Obabako Testiguak, literaturari buruzko irratsaio berria

Aurreko astean abiatu zen eta hamabostean behin eskainiko dute Info7 irratian

Literatura hizpide izango duen saio berri bat hasi da info7 irratian. Obabako Testiguak, hala du izena irratsaioak, Añorgako irakurle taldearen ekimena izan da eta hamabostean behin emitituko da, ostegunetan gaueko 22:00etan hasita. Martin Riella eta Peter Ostolaza izango dira saioaren gidariak. Duela bi aste eman zuten lehen saioa eta dagoeneko entzungai dago irratiaren web orrialdean. Hauxe esteka. Gaizki ez badugu ulertu behintzat, ostegun honetan izango dugu Obabako Testiguak saioa entzuteko aukera berri bat.


Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak duela sei bat hilabete sorturiko ekimenaren jarraipena baino ez da Obabako Testiguak irratsaioa. Añorgan bertan, hilero elkartzen dira irakurleak aurretik proposaturiko liburu baten inguruan eztabaidatzeko asmoz.

Duela gutxi, “irratira salto egitea pentsatu genuen”, diote igorri diguten idatzian. “Horretarako Info7 irratiarekin harremanetan jarri eta saioaren inguruan hitz egin genuen”, azaldu digute Martin Riellak eta Peter Ostolazak, saioaren gidariak. Hamabostean behin emitituko da Obabako Testiguak izeneko irratsaioa. Lehena urtarrilaren 17an emititu zuten, gaueko 22:00etan. Hurrena beraz, urtarrilaren 31n izango, ordu berean, eta Info7 irratiaren dialean entzun ahal izango da.

Batzuetan, idazle baten bueltan osatuko dute saioa. Kasu honetan, “gonbidatua da saioaren ardatz nagusia eta horrek hartzen du saioaren zati handiena”. Lehenengo saioan Ugaitz Agirre poeta gazte usurbildarra elkarrizketatu zuten.

Baina saio denak ez dira horrela egituratuko. Beste batzuetan, “gai konkretu bat izango da saioaren ardatz nagusia”. Honen harira, Beat belaunaldia jorratzekoak dira hurrengo irratsaio batean.

Liburuen kritikak ere aireratuko dituzte Info7 irratiaren uhinen bitartez. Hilabetean behin liburu baten kritika egingo dute. Beste tarte iraunkorrak hauek izango dira:

Mikroipuinak: hortik zehar (liburuetan zein Interneten) aurkitutako mikroipuin baten (ipuin motza) irakurketa. Lehen saioan, Benardo Atxagaren Obabakoak liburutik ateratako Heriotzaren ipuina irakurri zuten.

Kantu kontari: saio bakoitzean kanta bat aztertuko da. Letra edota kantariaren inguruko informazioa eskainiz. Lehenengo saioan, Silvio Rodriguezen “Playa Girón” kantua aztertu zen. Bigarren saioan, Ruper Ordorikaren “Berreziketaren zailtasunari buruz” kanta aztertzekoak dira (azpian da kantua entzungai).

Puntuka: Saio bakoitzean pertsona batek ipuin baten jarraipena idatzi eta irakurriko du. Lehen ipuinaren “puntua” Beñat Gaztelumendik emango du eta beste hiru pertsonek idatzi eta irakurriko dituzte heurek idatzitakoa ipuinari amaiera eman arte. Horrela, Lau mikroipuinez osatutako ipuina sortuko da lau saioetan zehar.

Nire kolkotik: kolaboratzaileek idatzitako testuak irakurriko. Kolaboratzaile bakoitzak esparru bat landuko du eta horren inguruan idatziko du beti.

Añorgako irakurle taldearen ekimenez hasi da Obabako Testiguak irratsaioa. Eta irakurle taldearen martxak ere bere arrastoa izango du saioan. Añorgan gertatutakoaz egingo da kronika txikia eta baita hurrengo liburua zein izango den adierazi ere.

Informazio gehiago jaso nahi duenak, edo irratsaioarekin harremanetan jarri nahi duenak, hementxe du e-posta helbide bat:  obabakotestiguak@info7.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Obabako Testiguak, literaturari buruzko irratsaio berria

  1. martin riella says:

    Milesker berria publikatzearren!! Segi fin!!

    Martin