustean hartu gintuen haren heriotzaren berriak, abenduko hotzean, egunsentiaren esku izoztuak gertu sentitu genituen. Omenaldi kutsua hartu zuen ezustean maiatzerako aurreikusia genuen saioak’.

Jose Angel Irigarayk ere Xabier Lete zendu aurretik eman zion eskolari baiezkoa, berak hartuko zuen kantagintza eta poesiagintzaren artean barreiatutako hitzen zabala jasotzeko ardura. ‘Ez dok amairu’ taldearen ibilbidean eta ostera ere, Leteren bidaidea izan da Irigaray; berak izan du halaber Pamiela argitaletxearen baitan Leteren poesiagintzarik berriena editatzeko ardura. Iruñeko saioan izan zen iritzirik, izan zen ikuspegi trukerik, baina Irigarayk tesi hutsetik harago esperientzia pertsonaletan eta oroitzapen propioetan oinarritu zuen Leteren poetikatik egindako ibilbidea.

Xabier Leteren poetikan barna

‘Itsaso baten aurrean gaudela ematen du’ aipatu zuen Irigarayk hasi orduko, hain da zabala eta sakona Leteren poetikaren mundua. Liburutik liburura eraman zituen eskolakideak Irigarayk, testuinguru politiko eta sozialarekin, ‘Ez dok amairu’ taldean bizi izandako esperientziekin, une historiko bakoitzeko sentipenekin zubiak eraikiz etengabe.

Hasteko eta behin ahozkotasunaren eragina izan zuen mintzagai. Oiartzunen jaio zen Lete, bertan hartu-emana izan zuen bertsolaritzarekin ‘aipatu izan da Lete kantuetarako letra egile paregabea dela, hor sumatzen dela bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren eragin handia: kanpo eta barne erritmoa, ironia eta batez ere komunikatzeko gaitasuna’. Paperetik harago, agian Leteren poesia kantagintzaren eskutik heldu da hainbeste jende eta belaunaldiren gogo-bihotzetara ‘esan izan da Lete ez dela paperean kabitzen den poeta. Lete hori baino gehiago zen poesiagintzari dagokionez, komunikatzeko gaitasuna batik bat. Nabari da gaitasun hori batetik bere dohaina dela, baina bestetik hazitako giroak eta Oiartzunen bertsolaritzarekin izandako harremanak ere izan zuten zerikusirik’.

Jende askok aipatzen zuen zuzenekoetan kanten arteko esplikazioekin sumatzen zela Lete komunikatzaile ona zela, Irigarayren ustez ‘ahozkotasunari lotua baina begirada kultuaren plusarekin mintzatzen zen’. Leteren poesiagintza aztertu dutenek aipatu izan dute halaber bere lanean bilakaera bat egon zela, barnera modu sakonean egin zuela urteekin. Irigarayren ustez hasieratik topa litezke bere ibilbidean gakoak suertatu diren ezaugarrien aztarnak, baita hasierako kantaldi eta testuetan ere ‘nik uste hasieratik nabarmentzen dela existentzialismoaren eragin bat, Letek existentziaren kezkaren inguruan garatu du bere poetika’.

Egunetik-egunera orduen gurpilean lehenengo liburuak Remigio Mendibururen irudia zuen azalean, garai hartan batez ere Oteizaren eraginez arlo artistiko ezberdinetako sortzaileen artean zegoen harreman sakonaren isla. Irigarayk aipatzen duenez lehen liburu honetan ‘batzuk esaten dute gazte, landu gabe sumatzen dela, probokatzeko eta esperimentatzeko gogoarekin… hemen dagoen freskotasuna gero aldatzen joan dela esaten da, barnekoiago bilakatu arte, existentziaren kezkaz beteagoa. Zer esanik ez hurrengo lanetan nihilismoa dago presente, Egunsentiaren esku izoztuak azkenekoan ziko bat ixten den arte. Nik uste dut Leterengan konstante berak daudela hasieran eta bukaeran. Beharbada bukaeran badira beste faktore batzuk ere: galerarena, heriotzarena, Lourdesen heriotzarena batez ere. Faktore horiek Lete beste lurralde batzuetara eramaten dute baina beti ere bere existentziarekiko kezkarekin eta materialismoaren ikuspegitik, nahiz eta bukaeran oso tindatua izan izpiritualtasunaz eta erlijio konkretu baten erritualez’.

Egunsentiaren esku izoztuak atera zenean Letek denbora asko zeraman publikotik urrun. Liburuak harrera aparta izan zuen; Iruñean bat eta bakarra behar zuen errezitaldia egin ostean hunkiturik zegoen Lete, hamar errezitaldiko sortaren hasiera izan zen azkenean. Irigarayren ustez Letek azkenaldian bere betiko kezkak mantentzen zituen arren ziur aski ‘Egunsentiaren esku izoztuak’ lanarekin ziklo bat itxia zuen, zer edo zer ezberdina etorriko zen idazten ari zen testu berrietan. Leteri ez dizkiogu entzungo testu berri horiek, baina bada haiek antolatu eta argitaratzeko asmoa. Leteren poesia irakurleen gogoan iltzaturik dagoelako, musikaz eta ahots propio baten doinuaz.

‘Hegats’ monografikoa eta ‘Trukean’ liburua

Leteren lanaren inguruko gogoetak izango du jarraibiderik: Euskal Idazleen Elkarteak hari eskainitako Hegats aldizkari monografikoa kaleratuko du aurki, ekainean bertan. Bestetik Leteri buruzko Irigarayren hitzak jasoko ditu Literatura Eskolak paperean, itxi berri den ikasturteko beste eskola guztietako edukiekin batera. ‘Trukean’ deituko da bilduma, eta aurrerantzean Literatura Eskolako edukiak modu horretan argitaratuko dituzte, nahi duen orok eskura izan ditzan. Literatura Eskolako kideek adierazi dutenez ‘horixe du lantresna Literatura Eskolak. Trukea. Dakiguna elkarri erakustea, irakurri dugunari buruzkoak partekatzea, eztabaidatzea, jakintza banatzea. Literatura Eskolako kideon artean etenbakoa den gogoeta dinamikaren ondorioa duzue Trukean, Eako poesia egunak edota Literaturia izan diren legez. Aurrerantzean ere, literaturazale ororentzat aterpea izan gura duen Literatura Eskolan bildutakoa plazaratzeari emango diogu lehentasuna’. Larrabetzun antolatutako 3. Literaturian zabaldu dute ‘Trukean’.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>